Entrevista
Kontxita Beitia
Andereñoa

«Galdutzat eman nuen horrek mugitu du nire bizitza osoa, hark gidatu nau, euskarak»

Euskara izan du zutoin eta iparrorratz, eta horri segituz osatu du ibilbide oparoa bizitzan zein bizimodu izan duen hezkuntzan. Kontxita Beitiak frankismoaren eraginez galdu zuen hizkuntza berreskuratu zuen eta hori oinarri, sortu zituen ikastola klandestinoak aurrena, eta legeztatuak gero.

Kontxita Beitia Oiarbide, Hernaniko etxean.
Kontxita Beitia Oiarbide, Hernaniko etxean. (Jon URBE | FOKU)

Etxeko ateak ireki ditu parez pare, eta eskuaz barrura sartzeko keinua egin du. Lotsarik ez izateko iradoki du mugimenduaz. Nolabait, bere etxea gurea ere badela esanez. Egongelaraino garamatza. Bidean, bizitza oso bat jasotzen duten irudiak, argazkiak, oroigarriak. Begirada azkar bat nahikoa da. Nahikoa ikusteko bere motorra direla familia, euskara, aberria. Txapeldunaren tamainako txapel beltza dago tartean. ‘Oxanda’ jartzen du. Birramona da, baina birbilobek ez diote hala esaten, ‘Oxanda’ baizik. Gartxot Itzaltzuko bardoaren kondairan herria zaintzeaz arduratzen zen emakumea.

Aurpegiko zimurrek hitz egiten digute egindako bide luzeaz, igarotako garaiaz. Kontrastatzen dute begi txiki bihurriekin. Hainbeste maite izan dituen umeen begirada bertsua dauka: bizia, bihurria, garbia.

Euskaltzalea eta hezitzailea. Beti lehen lerrotik. Horregatik, militantea ere bada. Kontxita Beitia Oiarbide duela ia 83 urte sortu zen Eskalantegi kalean, erdia Pasai Antxo eta erdia Donostia den kalean. Bere burua, ordea, pasaitartzat dauka. Hernanin bizi da egun.

Hantxe jaso gaitu. Lehenago, jarri ginen Elbira Zipitria (1906-1982) ‘andereñoen andereño’ izan zenaren arrastoaren atzetik eta, haritik tiraka, heldu ginen Beitiarengana. Eta tira eta tira segi genuen deskubritzeraino berehala historio propio bat. Emakume batengandik azaleratu zen une hartan beste bat. Zipitria izan zelako izan da Beitia neurri batean. «Mugarri bat nire bizitzan», aitortu du. Hark berreskuratuarazi zion jaiotzatik ikasi eta gaztetan galdu zuen euskara; hark uxatu zizkion frankismoak aberriaz sinetsarazitako gezurrak.

Gurasoak goierritarrak zituen. Ama Idiazabalgoa eta aita Ordiziakoa. Gerraren eraginez ibili ziren batetik bestera, baina “etxera” itzuli zirenean, “gerra galtzaileak” zirenez, aitak CAF enpresan zuen lana ez zuen berreskuratzerik izan. «Horrek ekarri zituen ondorio guztiekin», dio minez. Etorkizun baten bila joan ziren Pasaiara, eta hantxe lortu zuen enplegu berria aitak, kimikari gisa, Luzuriaga enpresan.

Senar-emazteek oso garai zailak bizi izan zituzten, kontatu du Beitiak, 36ko gerraren eraginez. «Orduan zuten seme bakarra galdu zuten bonbardaketa batean, eta amaren gorputza betiko oso kaltetuta gelditu zen metrailaren eraginez», oroitu du. Pasaian ikusi zuten etorkizun bat eraikitzeko esperantza. Aurrerago, han izan zuten beste semea ere galdu egin zuten, gaixotasun baten eraginez. «Ni gero jaio nintzen, eta etxe horretara argi pixka bat eraman nuen», dio. Handik zazpi urtera, «etxean sekulako matraka eman ondoren», jaio zen anaia txikia. Gaur egun oraindik ere igandero-igandero mendira igotzen dira elkarrekin, Santa Barbarara. «Izugarri maite dugu elkar», dio.

