Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevista
Emma Larreta
Eraso matxista batetik bizirik atera zen

«Ez dut sinesten tratu txarrak ematen dituztenen eta bortxatzaileen gizarteratzean»

2007an eraso matxista batek heriotzaren ertzeraino eraman zuen arrastaka. 27 labankada eman zizkion bikotekide ohiak. Lehen maite zuen bizitza eta bizitza maite du orain. Minetik altxatzen denaren grinaz, berak ikasitakotik gogoetarako plazak eskaintzen ditu orain, gazteei nagusiki.

Emma Larretak indarrez begiratzen dio bizitzari.
Emma Larretak indarrez begiratzen dio bizitzari. (Argazkiak: Aitor KARASATORRE | FOKU)

Iruñean jaio zen duela 48 urte. Eta 2007ko apirilaren 2an berriz jaio zen; bigarren aldi hartan, Donostian. Lantoki zuen dendara agertu zen bere bikotekide izandako gizona. Labana atera, 27 labankada eman zizkion eta heriotzaren ertzeraino eraman zuen. Ospitaleko ohean esnatu zenean -medikuek espero ez zutena-, artean gorputzetik mina erantzi gabe, gertatu zitzaionari aterabidea eskaini behar ziola sentitu zuen. Erasotik urtebetera estreinatu zuen Donostian bertan “Kalean uso, etxean otso” antzerki eta dantza emanaldia. Aizpea Goenagak zuzendu zuen eta Iñaki Salvadorrek jarri zion musika. Hari horretatik tiraka, “Invisibles” izeneko proiektuan sartu da orain buru-belarri; institutu, antzoki eta aretoetan biolentziari buruz gogoeta egiteko plazak eskaintzen ditu.

Zein da Emma Larreta? Nola aurkezten duzu zure burua?

Oso emakume baikorra naiz, denak emanda bizitzea gustatzen zait, inplikatua naiz, ez naiz batere apatikoa. Naizenaz harro nago, ondo sentitzen naiz nire buruarekin.

Gauza bera erantzungo zenidake 2007ko apirilaren 2a baino lehen?

Bai, zalantzarik gabe. Lehengo pertsona bera naiz, erasoak ez nau aldatu. Lehendik ere burua ondo hornituta neukan eta berdin izaten jarraitzen dut. Lehen pertsona enpatikoa nintzen, ingurukoen arazoetan inplikatzen nintzen, sentikorra... eta pertsona bera izaten jarraitzen dut. Orain orbainez beteta nago eta %39ko desgaitasuna daukat. Horiek dira lehen ez nituen eta orain ditudan etiketa desberdin bakarrak.

Zer gertatu zen 2007ko apirilaren 2an?

Sei hilabetez harremana izan nuen gizonezko batekin eta nire lanpostura etorri zen egun hartan. Bezperan haren kontrako salaketa jarri nuen. Aurreko egunean lagunekin nindoan kalean eta berekin topo egin nuen. Kalean bertan astindu egin ninduen eta hurrengo goizean salaketa jarri nion. Apirilaren 2an, salaketa jarri eta hurrengo egunean, nire lanpostura azaldu eta 27 labankada eman zizkidan. Oso egoera latza izan zen, sekula ez nuen pentsatu horrelakorik gertatuko zitzaidanik. Baina niri hori gertatu zitzaidan, beste pertsona batzuei beste gauza ikaragarri batzuk gertatzen zaizkien bezala. Nik beti esaten dut bulkada hartu behar dela eta aurrera egin. Bizitza trabaz beteta dago. Nik ahalegin handia egin behar izan nuen traba handi hori gainditzeko, baina hemen nago.

Medikuek ez zuten uste bizirik aterako zinenik.

Ez, larrialdietan ez zuten itxaropenik, hil egingo nintzela uste zuten. Lan egiten nuen denda barruan eraso egin zidan eta nire ahalegin guztia kalera ateratzea zen, banekielako barruan geratuz gero ez neukala zereginik. Lortu nuen kalera ateratzea, Donostia erdialdean zen, baina jendeak ez zuen erreakzionatu. Justu Donostiako Udaleko zinegotzi bat pasatu zen autoan, eskoltarekin. Eta jende multzo hori ikusi zuenean eskolta autotik jaitsi eta gerturatu egin zen. Arma zuzendu zuen erasotzailearengana eta horri esker utzi zion niri eraso egiteari. Ordurako oso larri nengoen, shock hipobolemikoa izan nuen, odolik gabe geratu nintzen gorputzean. Oso gogorra izan zen. Baina, hala eta guztiz ere, ez nuen konortea galdu, ezta une batean ere, denbora guztian kontziente egon nintzen.

