NAIZ
Donostia

Gipuzkoako ehungintzaren mobilizazioek eman dute fruitua: hitzarmen berria izango dute

Hemeretzi greba egun eta urtebetez luzatu diren mobilizazioen ondoren, Gipuzkoako ehungintzaren sektoreak hitzarmen berria adostu du patronalarekin eta asteazken honetan sinatuko dute. Testuak 2010-2025 arteko indarraldia du eta, honenbestez, inflazioa aintzat hartuz, soldatak %14 eguneratuko dira.

Gipuzkoako ehungintza sektoreko langileek ekintza ugari egin dituzte azken urtean.
Gipuzkoako ehungintza sektoreko langileek ekintza ugari egin dituzte azken urtean. (ELA sindikatua)

Gipuzkoako ehungintzaren sektoreak amaitutzat eman ditu lan baldintzak hobetze aldera iaz abiatutako greba egunak eta mobilizazioak. Guztira hemeretzi greba egun izan dira, eta urtebete baino gehiago luzatu diren ekintzak eta mobilizazioak. Ordea, horiek guztiak asteazken honetan amaitutzat eman dituzte. Adegi eta Gipuzkoa Merkatariak patronalak mahai gainean egin duen proposamena onartu eta bi aldeek asteazken honetan sinatuko dute testua.

Albistearen berri ELAk eman du, negoziazio mahaian ordezkaritzaren %85 duen sindikatuak, alegia. Iturri hauen arabera, emaitza «mobilizazioaren fruitua» da. Erdietsi den hitzarmena «historikotzat» jo dute, beraz «pozik eta asebeteta». LABen ustez ere, akordioa ona izan da, eta positiboki baloratu du hitzarmena.

Sinatutako hitzarmenak 2010etik 2025era arteko indarraldia du, eta, besteak beste, soldata taulak %14,1 eguneratzea dakar, hau da, urte horietako inflazioaren batura. Gainera, 2022tik 2025era bitarteko soldata igoerek urte horietan guztietan erosahalmenari eustea bermatuko dute.

Zehazki, 2022an igoera %4,5ekoa izango litzateke eta aurten %5ekoa. Datorren urtean, 2023ko KPI gehi %1,4koa izango litzateke igoera eta 2025ean, 2024ko KPI gehi %1,4koa.

Halaber, salmenta prozesu berrien ondoriozko funtzioen eta zereginen gehikuntza aintzat hartuko du hitzarmenak, gehienak digitalizazioaren ondotik sortuak. Hala, «konpentsatzeko plus berri bat» sortu da, hilean 100 euro gehiago gehituz.

Astelehenetik larunbaterako lanaldiaren banaketa arautuko da era berean, igandeak eta jaiegunak atseden egun gisa bermatuz, «langileen kontziliazioa bermatzeko».

ELAk ohar bidez eman ditu xehetasunak eta zehaztu du «orduak kontsolidatzeko klausula bat ere gehitu» dela. «Horren bidez, langileek urtean egindako lanaldi luzapenen batez bestekoa kontsolidatuko dute».

Sindikatuaren arabera, sektoreak bizi duen «gehiegizko partzialtasuna konponduko da»: 20 urtetik gorako antzinatasuna duten langileak, 18 orduko kontratuak dituztenak, lanaldia etengabe luzatzen dutenak baina lanaldia handitzeko aukerarik ez dutenak.

Gainera, eremu funtzionala zabaldu egin da, ehungintzako merkataritzako enpresek eta plataforma digitalek ere hitzarmen hori aplika dezaten, bai eta online bidezko salmenta prozesu bateko edozein zeregin egiteko kontratatutako pertsona guztiek saltzaile kategoria izan dezaten ere.

LAB ustez «akordio ona»
LAB sindikatuaren iritiziz akordio ona da, «ospatzeko akordioa». Soldata-eskalekin amaitzen da, erosteko ahalemena bermatzen du, eta, batez ere, «arnasa hartzeko eta sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko antolatzen jarraitzeko aukera» ematen duela adierazi du LABek ohar baten bidez.

Hitzarmena ez dela «ekonomikoa soilik» adierazi du sindikatuak, eta egindako bestelako aurrera urratsak balioan jarri ditu.