Pilotariek eginiko bidezko eskakizun batengatik egin bazuten ere, pozik egon daitezke EPELeko enpresetako ordezkariak txapelketa sistema aldatu izanarekin, azken urteetakoarekin jarraitu izan balute, hiru abiaduratako Binakako honekin azken bi jardunaldiak erabat soberan egoteko arriskua egongo bailitzateke. Izan ere, asteburu honetan ematen diren emaitzen arabera, lehen bi postuak eta azken biak erabakita gera daitezke. Orain arteko sistemarekin hirugarren eta seigarren postuen artean geratzeak inolako abantailarik ez zekarrenez, dena partida bakarrea jokatzen zuten lau bikote hauek, azken bi jardunaldiek interesa gal zezaketen, orain, ordea, hirugarren eta laugarren izateak finalerdietan egoteko bigarren aukera bat eskaintzen duenez, borroka horrek azken astera arte iraungo duela dirudi.
Hamaika jardunaldi jokatuta, bikote bakoitzak oso argi zein den lehen ligaxka honetako bere helburua eta bakarra da, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaletak osatutakoa, lanak eginda dituena, ziurtatuta baitu lehen bi postuetan amaitzea. Bi puntuko desabantaila duten arren, Altuna III.a eta Tolosa dira hauen erritmoari esuteko gai izan diren bakarrak, baita liderrei partida bat irabazteko ere. Amezketarrak eta anoetarrak ere, asteburu honetan ziurta dezakete finalerdietarako txartela eta horretarako bi bide lituzkete. Horretarako, nahikoa lukete larunbatean Labriten Peña-Mariezkurrenari irabaztea edo Markinan Elordi-Zabaletak Laso eta Imazen ordez arituko den Eskiroz garaitzea. Bi aukeretakoren bat ematen bada, Aspekoak hurrengo fasean egongo dira.
Drama Altsasun
Asteburuko partidarik dramatikoena igandean jokatuko da, Altsasun, bertan ariko baitira sailkapeneko azken bi postuak betetzen dituzten bi bikoteak; Ezkurdia-Martija eta Jaka-Aranguren. Bai ala bai irabazi beharreko partida dute bi bikoteek eta irabazteak ere ez die ezer ziurtatzen. Aurreko astean irabazteak indarra eman die bi bikoteei, baina biek dakite euren aukerak zeinen urriak diren. Irabazita, 2020ko txapeldunek puntu bakarrera izango lukete seigarren postua eta, beste emaitzen arabera, baita bosgarrena ere eta horixe izango da euren helburua, urrutiegira begiratu behar izanik gabe.
Zailagoa da Erik Jaka eta Aitor Arangurenen egoera. Aurretik dituzten hiru partidak irabazi behar dituzte eta Peio Etxeberriak eta Rezustak euren hirurak galtzea. Hau da, ostiralean bertan kanporatuak izateko aukerak dituzte, Zenotzekoa eta Bergarakoa Urrutikoetxearen ordez arituko den Larrazabali eta Albisuri irabazteko gai badira. Tafallan arituko dira erdiko bagoi horretan, inolako arazorik gabe ziruditen bi bikote hauek. Azpikoek, ordea, sailkapena estutu zuten aurreko jardunaldian eta hobe dute azken orduko ezustekorik nahi ez badute behintzat, puntuak batzen hastea.