Eta erietxean esnatu zinenean?

Pozik esnatu nintzen, bizirik nengoelako oso pozik. Eta uste dut ez dagoela beste aukerarik. Hotzean pentsatuta, ez dago horrelako egoera baten ondoren bizirik atera eta egoteko beste modurik. Jende askok esaten dit sekulako indarra dudala, harrituta geratzen direla nirekin. Akaso besteak daude erratuta: horrelako egoera baten aurrean minean itotzen direnak, zoritxarrekoak sentitzen direnak... Nik horri buelta ematen diot, bizirik nago eta hemen nago. Ez dut ukatuko une gogorra izan zenik, mila arazo eta traba nituen, baina aurrera egitea erabaki nuen, gauza asko nituelako egiteko. Bi urteko semetxo bat neukan. Erabat ezindua nengoen, jaten ematen zidaten, garbitu, jantzi... Bi besoak lehertuta neuzkan, eskua ezin nuen mugitu... izugarrizko egoera.

Baina aurrera egin nuen; lehenengo niregatik, nire buruagatik. Nik beti esaten dut edonork aurrera egiten duela lehenengo bere burua salbatzeko. Gero inguruan maite zaituztenak izatea lagungarria da, baina nork bere buruagatik egin behar du borroka, bere baitan topatu behar du indarra.

Sei hilabeteko harremana izan zela esan duzu. Aurretik izan zen tratu txarrik?

Inoiz ez. Ni oso emakume zorrotza naiz, tolerantzia oso gutxi daukat injustizien eta errespetu falten aurrean. Nire burua asko maite dut, oso emakume askea naiz eta ez nuke inoiz jasango nire kontrako jarrerarik. Horren adibide da larunbat iluntze batean lagunen aurrean astindu bat eman zidala eta igande goizean Ertzaintzaren komisarian nengoela salaketa jartzeko.

Salaketa jarri izanak eraginik izan zuen gerora prozesu judizialean?

Salaketa jartzeak piztu zuen nire kontrako erasoa. Urte batzuk joan dira eta, zorionez, protokoloak hobetu egin dira. Nire kontrako erasoaren ondoren bilera ugari izan nituen Ertzaintzarekin eta udal arduradunekin, beti jarrera eraikitzailean, zer hobetu zitekeen ikusteko.

Baina nire kasuan astakeria handiak gertatu ziren. Salaketa jarri ondoren komisariatik ateratzen ari nintzen eta ordurako erasotzaileari deika ari ziren, salaketa bat zeukala eta astelehenean komisarian agertu behar zuela esanez. Ni autoan sartu aurretik erasotzaileak bazuen salaketaren berri. Erabat babesgabe sentitu nintzen, ez nuen ez denborarik ez baliabiderik izan nire burua babesteko. Desastre bat izan zen.

Erasoaren ondoren, ospitaleko ohetik bertatik hasi zinen minetik sortzen, gertatu zitzaizunari bidea ireki nahian arte eszenikoen bidez.

Bai, ohean bertan hasi nintzen lagunei aipatzen zerbait egin behar nuela. Beti izan dut lotura antzerkiarekin, abestea eta dantzatzea asko gustatzen zait, beti ibili izan naiz saltsa horretan. Gainera, betidanik sinetsi izan dut arteak daukan gaitasun eraldatzailean. Zerbait gozo-gozo kontatzen dizutenean, artearen bidez kontatzen dizutenean, barruraino sartzen zaizu.

Gertatu zitzaidana bezain pasarte gogorra eta gordina artearen bidez modu ederrean kontatu nahi nuen. Inkongruentea zirudien, baina behar hori sentitzen nuen.

Morfinara erabat lotuta nengoela, nire lagun oso on bati aipatu nion ideia. Ez nekien nola aterako nintzen ospitaletik, baina banekien aurrera jarraituko nuela, eraso hark ez zuela nirekin bukatuko, bizitzen jarraituko nuela. Nire lagunak Aizpea Goenagarekin harremanetan jarri ninduen eta berehala esan zidan baietz, parte hartuko zuela proiektuan. Aizpeak Iñaki Salvador ekarri zuen eta Ana Remiro nirekin lanean hasi zen, koreografia prestatzen. Ni besoak eskaiolatuta joaten nintzen entseguetara, pentsa.

