NAIZ

Onkologikoan aurrerapenak onartu arren, protestei eutsiko diete momentuz Donostialdeko ESIan

Elkarretaratzeak egiten jarraituko dute Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuan, aurreko astean Osakidetzarekin egindako bileraren ostean, baina zenbait aldarrikapen bideratzen ari direla onartu dute, Onkologikoari dagokionean bereziki.

Zerbitzu-buru eta gainerako profesionalek, aurreko elkarretaratze batean.
Zerbitzu-buru eta gainerako profesionalek, aurreko elkarretaratze batean. (Jagoba Manterola | Foku)

Donostialdeko ESIan batzarra egin dute astelehen honetan, lehen orduan, aurreko asteazkenean Osakidetzako zuzendaritzarekin beren aldarrikapenen inguruan egindako bilera baloratzeko. Bileraren balorazio ona egin dute, baina adostutakoa gauzatu bitartean protesta elkarretaratzeekin jarraitzeko erabakia hartu dute.

Ospitaleko atarian egindako adierazpenetan, Adolfo Lopez de Muniain Donostia Ospitaleko Neurologiako buruak azaldu du beharginek astelehen honetan egindako batzarrean erabaki dutela elkarretaratzeekin jarraitzea. Orain, zerbitzuburuen helburua da pasa zen asteazkenean Osakidetzako zuzendaritzarekin egin zen bileran lortutako akordio-printzipioak garatuko direla ziurtatzea. Horretarako, bileraren akta onartu beharko du zuzendaritzak, bertan jasotzen baitira zerbitzuburuen aldarrikapenak.

«Bidalitako akten feedbacka jaso arte kontzentrazioei eustea erabaki da. Akta horiek hitz egindakoa jaso eta planteatutako gaiak ebazteko mekanismoak proposatzen dituzte», berretsi du Lopez de Muniainek.

Azaldu duenez, asteleheneko batzarrean hiru batzorderen edo lantalderen sorrera bozkatu eta onartu da, ESIko ordezkarien partaidetzarekin: bata kalitatekoa, bestea Giza Baliabideetakoa eta bestea ebaluaziokoa.

Donostia Ospitaleko Neurologiako buruak txalotu du Osakidetzak joan den asteazkeneko bileran onartu zuela Donostialdeko ESI zerbitzuko buruek planteatutako «arazoak» «benetakoak» direla, eta, beraz, «itxaropentsu» daudela esan du.

Ezagutza duen zuzendaritza

Zerbitzuburuen eskaera «garrantzitsu» bat, Lopez de Muniainek adierazi duenez, Donostia Ospitalea zuzenduko duen pertsonak zentroa «ezagutu» behar duela. «Egoera dagoen bezala, oraindik ez dago pertsonarik ospitaleko zuzendaritza medikoa bere gain hartzeko prest, eta aukera desberdinak aztertu ditugu Osakidetzarekin», adierazi du.

Bere iritziz, kontu hau «oso garrantzitsua» da, ospitale handi bat «transatlantiko bat bezalakoa baita, eta une honetan geldirik dago». «Orain itsasoa bare-bare dago, baina osasun-gaietan badakigu itsasoa harrotu egin daitekeela eta zuzendaritza-talde osoa errendimendu betean edukitzea komeni dela», esan du.

Testuinguru horretan, adierazi du Osakidetzako zuzendaritzari planteatu diotela «kargugabetutako zuzendariek beren ezagupen eta merezimenduekin bat datorren postua izan dezatela zuzendaritzan».

Aurrerapenak Onkologikoan

Onkologikoari dagokionean bereziki aurrerapenak ikusten dituzte, bilera horren ostean eta jada ematen ari diren urratsetan. Osakidetzan gertatzen ari den integratze prozesuan Donostialdeko ESIan sartuko dela jakinarazi die zuzendaritzak, eta ondorioz Gipuzkoan minbizia duten lagunak hobeto artatuko dituztela txalotzen dute. Onkologikoaren langileak Osakidetzan sartuko dituztela ere badirudi, eta alde horretatik pozik dira profesional hauek.

