Baikok jakitera eman duenez, Jon Mariezkurrenaren eskuin eskua ez da erabat osatu eta Berriozarreko atzelaria ez da ostiralean Hendaian iragarritako partida jokatzeko moduan izango. Igandean gauzak horren ondo egin zituen Iosu Eskirozek hartuko du titularraren lekua Laso-Imazen aurka jokatzeko eta hortaz, beste aukera bat izango du bere maila erakusteko. Hori bai, ez da azterketa erraza izango, Hendaiako Belzeniako kantxa zirkuituko azkarrenetako bat da eta bertan jokatutako lehiak beti izaten dira arriskutsuak.
Aurreko astean Promozioko partida asteazkenean aurreratuta jokatu zuenez, Eskirozek ez zuen txapelketa honetako bere lehia jokatu gabe utzi beharrik izan, baina oraingo honetan larunbatean zen jokatzekoa, Iruñeko Labriten eta bere lekua Uriondok hartuko du, Larrazabalekin, Agirre-Salaverriren aurka aritzeko. Bikote honetan Iztueta da atzelari titularra, baina igandean Etxebarrin partida ikaragarri luze eta gogorra jokatu ostean, tolosarra ere ez da kantxaratzeko moduan izango. Hendaian bertan ere, Dariok hartuko du Expositoren lekua Promoziokoan, Bikuñarekin Salaberria-Oier Etxeberriaren aurka aritzeko.
Elordi bueltan
Horiexek dira, momentuz, jardunaldi honetarako aurreikusten diren aldaketa bakarrak, astean zehar kontrakorik esan ezean, Aitor Elordi bueltan izango baita larunbatean Labiten Peio Etxeberria-Rezustaren aurka aritzeko. Aurreko jardunaldian jokatzeari uko egin zion eta Irribarriak ederki bete zuen Urdulizen haren hutsunea, baina mallabitarra osatuta dago eta larunbatean bonboneran egongo dela iragarri du bere enpresak.