«Naroa ezagutu nuen egun horrek ez du hitzik niretzat»
Abenduaren 28an, Gipuzkoako Foru Aldundiak zazpi umerentzat premiaz harrera familiak behar zituztela adierazteko agerraldia egin zuen. Herrialdean 403 haur eta gazte 350 harrera-familiatan bizi dira. Duela lau urte, Lorea Kortabarria arrasatearrak zortzi urteko neskato bat hartu zuen harreran.
Otsailaren bukaeran lau urte beteko dira Lorea Kortabarriak harrean duen Naroa ezagutu zuenetik. Zortzi urte zituen. Baina, «etxera modu iraunkorrean bizitzera maiatzaren hasieran etorri zen». Pausoz pauso garatuz joan zen prozesu hori, are gehiago, hasieran, Naroak ez zuelako harrera familia batekin egon nahi. Harrera egonkorrean dago, 18 urte bete arte, baina Kortabarriak azaldu duenez, «bere gurasoek aurrerapauso ikaragarriak egin dituzte epe honetan». Oso gaztetik argi zuen harrera familia izan nahi zuela eta bere esperientziaz eta asko ezagutzen ez den errealitate honetaz mintzatu da GARArekin.
Zerk bultzatu zintuen harrera familia izatera?
Hamabi bat urte nituenean, ahizpak mutiko bat adoptatu zuen. Hiruzpalau urte zituela iritsi zen gure etxera. Oso ederra iruditu zitzaidan eta hunkitu egin ninduen. Zergatik? Ume asko daudelako laguntzaren beharrean. Hain da garrantzitsua gurasoen rola, besarkatuko zaituzten beso batzuk izatea, alegia.
Psikologia ikasten ari nintzela, ikerketa bat egitera joan ginen ikastetxe batera eta galderetako bat gurasoen ingurukoa zen. Hamasei urte inguru zituen ikasleetariko batek besoa altxatu zuen eta ez zela ez aitarekin ez amarekin bizi esan zuen. Aitona-amona edo osaba-izebetakoren batekin bizi ote zen galdetu nion inozenteki. Ezetz erantzun zidan, pisu batean bizi zela. Hitzik gabe gelditu nintzen.
«Helburua zuretzat haur bat izatea bada, jabetza bat izango balitz bezala, ez hartu harreran. Baina, helburua hazi, hezi eta daukazun onena ematea bada, aurrera»
Horren harira, harrera familiei buruzko informazioa bilatzen hasi nintzen eta orduan erabaki nuen gerora harreran haur bat hartuko nuela. Batetik, haur horrentzat erreferente ziur bat bihurtzen zara eta, bestetik, adopzioan ez bezala, guraso horiei aukera ematen diezu haien haurra berreskuratzeko. Bikotekideak izan ditut, baina ez zuten horrelakorik nahi, ez genuen bat egiten niretzat oso garrantzitsua den helburu horretan. Ama bakarra izanda, garrantzitsua zen niretzat familiaren sostengua ere izatea; haien babesa banuen, eta beraz, aurrera egitea erabaki nuen.
Nolakoa izan zen prozesua?
Erabakia hartu nuenerako, paper guztiak nituen interneten bilaketa egin ostean. Diputaziora deitu nuen. Formakuntza ikastaro bat egin behar nuela esan zidaten. Hori egindakoan bete beharreko paperak eskaintzen dizkizute. Ondoren, elkarrizketa batzuk egiten dizkizute eta ebaluatu egiten dute ia prestatuta zauden edo ez.
Behin elkarrizketa horiek eginda, deitzen dizute esateko ia prest zauden eta zergatik. Niri alde hori asko gustatu zitzaidan, zeren norbaitek haur bat harreran hartu nahi badu eta prest ez dagoela ikusten badute, zergaitiak jakinda hobetzeko eta aldatzeko aukera baitu. Familia harreran hartuak izateko itxaron zerrendan dauden haurren ezaugarriak zurekin bat datozen ere begiratzen dute. Ez dute haur bat bilatzen zuretzat, baizik eta haur horrentzako familia egoki bat.
Hautaketa egiten dutenean, haur horren inguruko datu gutxi batzuk esaten dizkizute. Baiezkoa ematen baduzu, ezaugarri sakonagoak ematen dizkizute. Eta azken baietza ematen duzunean, elkar ezagutzeko egun bat adosten dute zurekin.
Nola gogoratzen duzu Naroa ezagutu zenuen lehen eguna?
Egun hori zoragarria izan zen, eta aldi berean, txoratzeko modukoa. Lanera joateko lo geratu nintzen. Beraz, korrika eta presaka jantzi nintzen, ondoren aldatzeko asmoarekin. Haur horri itxura ona eman nahi diozu, are gehiago Naroaren kasuan, ez baitzuen harrera familiarik nahi. Oso denbora laburra zeraman pisuan eta nire aurretik, prest zegoen familia batek atzera egin zuen.
Espero baino beranduago atera nintzen lanetik. Zuzenean Donostiara joan behar izan nuen. Urduritasuna eta poza, ezagutu behar nuelako. Haurra jaio behar den eguna bezala deskribatuko nuke. Haur bat izateko zailtasunak izan dituen norbaitek primeran ulertuko du horrelako egoera batean duzun emozio mordoa. Horren denbora luzean desiratu duzun hori eta pertsona batzuek ulertzen ez dutena gauzatzera nindoan.