«Azaldu zitzaigun Onkologikoko laguntza-planak Donostialdeko ESIarekin kontatuko duela», berretsi du Lopez de Muniainek. Azaldu duenez, «eraikinean minbiziaren kudeaketarekin zerikusia izango duen zati bat egongo da» eta «ikusteko dago prototerapia zati horren edo Donostialdeko ESIaren mende egongo ote den».

Enplegu Lan Eskaintza

Beste aldarrikapen nagusietako batean, ordea, aurrerapen handirik ez dute ikusi: Enplegu Lan Eskaintzarena da. Abiatu den azkena okerra dela berretsi dute Donostialdeko ESIko zerbitzuburu eta langile hauek. Hala ere, horren ondorioz gabeziak egiaztatuko balira, «ez kezkatzeko, konponduko dutela», esan omen die Osakidetzako zuzendaritzak.

Bestalde, Nafarroan zeresan handia ematen ari den esklusibitatearen aferaz galdera luzatu diote Jon Zabaleta eledunari Radio Euskadin. Honek esan duenez, iritzi ezberdinak daude profesional hauen artean, baina berea oso argi azaldu du: zerbitzu-buruek behintzat ez luketela osasun sistema pribatuan aritu beharko adierazi du, eta kontrakoa pentsatzean «nere buruak eztanda egiten du. Guztiz bateraezina dela uste dut».

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria ere mintzatu da esklusibitatearen inguruan. Adierazi du gustatuko litzaiokeela funtzionario publiko guztiek «beraien jardueran zerbitzu publikoaren esklusibotasuna» izatea. «Hortik aurrera, kontuan hartu behar da hitz egiten ari garenaren konplexutasuna, kolektibo jakin batzuen esklusibotasunari dagokionez», gaineratu du.

Esplikatu du kontuan hartu behar direla Osakidetzako langileen «estatutupeko langile» izaera, «desberdina» baita, eta 2007ko erregulazio-akordioa.

«Espero dut ekimen politiko parlamentarioa duenak kontuan hartuko dituela 2007an lortutako akordio sozialak ere», adierazi du Urkulluk, eta gaineratu, Osasun sailburuak adierazi bezala, «ez duela uste eztabaida hori komenigarria denik».

Urkullu: «Diskretuagoa izatea gustatuko litzaiguke»

Donostialdeko ESI zerbitzuko profesionalek eta buruek protestei eusteko asmoa iragarri ostean, Urkulluk adierazi du Lakuak arazoa konpontzeko «ahalegina» egingo duela.

Nabarmendu du Osasun saila nahiz Osakidetzako zuzendaritzak «lehen egunetik, abenduaren 5etik» harremanetan daudela Donostialdea ESIko profesionalekin. Iritzi dio, halere, elkarrizketa hauek publikoegiak izaten ari direla eta zenbait aldarrikapen ez direla Donostialdeko ESIra zedarritzen: «Elkarrizketa-prozesu bat da, etengabeko komunikazio-prozesu bat da egiten ari garena, izaten ari dena baino diskretuagoa izatea gustatuko litzaiguke. Aldarrikapen batzuek egiturazko izaera dute, Donostia Ospitalea edo Donostialdeko ESIa gainditzen dutenak».

Pasa den asteazkeneko bilerak emandakoaren inguruan mintzatu da Urkullu ere, gogoraraziz «Donostialdeko ESI benetan ukitzen duten gaiak zein diren eta egiturazkoak zein diren» identifikatu zituztela bertan. «Eta hori elkarrizketa-prozesu iraunkor batean landu behar da, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoarekin, dela Osasun Sailetik, dela Osakidetzako zuzendaritza nagusitik», adierazi du.