NAIZ
Donostia

Donostia Belle Epoque-ra itzuli da inude eta artzainekin

Inauteriak ate joka ditugula, Donostian, ohi denez, asteburu zalapartatsua izan dute: larunbatean, kaldereroak eta igandean inude eta artzainen txanda izan da. Hiriko Alde Zaharreko kaleak eta auzoak jai giro koloretsuan murgildu dira.

Bizarra eta guzti, inude. Kresala elkartekoak igande eguerdian atera dira.
Bizarra eta guzti, inude. Kresala elkartekoak igande eguerdian atera dira. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostiako neguko jaiak aurrera doaz, eta igaro dira dagoeneko kaldereroak, inude eta artzainak eta Santa Ageda bezpera. Aurten, gainera, normaltasun osoz. Larunbatean Sarriegiren doinuak berriz ere zabaldu ziren auzo askotara, kaldereroen ahotan, eta igandean inude eta artzainen txanda iritsi da.

Kaldereroei dagokionez, aurten berritasun nagusia erreginaren izendapena da: Beñat Gaztelumendi bertsolaria izan baita, eta Nerea Elustondo eta Asier Ibarguren izan dira damak. Horren harira, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalaren aurtengo txapa Unai Gaztelumendi marrazkilari eta bertsolariak diseinatu du, Beñaten anaiak; hain zuzen ere, anaiaren aurpegiaren marrazki bat egin du txaparako, erreginaz jantzita.

Inude eta artzainei dagokionez, Kresala elkartekoak igande eguerdian atera dira Alde Zaharreko kaleetatik. Bat-batean, Donostia Belle Epoque garaira itzuli dela zirudien.

Kresala elkarteko Joxe Muruak aurreko egunetan aurreratu zuen: «Jendea gogoz» zegoen ateratzeko. Eta igandean egiaztatu ahal izan dugu, parte-hartzaile ugari izan direlako: inude eta artzainen 30 bikote atera dira, eta, horretaz gain, garaiko pertsonaiak gorpuztu dituzten pertsonaiak. Joselontxos txaranga izan dute lagun, eta udal txistulariek ere hainbat pieza joko dituzte Plaza Berrian.

Kresalakoez gain, Groseko inude eta artzainek eta Ikasbide Ikastolakoek ere inude eta artzainen festa ospatu dute. Grosekoak eta Ikasbidekoak igandean bertan atera dira, goizean; Antiguakoei dagokienez, otsailaren 18an aterako dira, 11.30ean, Alfontso XIII.aren plazatik.