Argazki bat izango balitz bezala oroitzen dut bere txorizo ogitartekoarekin sartu zen momentua. Burua lurrerantz baina gorantz serio-serio begira zegoen. Ni eserita nengoen lekuaren beste puntan jarri zen. Pisuko tutorea eta koordinatzailea zeuden gurekin batera. Hitz bakarreko esaldiekin erantzuten zituen egiten nizkion galderak. Nik, hala ere, ez nuen irribarrea ezpainetatik kendu. Naroa oraindik ere horretaz gogoratzen da, baita momentu hartan pentsatzen ari zenaz: ‘Honek uste du ni berarekin joango naizela, bai zera! Ni ez noa honekin ezta txoratuta ere!’. Ez zuen ulertzen zergatik nengoen ni irribarretsu, berak horrelako jarrera izan arren.
Jakinaren gainean nengoen ez zuela harrera familia batekin egon nahi. Hori dela eta, lehen aldiz aurrez aurre ezagutu aurretik, argazkiekin, esaldiekin... eskuz egin nuen album bat bidali nion kutxa batean gometxekin eta litxarreria batzuekin. Berak bueltan idatzi zidan eta horrela ibili ginen denbora batez.
Eta elkar ezagutu ondoren?
Hamabostean behin bisitak genituen. Hasieran pisuko koordinatzailea zetorren; azkenerako berarekin bakarrik egoten nintzen. Ondoren, arratsalde bat Arrasatera etorri ziren arratsalde pasa eta etxea ikustera, eta beste behin afaltzen gelditu zen eta gure ama ezagutu zuen.
Gauzak pausoz pauso egiten dira. Niretzat benetan gogorra izan zen nirekin lo egin zuenean eta pisuan utzi behar izan nuenean. Negarrez gelditu zen. Horrek arima puskatu zidan, baina ulertzen dut egin beharreko prozedura bat dela. Izan ere, niri Naroarekin oso ondo joan zait, nahiko erraza izan da, baina kasu guztiak ez dira berdinak.
«Ume horiek eta beraien gurasoek laguntza behar dute. Zergatik ez aukera hori eman?»
Gogoan dut baita ere pisuan ezagutu nuen nerabe bat: harreran hartzeko eskatzen zidan joaten nintzenean. Oso gogorra da hori entzutea. Zorionez familia batekin dago.
Oso garrantzitsua da jatorrizko familia errespetatzea ere. Nolako harremana duzu Naroaren ama eta aitarekin?
Oso ona. Hasiera-hasieratik argi nuen Naroak bere familiarekin bisitak izango zituela. Umearen garapen psikologikorako funtsezkoa da harreman hori. Hasieran, nik ez nituen haren gurasoak ikusten, baina handik gutxira zuzenean gelditzen nintzen aitarekin edo amarekin. Oso ondo eramaten naiz haiekin; gabonetan, adibidez, ama eta anaia etxera etorri ziren.
Naroak bi anaia ditu; bata amaren partetik, eta bestea aitaren aldetik. Asteburu batean, Naroarekin eta haren anaia batekin Madrilera joan nintzen. Izugarrizko esperientzia izan zen. Oso ederra izan zen haien arteko harremana ikustea. Anaiaren ikuspegitik ezagutu ahal izan nuen bidaia hartan eta horrek haurrari haren emozioetan hobeto lagundu ahal izateko aukera eman zidan..
Tarte honetan ama biologikoa ere izan zara.
Bai, duela sei hilabete. Hasieran pozik zegoen, baina aldi berean, beldurra zuen, haur jaio berriarekin, bera ez ote nuen maitatutako.
Eta nola kudeatzen dira horrelako egoerak?
Hitz egiten. Nahiz eta Izartxo mundura etorri, bera nire nahi handiena dela adierazten diot. Niretzat Naroa ezagutu nuen egun horrek ez du hitzik. Esperientzia desberdinak biak, eta biak oso bereziak.
Zer esango zenieke harrera izateko nahia baina zalantzak dituzten horiei?
Batzuk beldur dira gero gurasoekin itzuliko ote den haurra. ‘Baina, gero ken diezazukete haurra’, esan didate. Ez, ez. Nire haur biologikoa balitz eta independizatzea erabakiko balu, joan egingo litzateke berdin-berdin. Helburua zuretzat haur bat izatea bada, jabetza bat izango balitz bezala, ez hartu harreran. Baina, helburua hazi, hezi eta daukazun onena ematea bada, aurrera.
Gipuzkoako Diputazioak «Ikusgaitzak» kanpaina aurkeztu zuen 2000. urtean harreran dauden umeen errealitatea ezagutarazteko.
Ez da oso errealitate ezaguna. Pisuetan oso ondo zainduta daude, eta askotan ohitu egiten dira bertan egoten, baina hori ez da familia baten berotasunean haztea, eta emozionalki horrek mina ematen du; are gehiago, haur txiki bati. Ume horiek eta beraien gurasoek laguntza behar dute. Zergatik ez aukera hori eman?