Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Agurtzane Intxaurraga
Antzerki zuzendaria

«Animaliak humanizatzen eta gizakiok animalia izaera hartzen dugun gizartean bizi gara»

‘Toto’ obra estreinatuko du igandean Agurtzane Intxaurragak. Antzerkiaren oinarrira jo nahi izan du, biluztasunera. «Istorio eta aktore onak edukitzea da gakoa, gainontzekoa lagungarria bai, baina ez da beharrezkoa» bere esanetan. Miren Gojenola eta Asier Hernandez ikusiko ditugu aurrez aurre.

Miren Gojenolak eta Asier Hernandezek jokatuko dituzte pertsonaia protagonistak, Mai eta Joxelu.
Miren Gojenolak eta Asier Hernandezek jokatuko dituzte pertsonaia protagonistak, Mai eta Joxelu. (OTSABI)

«Amatasun sena piztu nahi nizulako oparitu nizun Toto! Baina txakurrarekin egon garen urte guzti hauetan animalia sena baino ez zaizu piztu», bota dio Joxeluk Mairi.

«Zuk gehiago sufritzea nahi dut», aitortu dio Maik Joxeluri. «Gehiago?», hark. «Bai, gehiago sufritzea. Askoz gehiago», bueltan Mairen erantzuna.

Bikote baten hausturaren ondorengo errautsak ikusiko ditugu antzezlanean. Bi galera, harremanarena batetiik, bikotekideek partekatzen duten txakurrarena, Totorena, bestetik. «Txakurraren galera eta bikotearen desintegrazioaren arteko paralelismoa erakusten du. ‘Zergatik gertatu da hau guztia? Zer egin behar dut nik orain txakurrik gabe? Zer gertatu zaigu’?», dio.

«Minetik dator Mairen erantzuna. Zer esaten duen pentsatu gabe. Arrazonamenduak ez dauka tokirik, tripak bakarrik jartzen dira mahai gainean. Ikuslea une batzuetan deseroso ere senti daiteke, ‘nik zer egiten dut eztabaida honen erdian?’, galdetuz bere buruari», kontatu du Intxaurragak.

«Nahiago nuke Totok bezala zaunka egin eta zoriontasunez saltoka ibili. Nahiago nuke goizero zu miazkatzeko eta zure hankartean igurzteko gogoa izango banu. Nahiago sagastian zehar korri egin eta lokatz artean zikinduz gozatuko banu. Nahiago bera bezain esker onekoa izango banintz, bera bezain adeitsua, azkarra. Nahiago berak bezala begiratu ahalko banu, Totok begiratzen ninduen bezala begiratu ahalko bazintut, eta maite ninduen bezala maite ahalko bazintut. Nahiago nuke gizatasunetik baino, animalia izaeratik gertuago banengo», egingo du hausnarketa Maik.

«Animaliak humanizatzen eta gizakiok animalia izaera hartzen dugun gizartean bizi gara. Gure arteko harremanak nahiko basatiak bihurtzen dira indibidualismoaren eraginez. Maik berak onartzen du, ‘nahiago nuke animalia izaerara gehiago hurbildu. Baldintza gabe maitatzen zaitu, ez zaitu zalantzan jartzen’... eta gizakiok gero eta gehiago hikamikan gabiltza ala ondokoa zalantzan jartzen. Hau da gaur egungo errealitatea gure herrietan, umeak ez dira jaiotzen egoera sozioekonomikoagatik eta batzuen aukera bada hutsunea animalia batekin betetzea. Azkenean etxeko errege bihurtzen da. Hori guztia da obrak agerian jartzen duena».

‘Tarara’ –zuzendari onenaren bi sari eskuratu ditu– eszenara eraman ondoren muntaia txikiagoaren aldeko apustua egin du Intxaurragak. «Iruditu zitzaidan zerbait txikiagoa egin behar genuela, hasiera batean Euskal Herrian mugitzeko. Ikus daiteke antzokian baina baita herri txiki bateko kultur etxean ere, aurreko lanekin iritsi ezin izan dudan lekuetara iristeko. Zerbait handia egiten duzunean, hurrengoan txikiagoa nahi duzu. Horrekin batera, bada gauza bera ez egiteko nahia ere», azaldu du.

Mafalda Bellidoren ‘Chucho’ lana ekarri dute euskarara. La Zafirina konpainiarekin estreinatua eta hainbat sari jasoa zen. «Duela hiru bat urte ezagutu nuen. Testua oso erraz irakurri nuen eta berarekin hitz egitean esan zidan oso ondo funtzionatu zuela; berme horrekin aurrera egitea erabaki genuen», dio.

Tragikomedia

Kepa Errastik hartu zuen testua itzultzearen ardura. Tragikomedia da ‘Toto’. «Antzerki soziala egiten dugunean gehiago lantzen ditugu gaiak ikuspuntu dramatiko batetik. Kasu honetan komedia kutsua daka, desberdina da. Komedia metafisikoa da, hausnarketa sakonak egiten dituena. Metafora asko erabiltzen ditu eta aldendu egiten du komediatik, beste hausnarketa batzuetara eramaten zaitu», argitu du.