Euskara alboratu, galdu arte

Donostiako Zurriola ikastolaren sortzaileetako bat izan zen Beitia, Mari Tere Elola eta Maite Garagorrirekin batera. Debekuak eta zentsurak gaindituta, zailtasun itzelak izan zituzten hastapenetan. Irakasle formakuntza Ategorrietan jaso zuen, eta ondoren, bizitzaren kasualitate batzuen ondorioz, Elbira Zipitriarekin egin zituen praktikak gero bere etxean ikastola bat jartzeko helburuaz. Konpartitutako bi urte haiek erabateko klandestinitatean izan ziren, Alde Zaharreko Fermin Calbeton kaleko pisuan.

«Ni ez naiz apenas gogoratzen, baina gurasoek esaten zidaten txikitatik izan nuela andereño izateko interesa. Panpinekin jolasten nintzen haiei klaseak emanez, nire gelan», gogoratu du.

Gurasoak Pasaiara iritsi zirenean, oso herri erdaldun eta, neurri batean, frankista batekin topo egin zuten. Haiek oso euskaldunak ziren; are gehiago, ama baserritarra zuen, eta ez zekien apenas gazteleraz. «Errepublikano asko ere bazegoen. Oroitzen naiz arreta eman zidala zer aita gutxi zeuden. Gehienak hilda zeuden, edo ihes eginda, edo espetxean. Etxeetan amak eta amonak egoten ziren, eta kasu batzuetan aitonak, oraindik bizi baziren», deskribatu du.

Lau urte bete zituela joan zen aurrenekoz eskolara. Etxe pare-parean zeukan moja etxean jaso zituen lehen klaseak; errepidea gurutzatu besterik ez zuen egin behar. 1944. urtea zen. «Maria moja zegoenean oso gustura joaten nintzen; bestela, ihes egiten nuen. Oso arriskutsua zen, fabrikarako bidean kamioien joan etorria etengabekoa zelako. Han egon nintzen hamar urteak bete arte».

Euskara oso jazarrita zegoen garai hartan; elkarri zelatatzen aritzen zen jendea. «Beldurra eta mesfidantza handia» zeudela oroitu du. «Ezkutuan ibiltzen ginen euskaraz aritzeko, eta pertsonaren arabera hizkuntzaz aldatu behar izaten genuen. Nik 4 urte bete arte ez nekien batere gazteleraz; ikastetxean hasi nintzenean gero eta gehiago, gero eta gehiago jakiten hasi nintzen. Falangearen ‘Seccion Femenina’-koak astero-astero etortzen ziren gimnasia egitera, beste batean ‘Formacion del Espiritu Nacional’ ematera… haiekin lerrokatzeko eskaintzak egiten zizkiguten».

Irakasle ikasketak erdaraz egin zituen. Donostian ikasteko aukerak ez ziren askoz handiagoak. «Gero, nik ia 60 urte nituela, jakin nuen nirekin batera ibili ziren zenbaitek ere euskara bizi zutela ezkutuan, eta han, ordea, hitzik ere ez genuen egiten. Arantzazuko Amari abesten zitzaion euskaraz egunero, baina erlijioa beste kontu bat zen. Erlijioan euskara beti hor egon da, eta arnasgunea ere, neurri batean, hortik etorri zitzaigun».

Bera bezala, «zenbat emakume egon ote diren isilik!», hausnartu du. «Testuinguru horretan mesfidati bihurtzen zara, eta gero konturatzen zara zu bezalako emakume gehiago ere bazeudela, baina hori urte askotara izan da. 60 urterekin deskubritu nuen hori. Atzo goizean! Tira, herenegun! Garai hartan konplizeak izan gintezkeenak isilik egoten ginen, beldurrez batzuk, ustez frankismoaren alde jarrita besteak… baina denak mozorrotuta badaezpada. Asko bizi ginen gurea ez zen paper bat interpretatzen. Niri askotan esaten zidaten: «¿Tú no cuentas nada?». Edo, «¿por qué no hablas?». Eta ni oso hiztuna izan naiz… Baina ni han lekuz kanpo nengoen», azaldu du Beitiak.

