NAIZ

Metalgintzako sindikatuek Lakuaren proposamena errefusatu dute, eta negoziatzen jarraituko dute

Bizkaiko metalgintzako hitzarmena negoziatzen jarraituko dute datorren ostiralean. Astelehen honetan Lakuako Gobernuak egin duen proposamena errefusatu egin dute sindikatuek, astelehen honetako bileran.

Bizkaiko metalgintzako langileen mobilizazioa.
Bizkaiko metalgintzako langileen mobilizazioa. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bizkaiko metalgintzako sindikatuetako, patronaleko (FVEM) eta Lakuako Gobernuko ordezkariek bigarren bilera egin dute astelehen honetan Bilbon. Aldeen arteko desadostasunak aztertzen jarraitu dute, baina Lakuak egindako proposamena errefusatu dute sindikatuek.

«Eusko Jaurlaritzak proposamen bat jarri du mahai gainean, baina ez da nahikoa. Lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dugu eta datorren ostiralean elkartuko gara berriro», adierazi dute gehiengoa duten CCOO, LAB eta UGT sindikatuek.

ELAk ere proposamena baztertu du. Ohar baten bitartez adierazi duenez, proposamenak «ez du bermatzen urtero eta sektore osoarentzako KPIren igoerarik». Gauzak horrela, ELAk uste du greba berriz aktibatzeko momentua dela, «patronalak nabarmen hobetu dezan azaroaren 25ean egindako proposamena».

Bestalde, patronalak ez du momentuz Lakuak planteatutakoa baloratu nahi izan, eta, Europa Pressek kontsultatutako patronalaren iturriek adierazi dutenez, proposamena aztertuko dute, eta, hasiera batean, hurrengo bileran emango diote erantzuna. Hau urtarrilaren 27an da arreikusita, ostiral honetan beraz, 10.00etan.

Lakuak bitartekaritza-prozesu batera deitzea erabaki zuen duela aste batzuk, sindikatuek eta patronalak konponbiderik gabeko desadostasunak zituztelako, sektorean 2022an hamaika greba egun egin ondoren.

50.000 langile inguru dira afera honek inplikatutakoak Bizkaian.