NAIZ

Hirekin berrikuntza eta ekintzailetza zentroaren lehen harria jarri du MUk

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak gidatutako proiektua da Hirekin. Ia zortzi milioi euroko inbertsioa egin dute, eta 2024aren erdialderako bukatzea espero dute. Industriaren deskarbonizazioa du xede, ekintzailetza, digitalizazioa eta jasangarritasuna oinarri hartuta.

Hirekin eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldi sinbolikoa egin dute unibertsitatean.
Hirekin eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldi sinbolikoa egin dute unibertsitatean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Industria sektore jasangarri eta digitalizatuagoa izateko helburuarekin hasi da Mondragon Unibertsitatea Hirekin berrikuntza eta ekintzailetza industrialeko zentroa eraikitzen. Konpromiso horren erakusgarri, eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldi sinbolikoa egin dute astelehen honetan, unibertsitatean.

Proiektu horren bidez, industriaren eta teknologia sektorearen deskarbonizazioa sustatuko du MUko Goi Eskola Politeknikoak. Horretarako, ondoko jarduerak bultzatuko ditu: ekintzailetza, ikerkuntza eta hezkuntza, eta lankidetzako eredu irekia.

Ia zortzi milioi euroko inbertsioa egin dute, eta 2024aren erdialderako eraikina prest egotea espero dute.

Lankidetzarako gune bat

Goi Eskola Politeknikoaren zentro berria Arrasateko Uribarri auzoan egongo da, eta, dagoeneko hasiak diren obrei esker, lankidetzarako gune bat sortuko da enpresa, ekintzaile, ikertzaile eta ikasleentzat, industria eraldatzeko eta beste eredu aurreratu eta jasangarriago bati erantzuteko lanean jardun dezaten.

Jendarteari irekitako espazioa izango da Hirekin, non berrikuntza eta ekintzailetza teknologikoa bultzatuko diren beste enpresa eta eragile batzuekin, industriaren eraldaketa jasangarria eta bidezkoa helburu hartuta. Hala, egungo industriaren isurtzeak gutxitzeko irtenbide berriak bilatuko ditu zentroak, baita ingurumeneko helburuekin bat datozen jarduera ekonomiko berriak sustatu ere.

6.000 metro karratu izango ditu eraikinak eta industria espazio handi bat eskainiko du, prototipoak, simulazioak eta esperimentuak egiteko ekipamenduz hornitua. Halaber, lantegi eta zenbatze-gelak izango ditu, eta baterako sorkuntzarako guneak eta bilera gelak ere bai.

Proiektuko eragileek erabilgarri izango dituzte unibertsitateak bere laborategietan eta beste egoitza batzuetako lantegietan dituen industria ekipamenduak. Modu horretan, baliabide gehiago jarriko dira Hirekinen eta industria eraldaketaren zerbitzuan.

Honakoak dira Hirekin aurrera eramateko Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean ari diren erakundeak: Mondragon, Saiolan, Ikerlan, Fagor taldea eta Gizabidea fundazioa, Debagoieneko Mankomunitatea, Isea, Galbain eta Garaia Parke Teknologikoa. Dena dela, proiektu irekia izanik, erakunde eta enpresa gehiagok bat egitea nahiko lukete.

Urbanizazioa eta jasangarritasun ziurtagiria

Hirekin zentroaren eremua berriz urbanizatzeko lehen faseak hiru milioi euroko kostua izan du, eta bukatuta dago ia. Eremuko trafikoa erraztuko duen biribilgunea eginda dago jada, eta laster irekiko da biribilguneko irtenbide berria, trafikoa ibai aldera bideratuko duena. Urbanizazio proiektuak berekin dakar 48 zuhaitz landatzea eta berdeguneak lorategi bihurtzea.

Eraikinak eraikuntza jasangarriaren ERAS ziurtagiria eskuratuko du. Izan ere, material berrerabilgarriak eta biodegradagarriak erabiliko dira, eguzki plaka, energia efizientzia hobetzeko sistema adimendun, ur efizientziarako eta ur zikloa ixteko irtenbide eta inguruko industria instalazioetako beroa berreskuratzeko sistemekin batera.

Lehen harria jartzeko ekitaldian izan dira, besteren artean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia; Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea; Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea; Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburua; eta Teresa Riesgo Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko idazkari nagusia.