Eta horrela, pixkanaka-pixkanaka, Kontxitak galdu egin zuen «erabat» euskara. «Kontua da, gainera, galdu egin nahi nuela, ezin nintzen horrela bizi. Lau urte dituzunean, tira, ez duzu ezer ulertzen, baino gero 16 urterekin ikusten dituzu isekak, barreak, bazterketa, kartzela… Karga ikaragarria zen euskara. Etxean euskaraz egiteko eskatzen zidaten gurasoek gutxienez. Errepresioak estigmatizatu egin gintuen, eta konplexuz biziarazi euskara, lotsarazi… desgrazia bat!».

«Salbazioa» Elbira Zipitria ezagutzea izan zen. Irribarre bat marrazten zaio berari buruz mintzatzen denean. «1957. urtean, 17 nituela, ikasketak bukatu nituen. Oposizioak prestatzen hasi nintzen eta gero plaza atera nuen, baina garai hartan 19 urte bete arte ezin ginen andereño bezala lanean jarri». Tarte horretan josten ikasi zuen, amak hala aginduta, eta bien bitartean «frankismoa gero eta indar handiagoa hartzen joan zen».

Urtasun abizena zuen Pasaiako gizon baten bidez izan zuten Zipitriaren eskola klandestinoaren berri. Praktikak berekin egiteko proposatu zion hark, baina euskara galduta zuela uste zuten. «Uste genuen euskara ezin zitekeela ikasi; hau da, edo txikitatik ikasten duzu edo gero ez dago aukerarik. Hori sinetsarazi ziguten. Eta irentsi egin genuen. Aitak, ordea, uste zuen osorik ez nuela galdu. Amak etxean niri euskaraz egiten jarraitzen zuen, nahiz eta nik gazteleraz erantzuten nion».

Lehen ikastola klandestinoa

Zipitria ezagutu zuenean, euskaraz gain, bazuen zer berreskuratu. «Abertzaletasuna ere oso hotza daukat», aitortu omen zion Zipitriari elkar ezagutu zutenean. Sistema diktatorialak ere bere lana egin zuen apurka-apurka, eta berezkoa zuena moldatu ziotela kontatu du. «Nik abertzaletasuna betidanik bizi izan dut etxean. Jose Antonio Agirre hamar urte nituela ezagutu nuen, eta bere etxean askotan egoten nintzen udaran. [Telesforo] Monzonen etxera ere oso sarri joaten nintzen, batzuetan igandero. ‘La vuelta’ ia noiz iritsiko ote zen, itzulerako egunaz mintzatzen ziren sarri».

Abertzaletasuna eta euskara bai orduan bai gaur egun «eskutik» doazela uste du Beitiak. Bi urteren buruan berreskuratu zituen biak, interes handia jarriaz, ahaleginez. «Asko hitz egiten zen politikaz gure etxean, gurasoen bizitza halakoa izan zen; oso bizitza politikoa izan zuten gaixoek. Gerora konturatu nintzen nola engainatu ninduten! Edo nola saiatu ziren ni engainatzen, zeren zalantzak ere banituen esaten zizkidaten gauzen inguruan. Nik banekien gurasoak onak zirela, hori banekien, eta besteak ez zirela horren onak izango, ziur. Baina egun osoa pasatzen nuen erregimenaren aldekoekin».

