NAIZ

Lutxo Egia eta Iñigo Coboren antzerki obrak nagusitu dira Cafe Bar Bilbao sariketan

Lutxo Egiaren ‘Hamalau’ eta Iñigo Coboren ‘Canciones tristes para gente alegre’ gidoiek jaso dute XX. Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko Saria.

Iñigo Cobo, Mikel Martinez eta Lutxo Egia, Cafe Bar Bilbao sariketan.
Iñigo Cobo, Mikel Martinez eta Lutxo Egia, Cafe Bar Bilbao sariketan. (CAFE BAR BILBAO SARIKETA)

Lutxo Egiaren ‘Hamalau’ antzerki obra, euskarazko kategorian, eta Iñigo Coboren ‘Canciones tristes para gente alegre’, gaztelerazkoan, nagusitu dira Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko Sariaren XX. edizioan.
Sariaren izena daraman lokalak eta Tartean Teatroak antolatzen dute sariketa eta, ostegun honetan Bilboko lokalean egin duten sari banaketan azaldu dutenez, aurten hemezortzi gidoi jaso dituzte, zortzi euskaraz eta hamar gazteleraz. «Aukeraketa zaila izan da, aurkeztutako gidoien kalitate handiagatik», nabarmendu dute.

Lutxo Egiaren ‘Hamalau’ izan da saritua euskarazko lanen artean. Egia ezaguna da kulturgintzaren esparruan, hainbat eleberri eta saiakera idazteaz gainera performancearen eta poesiaren munduan ere ibilia baita. Egun, BIRA Kulturguneko kudeaketa lanetan dabil. Sariketan azaldu dutenez, ‘Hamalau’ obraren izenburuak hamalaugarren solairu batean jazotako gertaera bati egiten dio erreferentzia: oholtzan notario bat, terraza batean, bere bezero baten suizidioa egiaztatzen ari da.

Aurkezpenean azaldu dutenez, «absurduaren baitan koka genezakeen komedia da euskarazko gidoi irabazlea. Ez da suizidioari buruzko lan bat, testuinguruan hura egon arren. Giza-kondizio korapilotsuari begiratzeko nahi bat dago egilearen hitzetan, alde biri bereziki: alde suntsitzailea eta alde autosuntsitzailea».

Nabarmendu dute, baita ere, hau ez dela Egiak Cafe Bar Bilbao saria eskuratzen duen lehen aldia, 2016an ere jaso baitzuen, eta Cobok ere bigarren aldiz eraman du, 2017an irabazi ostean.

Zinematik antzerkira

Iñigo Cobok bere ibilbidea zinemari lotuta egin badu ere –Saturzine jaialdiko sortzailea eta egungo zuzendaria da–, azken urteetan antzerkigintzan murgilduta dabil. Besteren artean Ramon Barean zuzendutako ‘Ubú finantza erregea’ (2020) antzezlanean zuzendari laguntzaile gisa aritu zen Pabellon 6 konainiaren ‘Todo saldrá bien’ (2020) eta ‘Rey desnudo y chico muerto’ obren zuzendari izan zen. Azkenaren kasuan, gidoia ere berea da.

‘Canciones tristes para gente alegre’ lan irabazlean urteak atzera harreman afektiboa izan zuten bi lagunen topaketa kontatzen du. «Antzezlan arina, dramatik aldegiten saiatzen dena, umoretsua batzutan eta xamurra betiere. Pertsonaiak  saiatuko dira onartzen haien arrakastak eta porrotak», nabarmendu dute.