NAIZ

Elkarretaratze jendetsuak egin dituzte Bortzirietan, osasun zerbitzu duina exijitzeko

Ortzegun honetan Bortzirietako bortz herrietan elkartu dira herritarrak «osasun zerbitzu duina aldarrikatzeko eta aunitz luzatzen ari den eta denborarekin okerrera doan arazo bat salatzeko». Abiatu duten dinamikak segida izanen du: hilabetero bilduko dira medikuarenera joateko eskubidearen alde.

Lesakan egin duten kontzentrazioa, «osasun zerbitzu duina» aldarrikatzeko.
Lesakan egin duten kontzentrazioa, «osasun zerbitzu duina» aldarrikatzeko. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Arazoa aspalditik heldu da, baina azkenaldian giroan nabari da: jendearen arteko elkarrizketetan, karriketako karteletan eta, jakina, Lesakako osasun zentroko eta Bortzirietako gainerako herrietako kontsultategietako martxan. Nafarroako Gobernuari bidaltzeko erreklamazio orriak betetzen ari dira herritarrak osasun langileek hala eskatuta, eta plataforma batean antolatu eta lehendabiziko elkarretaratzeak egin dituzte ortzegun honetan. Ez dira aurreneko protestak, erran bezala egoera tamalgarri hau ez da gaur goizekoa eta sasoi batean asteazkenero bildu ziren Lesakako osasun zentroaren aitzinean.

Ilunabar honetan, Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantzan elkartu dira, guztietan ordu berean, 18.30ean, «osasun zerbitzu duina» aldarrikatzeko eta «aunitz luzatzen ari den eta denborarekin okerrera doan arazo bat» salatzeko. Izugarria izan da parte-hartzea, herri guztietan. «Medikuek artatuak izateko eskubidea herritar guztiok dugu. Herri guziek behar dute osasun sistema duina, hiri handiek nahiz herri ttikiek», erran dute.

Berako elkarretaratzea, Mukixu zubian. (Bortzirietako Osasun Plataforma)

Orain dela aste batzuk Bortzirietako osasun zerbitzuen zuzendaria zenak, Ruth Gonzalezek, dimisioa aurkeztu zuela oroitu dute, «egoeraren larritasunaren adierazle». «Osasun langileen gain lan bolumen eta presio handia dago; ezin dira iritsi eta, hori gutti balitz bezala, euren gain jarri nahi dute ardura guzia», ohartarazi dute.

Epe laburrean ez da soluziorik ageri

Urte hasieratik Lesakako osasun zentroan zentralizatua dago medikuen zerbitzua, hau da, bertze lau herriak sendagilerik gabe daude euren herriko kontsultetan eta aurrez aurre egoteko beharrezkoa dute Lesakara mugitzea. Kontuan izan behar da ez dagoela bortz herriak lotzen dituen inongo garraio publikorik eta adineko pertsonak direla mugitzeko traba gehien dituztenak eta, aldi berean, osasun zerbitzuaren behar handiena dutenak, nahiz eta «ez molestatzeagatik» sarritan minak jasan, Gonzalezek berak NAIZi elkarrizketan azaldu dionez.

Zazpi mediku eta erdi beharrean egunaren arabera hiru edo lau baino ez dituzte 8.500 biztanleko eskualdean. Gainera, pediatrarik gabe daude eta 1.300 haurren arreta ere familia medikuek egin behar dute.

Etxalarko mobilizazioa, herriko plazan.

«Zoritxarrez, ez da epe motzeko soluziorik ikusten, adabakiak jartzeko saiakerak bakarrik. Arazo hau, tamalez, eskualde osoan dagoen arazoa da, Nafarroako landa eremuko herri gehienetan dagoen arazoa. Zerbitzurik gabe herriak ezin dira bizi. Izan ere, zerbitzu duinak izateak herriak bizirik mantendu eta herritarrak bertan gelditzea ahalbideratzen baitu», azaldu dute protestan.

Bi eskari zehatz

2008an Nafarroako Gobernuak Lesakako osasun zentroa handitzeko plana diseinatu zuela oroitu dute. Iaz berritu zuen proiektu hura, epe laburrean gauzatzeko asmoarekin. Handitze horrek dauden zerbitzuak egonkortu eta berriak martxan jartzeko aukera emanen lukeela baloratu dute.

«Egoera honek badu soluzioa. Borondate politikoa egonez gero, konpondu daiteke. Konpondu beharra dago», azpimarratu dute herritarrek.

Arantzan ere jende andana atera da karrikara protestan. (Bortzirietako Osasun Plataforma)

Bi eskaera egin dituzte: «Osasun arloko profesional gehiago jartzea, zerbitzu duin bat jaso ahal izateko, eta osasun azpiegiturak hobetzea eta egokitzea, behar diren zerbitzuak eman ahal izateko. Horretarako beharrezkoa da Lesakako osasun zentroa handitzeko plana behingoan garatzea, dauden zerbitzuak emateko nahiz berriak ekartzeko».

Igantziko kontsultategiaren aitzinean elkartu ziren herritarrak. (@LABosasunbidea)

Iragarri dutenez, ortzegun honetan hasi duten mobilizazio dinamika honek jarraipean izanen du eta hilabetero bilduko dira. Oinarrizkoa den zerbitzu publiko hau modu duinean jasotzeko eta medikuarengana joateko eskubidea aldarrikatuko dute.