Elbirarekin emandako bi urteetan erabat transmititu zion bere metodoa. Gero konpromisoa hartu zuen etxean ikastola klandestino bat irekitzeko. «Hitza eman eta hitza bete nuen», dio. 1960. urtea zen. Hogei urte zituela ireki zuen Pasai Antxoko bere etxean aipatu proiektua. Bost ikasle izan zituen lehendabiziko ikasturtean. Altzariak albo batera jasoz, espazio ireki bat sortzen zuen umeentzat, eta lurrean esertzen ziren denak, Zipitriarengandik ikasi bezala. Han bost urtez egon zen, 1965era arte. Ezkondu zenean Donostiara lekualdatu zen. Ikastolari jarraipena eman zion etxe berrian, 1968ra arte. Frankismoak erabat debekatuta zuen egiten zuena; beraz, arrisku handiak asumituz aritu ziren Beitia eta bera bezala beste andereño asko. «Urtez urte joan zen taldea handitzen, ahoz aho joan zelako zabaltzen. Hala, gero eta eskaera gehiago nituen. Bitartean, harremana ere banuen Elbirarekin: edozein zalantza edo laguntza behar izanez gero, beti laguntzeko prest zegoen. Erreferentzia ez nuen sekula galdu, ez nintzen askotan joaten, baina bagenuen elkarren berri».

“Xabiertxo” liburua zen «gure Biblia», dio. Grosen ez ezik, oraindik ere Pasaian bizi zenean Donostiako Alde Zaharreko Kanpandegi kalean egon zen lau urtez. «Gelditu ziren hamar haur andereño gabe, Elbiraren etxean ez zegoelako lekurik, eta Mari Karmen Mitxelenak plazak ere beteak zituelako.

Zurriola ikastola

Donostiako Zurriola ikastola 1968an sortu zen, Ramon Maria Lili kaleko lokal batean. Han ez zegoen ez leihorik ez bentilaziorik. Etxeetako ikastolak oraindik ere klandestinoak ziren garai hartan. Ikuskaria maiz joaten omen zitzaien. «‘Egunero jende asko ikusten dut hemen goizeko bederatzietan, eta uste nuen anbulategi bat zela’, aipatu zigun behin. Baina egun batean egia aitortu behar izan genion:

- ¿Por qué no me dices ya de una vez que se trata de una ikastola? Vamos a dejarnos de escuelas privadas.

- Ah, ¿que ya lo sabes? Entonces no tenemos que engañarte más.

Halaxe izan zen. Antza, ikuskariak ez ikusiarena egin zuen, eta neurri batean autoritateek zertan ari ziren bazekitela edo susmoa zutela uste du Beitiak. «Esan ohi dut klandestinoak izatetik toleratuak izatera pasatu ginela. ‘Zurriola’ izena zuen orduan, eta gaur egun berdin jarraitzen du. Egitasmoa 60 umerekin hasi zen, eta hiru andereño ginen; bakoitzak 20 ikasle zituen. Batetik, 4-5 urteetakoak; bestetik, 6-7 urteetakoak eta handiagoak batera, adin ezberdinetakoak nahastuz. Hau ere, Orixe Santa Teresako lokalean izan zen bezala, klandestinoa zen».

Legeztatzeko zirrikitua gero ailegatu zen. Konkordatoaren bidez izan zen, baina sorreran ez zegoen legearen barruan aritzeko aukera minimorik. «Ikuskariak lekuz aldatzeko eskatu zigun han ez genituelako baldintza onak, eta hala egin genuen Villa Sacramentorako lekualdaketa. Gaur egun han segitzen du Zurriolak».

Ikastolak gero eta ugariagoak ziren eta zaila zen ordurako mugimendua etetea. «Herrietan ere sortzen hasi ziren, eta 1968ko egun batean gobernadore zibilak ikuskari nagusia deitu zuen bilera garrantzitsu eta larri batera».

«Egun hartan gu ere elkartuta geunden. Gaueko zortziretan etorri zen ikuskaria gure lokalera: 'Estamos en una situacion gravísima: está el inspector jefe reunido con el gobernador y la intencion es cerrar las ikastolas por decreto ley esta misma noche. Todas cerradas, si el inspector jefe no le convence de otra cosa’. Ikuskari nagusiak gobernadore zibilari esan zion, ordea, ezinezkoa zela katea etetea: ‘Hainbeste daude, eta hainbeste sortuko dira! Uneotan Euskal Herrian hiru mila haur ari dira halako zentroetan ikasten; ezin dituzu hiru mila haur hezkuntzarik gabe utzi une batetik bestera’. Itsasoari ateak jartzea bezalakoa zen hori, eta horrek konbentzitu zuen nonbait. Baina, badaezpada ere, gaua iratzarrita pasatu genuen txandak egiten, ikastola zaintzen. Ikuskariak gomendatu zigun hori egiteko. Izan ere, bestela, Guardia Zibilak ikastola prezintatuko zuen».

