Bizipoza
Bi amatxien gonapean jostatzen ginen, eta orain umea hanka artean dugula egiten dugu pixa. Ama amatxi bihurtu da, gu ama, eta bi amatxientzat leku eder bat imajinatzen dut. Amatxi Rexuren baserrian, hatzekin jiratuz markatzen genuen telefonoa, “listinetik” zenbaki bat aukeratuta, bromak egiteko. Amatxi Beniren pisuan, bera izan arren zutabea, atean aitatxiren izen-abizenen plaka zegoen, nahiz eta hura jada hila egon. Amatxiak gogoan, harrotasuna ematen dit familiaburu gisa agertzeak, baina pareko harremanak defendatzen ditut eta keinu gisa buzoian haurraren izena jarri dut lehenengo. Badakit buzoiak gainbehera doazela, baina niretzat inportanteak dira eta giltza gustukoenetakoa dut txiki hori, biratzean ilusio bat pizten zait, amatxiren telefonoarekin bezala.
Batez ere, aitarekin komentatzen aritzen naiz lehengo oroitzapenak eta galdetzen dugu ia jendarte bezala hobera edo okerrera goazen. Balio anitz galdu direla erraten du zenbaitetan. «Adibidez?» galdetzen diodanean, ordea, ez du bat ere aipatzen; izatekotan, denbora luzeagoa zela, egunka antolatzen genuela eta ez orduka. Eta jarraian «ez, uste dut hobeki gaudela» aitortzen du. Tarteka antzeko elkarrizketa errepikatzen dugu eta ongi sentiarazten nau.
Baikortasunak hartzen nau batzuetan, gero utzi egiten nau, baina berriro ere hartu. Olatuka bezala. Piezekin eraikuntzak egiten ari ginela, «kartzela» ulertu nion semeari eta «zer?» galdetu nion gaizki aditu izanaren esperantzaz. «Kartzela», errepikatu zidan. Min egin zidan, «bala» erran zuenean bezala. «Bizipoza» eman nahi diot, bururatzen zaidan hitzik ederrena.•