NAIZ
Bilbo

«Gerra zibilaren, aurreko gatazka zibilen eta frankismoaren biktimei» omenaldia Getxon

Urtero egiten duen legez, Getxoko Udalak omenaldia egin nahi izan die «gerra zibilaren, aurreko gatazka zibilen eta frankismoaren biktimei». Ekitaldia larunbatean burutu da Galeako pasealekuan dagoen ‘Oroimenaren liburua’ eskulturaren ondoan, eta udal ordezkariek eta herritarrek hartu dute parte.

Getxon larunbatean Udalak egin duen ekitaldiaren irudia.
Getxon larunbatean Udalak egin duen ekitaldiaren irudia. (Getxoko Udala)

Mikel Lertxundi eskultorearen ‘Oroimenaren liburua’ eskulturaren aurrean omendu nahi izan du larunbata goizean Getxoko Udalak gerra zibilaren, aurreko gatazka zibilen eta frankismoaren biktimei. Ekitaldia Galeako pasealekuan dagoen eskulturaren ondoan egin da, 2009ko ekainean aho batez hartutako erabakia betez.

Omenaldian Amaia Agirre alkatea eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako kideak izan dira, besteak beste. Ekitaldi honen bidez, biktimei errespetua, oroitzapena eta benetako gorazarrea aitortu nahi izan zaie publikoki, adiskidetzeari eta elkartasunari begira.

Txistulariek ‘Agur Jaunak’ interpretatu ondoren, minutu bateko isilunea bete da eta lore-eskaintza egin da eskulturaren aurrean. Mikel Lertxundiren hitzetan, «lan honetan harriak liburu-itxura du, eta burdina eta zura dira liburu horretan ageri diren oharrak edo idatziak dira; burdinak beraien ideien alde borrokatzeko kemena izen zutenak irudikatu nahi du, eta egurrak, sentimenduak».