Goizeko zazpiretan hurbildu zen ikuskaria esatera «lasai egoteko, eta jarraitzeko gure zereginekin». Hori izan zen bidea ikastola sortzeko, Konkordatoa lagun. 1968tik aurrera izan zen. «Asko hitz egiten genuen legearen babespean ikastola sortzeko aukeraz, ofizialki ‘ikastola’ deitu ahal izateko beldurrik gabe. 1969 eta 1970ean atera ziren itzaletik argitara denak, aurrena ‘eskola parrokialak’ deituak zirenak, auzo zein herrietako parrokiara atxikita zeudelako».

Beraun, erronka ederra

Amatasuna tarteko, hezkuntza alde batera utzi zuen tarte batez, baina bitartean, gauetako txandetan Psikologia gradua atera zuen eta gurasoen euskalduntze prozesuan lehen lerrotik parte hartzen segitu zuen, etxean klaseak emanez. Artean, Delegaritzatik deia jaso zuen, oposizio bidez atera zuen plaza zela-eta Errenteriako Beraun auzoko ikastolara destinatuz. «Zeregin zehatz baterako deitu zidaten: ingurune hura euskalduntzea». Han eman zituen hamabi urte, markatua zuen helburua bete arte: zentroa D ereduan murgiltzea. «Nik erabat ez nuen euskaldundu, baina hura erronka! Itzela izan zen! Ez zen errealitate erraza ikuspuntu soziolinguistikotik begiratuta, baina jende hura egarrituta zegoen, urte asko zeramaten beste gizarte batean. Errenteriarrek ‘Espainia’ deitzen zioten Berauni. Pentsa. Herri osoek emigratu zuten etxebizitza osoak hartuz. Bizilekua aldatu zuten, baina bizimodua ez. Denborarekin hasi ginen Korrika antolatzen, kaldereroak, danborrada… ».

Ez du ezkutatu nahi, Beraunera joan zenerako, «sekulako legenda» zuela atzetik. «Batzuentzat oso desatsegina; besteentzat, zoragarria. Kanpotarrak ziren denak, eta denak jarri nituen nire erara, ikastolaren erara. Eta ez nuen apenas arazorik izan jendearekin. Haiek abertzaletasuna ez zuten, sozialistak-edo izango ziren, baina euskarara hurbildu ziren, eta atxikimendua bazuten. Hori da inportantea», adierazi du. Ikasketa buru izatera iritsi zen Beraunen, eta garai hartaz oroitzapen oso onak ditu. Harro dago egindakoaz. «Ikaragarrizko lana egin genuen eta oso emaitza onak lortu genituen». Asebeteta, etapa hura itxitzat eman zuen, baina ez zen Zurriolara itzuli, Ategorrietara baizik.

Erretiroa hartu aurretik, 2000. urtean, ibilbidearen azken sei hilabeteak beste eskola batean eman zituen, Groseko Zuhaiztin.

Ikastolak erabat instituzionalizatuta dauden honetan, «oso maiz» oroitzen omen da hastapenaz. «Beti izan ditut urte haiek gogoan, beti (irribarrea). Uste dut hori izan dela nire pausorik ederrena eta inportanteena, baita Zurriola sortzea ere». Gogoan du nola joaten zen etxez etxe jende euskalduna konbentzitzera, euskara plazara atera behar zela ikusaraztera.

Bizitzari eta ibilbide profesionalari errepaso azkar bat egiten ari zaiela dirudi, eta hala itzuli du begirada gugana. «Euskara izan da nire zutoina, nire iparrorratza, dudarik gabe. Bitxia da: galdutzat eman nuen horrek mugitu du nire bizitza osoa, hark gidatu nau, euskarak. Nire gurasoek piztu zidaten eta Elbirak berpiztu zidan, bidean aurrera egin ahal izateko».