Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Itziar Gastearena
Granada CF-ko jokalaria

«Minutuak izateak konfiantza itzuli dit»

Ibilbide luzea etxeko taldeetan (Tolosa, Real, Eibar, Alaves) egin ondoren, lehen aldiz maletak egin eta udan Granadara joan zen Villabonako hegalekoa, «esperientzia berri baten bila». Badirudi asmatu zuela, denboraldia ezin hobeto baitoakio arlo guztietan.

Itziar Gastearena, Granadako kamisetarekin.
Itziar Gastearena, Granadako kamisetarekin. (GRANADA CF)

Zer moduz» galdetzen hastea inoiz baino erretorikoagoa da. Granadak Kopako final laurdenak jokatuko ditu Lehen mailako hiru aurkari kanporatu ondoren, eta Ligan igoera zuzenetik hiru puntutara dago. Eta Gaste, Roger Lamesa entrenatzailearen konfiantza osoko jokalarien multzoan, horren guztiaren arduradunetako bat da.

Nolatan erabaki zenuen Granadaraino joatea?

Beti etxeko taldeetan egon naizenez eta azkenean, adinarengatik, futbola amaitzen ari zaidanez, beste esperientzia bat bizi nahi nuen, desberdina, beste leku bat, beste tenperatura bat... Gainera, Alavesen gogorra izen zen azken urtea; ez nuen asko jokatzen eta konfiantza berreskuratzeko beharra neukan.

Berreskuratuko zenuen, ia dena jokatzen ari baitzara.

Bai, gustura nago. Esperientzia oso polita izaten ari da. Eta garrantzitsua da minutuak izatea, konfiantza itzuli dit. Baina esperientzia harago doa. Kostatuko zitzaidala pentsatzen nuen, etxetik, familiarengandik eta lagunengandik oso urruti bainago. Baina taldean ezin hobeto hartu ninduten. Jendea hain ongi portatzen ari da! Denak laguntzen du.

Dena esatean, den-dena esan nahi duzu, taldearen ibilbidea ere aparta baita.

Ez daukagu kexarik, ez. Hasieran pixka bat kostatu zitzaigun, baina ondo lan eginez bidea egiten joan gara eta gauzak ondo ateratzen ari dira, primeran.

Bide bikoitza egin duzue. Eta oso entzutetsua, Koparen kasuan. Osasunarekin batera, 1.RFEFko ordezkariak izango zarete final laurdenetan, Lehen mailako hiru talde kanporatu ondoren.

Zozketan Levante Las Planas tokatu zitzaigunean pentsatu genuen, kontxo, ze zorte txarra, hainbeste talderen artean bi bakarrik Lehen mailakoak eta bat guri tokatu behar. Baina jokatzeko unea heldu zenean, ondo prestatu genuen eta nahi genuena egitea lortu genuen. Horrek indarra eman zigun Betisen partidari ekiteko eta, hori ere gaindituta, are konfiantza handiagoarekin jokatu genuen Alavesen kontra. Eta ondo joan zen baita ere.

«Argi dago Atleticorekin alde handia dagoela baina, behin hona iritsita, ez gara erretiratuko, ez? Lehiatzeko gaitasuna daukagula erakutsi dugu, eta ilusio osoz hartuko dugu»

Ilusio horrek Atleticoren aurka balioko du? Agian eurek izango duten presioak lagundu dezake? Edo oraingoan aldea handiegia da?

Argi dago aldea dagoela, baina, behin hona iritsita, ez gara erretiratuko, ez? Badakigu gutxienez lehiatzeko gaitasuna daukagula, eta bagenekien aurkaria zaila izango zela bai ala bai. Atletico da, eta ilusio osoz hartuko dugu.

1.RFEFko gainerako taldeak ere pozik egongo ziren. Alde batetik, maila nolabait aldarrikatzen ari zaretelako baina baita, bestetik, Kopako nekeak eta emozioek Ligan eragina edukiko zutela uste izango zutelako. Baina, hara non denboraldiko une onena bizitzen ari zareten, lau garaipen kateatu eta igoera zuzenetik puntu bakarrera kokaturik.

Bai eta bai (kar-kar). Nik uste dut erakusten ari garela gure Ligak duen maila, hor gaudela esaten, eta hori denontzat pozgarria dela. Eta nekatuta egongo ginela esperoko zutela..., seguruenik baita ere. Eta egia da nabaritzen dugula nekea, gutxienez hiru partidako aste horietan. Baina ilusio handiagoa sortzen digu, nekea baino. Azkenean Kopan egiten ari garena pizgarri bat da Ligan lehiatzeko ere.

Eta bi bideetako batean helmugara heltzeko aukerarik ikusten al duzu?

Nahiago nuke! Ligan oso ondo gaude. Hala ere, oso goiz da eta, gainera, maila honetan ustekabeak izaten dira astero. Guk ez dugu inoiz helburu finkorik jarri, baizik eta ahalik ondoen amaitzea eta astez aste joatea. Asteko partida ahalik serioen prestatzea eta irabazten saiatzea da gure egitekoa, azkenean horrek ematen baitizkizu emaitza onak.