«Bada antzerkira bere buruhausteak ahaztutzera joan nahi duenik baina nik antzerkiari beste gauza bat ere eskatzen diot. Izan ere entretenitzeaz gain laguntzen dizu munduari beste ikuspuntu batetik begiratzen, modu artistikoagotik, kritikoagoatik, eta batez ere laguntzen dizu enpatizatzen besteen arazoekin edo besteen munduekin. Kasu honetan neuk ere neure buruari erronka hori jarri nion, ‘ama izanda gai izango nintzen txakur bat umea baino gehiago maitatzen?’. Txakurrak karrotxoan paseatzen ikustean planteatzen dituzunak. Norberak egiten du hautua nola bizi emozioak».



Irakurri zuenean konfliktoa sortu zitzaion. «Gero eta gehiago gizakion ezinbesteko adiskideak ari gara bihurtzen animaliak. Askotan gehiegi eta guzti, segun ze ikuspuntutik ikusten duzun, batez ere txakurrei dagokienean. Askok umea ez, txakurra izateko hautua egiten du, oso zilegia izan daitekeena. Istorio hau gaur egungo gizarte modernoaren isla da. Kanpotik begiratuta barregarriak baina bikotearentzat tragedia hutsa diren egoerak jasotzen ditu. Bitxia irudi zitzaidan obra, jendeak barre egingo du, jendea emozionatuko da...bakoitzak bere modura biziko du», esan du.

Txakurraren izena bera, Toto, adostasun ezaren isla da. «Izena jartzerako orduan ezin adostasunik lortu eta Totorekin geratu zen. Haur hizkeran txakurra izendatzeko erabilia da».

Antzerkiaren oinarria

Antzerkiaren oinarrira jo nahi izan du Intxaurragak. Istorio biluzira. «Istorio eta aktore onak edukitzea, hori da oinarria. Beste geruzak, eszenografia eta, lagungarriak izango dira baina ez beharrezkoak. Eszenografia oso sotila da. Aurreko bi obretatik –‘Tarara’ eta ‘Tonbola’– aldendu nahi izan dut, haietan eszenografiak pisu handia du eta dramaturgiaren parte handia da; hemen ez».

Mafaldaren testuak oso zuzena da momentu batzuetan eta irudiz josita dator besteetan. «Apustua izan da elkarrizketen abiadura aktoreentzat. Eztabaidaren beroan, pentsatu gabe, datozkigunak botatzen dituzte. Esfortzu handia eskatu die aktoreei, testua metraileta bezala bota behar dutelako. Emakumea aztoratuta dago, filtrorik gabe ari da hizketan une batzuetan eta estilo hori topatzea erronka izan da. Gainera, publikoak biekin enpatizatzea bilatu dugu».

34 urteko ibilbidea

34 urte beteko ditu Hika Teatroak maiatzean. «Artistikoki oso momentu onean gaude, konpainiak prestigioa dauka. ‘Azken ekoizpenak ondo joan dira publiko eta kritika aldetik. Baina konpainia baten egunerokotasuna zaila da, beti ezinegonean gaude. Gizarteak kultura non kokatzen duenari lotuta dago. Orain estreinu piloa dago eta nahiz asko gustatu gure obra horrek ez du esan nahi 60-100 emanaldi egingo ditugunik. Ez, aldiro emamnaldi bakoitza lortzea lan izugarria da. Prekarietateak izugarrizko eskaintza ekarri du eta publikoak ezin du xurgatu ekoizten den guztia. Enpresarialki kostata ari gara aurrera egiten», egin du hausnarketa.

«Nire asmoa beste hamar urte betetzea da baina pandemiaren ondoren epe luzeko planak egitea zailago gertatzen zaigu. ‘Tarara’ oso ondo joan da hemen baina Estatuan sartzea zaila egiten ari zait. Ikuskizun handia da, cachet altua du, eta takilara joatea eskaintzen didate baina ezin dut, ikuslegoak behera egin du-eta. Ez da sektore erraza, beste batzuk ere ez, baina kultura ez da zoritxarrez gure herri honetan lehen beharra, nonbaitetik kendu berhar denean, gizarteak berak ere bai zoritxarrez, aisialdiari kentzen dio horri lotzen zaiolako kultura, entretenimenduari bakarrik, ez behar emozionalari. Kulturak asko laguntzen du emozioak kudeatzen, falta handia dugu horrena. Nahiago dugu sikologoarengana joan -ez diot ez denik behar– baina denok kontsumituko bagenu kultura gehio gizarte sensibleagoa eta enpatikoar eta kolektiboagoa izango litzateke», azpimarratu du.

Aurrera begira, «etorkizuna ez dakit nola etorriko den, borrokatzea tokatuko zaigula, hori seguru», esan du.