Erasoa gertatu eta urtebetera estreinatu zenuen dantza eta antzerki emanaldia. Orain bigarren buelta bat eman diozu.

Bai. Duela urtebete inguru, nire lan finkoa utzi eta “Invisibles” izeneko proiektua martxan jartzea erabaki nuen. Performance bat da, gogoetarako espazio bat. Dantzaren eta antzerkiaren bitartez, maitemintzeak dituen pasarte emozional desberdinak errepasatzen ditut. Eta indarkeria matxista jasan duten emakumeen benetako testigantzak tartekatzen ditut emanaldian.

Maitasunari buruzko gogoeta bat proposatzen duzu. Maitasunean sinesten duzu oraindik?

Bai, noski. Maitasuna emozio unibertsal eta erabat beharrezkoa iruditzen zait. Norbait ezagutzen duzunean, azaleko poro guztietatik maitasuna sentitzen duzunean... sentimendu horiek sekulakoak dira, eta are gehiago gaztea zarenean. Horregatik lan egiten dut nik gazteekin, garbi daukadalako zerbait aldatzekotan, gazteek egingo dutela. Indarkeria matxistarekin norbaitek bukatzekotan, horiek gazteak izango dira. Maitasunari dagokion tokia eman behar zaio, baina maitatzeko moduetan jarri behar da fokua.

Zure bizitzaren pasarte oso gogor bat abiapuntu hartuta oholtzara igotzen zarenean, zer sentitzen duzu?

Poza sentitzen dut, sekulako poza. Nik burua oso indartsu daukat eta zorionekoa sentitzen naiz horregatik. Bidean oso gaizki dauden emakumeak ezagutu ditut, nire adinako indarrik ez daukatenak, eta oso gaizki sentitu naiz, konturatu naizelako nekez egingo dutela aurrera. Hunkitu egiten naiz emakume horiekin akordatzen naizenean, eta zorionekoa sentitzen naiz burua indartsu dudalako. Orbainak hor daude, baina nik aurrera egingo dut. Beste askok ezingo dute.

Segur aski estereotipo asko hautsiko zenituen, indarkeria matxista jasan duen emakumearen inguruko iruditegian nekez kabitzen baita emakume indartsu bat.

Bai, jende asko harritzen da nirekin, horregatik ematen dut aurpegia. Emakume guztiak gara indarkeria matxistaren biktima potentzialak, izan ahulak edo indartsuak. Hori ez genuke ahaztu beharko. Nire senide batzuek galdetu izan didate ia zein behar daukadan nire bizitzari buruz hain modu publikoan aritzeko. Egia da niretzat beti ez dela erraza, baina beharrezkoa ikusten dut, emakume asko daudelako aurrera egiteko indarrik gabe. Gertatutakoa gertatuta, aurrera egiteko indarra daukadala ikustea nahi dut, haiek ere beren bizitzarekin jarrai dezaten. Bizitzak aurrera jarraitzen du, hori da nire mezua.

Nola kontatu diezu seme-alabei?

Hori gogorra izan da. Semeari hamabost urte bete zituenean kontatu nion, lehenago ez nuelako indarrik ‘labana’ hitza sartzeko kontakizunean. Ez zen istripua izan, ez zen ezbeharra izan, beste pertsona batek erabaki zuen ni akabatzea. Hori semeari kontatzea gogorra izan zen, asko maite nau eta oso harreman berezia daukagu. Baina maila eman du. Sekulako mina eman zion, baina ondo kudeatu du. Garrantzi neurtuarekin kontatu nahi nion; hau gertatu zen, gogorra izan zen, baina bizitzak aurrera jarraitzen du. Batzuetan zure bizitzatik norbait pasatzen da justu zer egin behar ez duzun erakusteko. Nik ez ditut nire ingurukoak gorrotoan hezi nahi.

Alaba txikiari, hamaika urterekin, kontatu egin behar izan diot, orain berriz ere lehen lerroan nagoelako. Naturaltasunez hartu du, agian naturaltasun handiegiaz; adi egon beharko dugu.

Institutuetan aritzen zara, neska-mutikoak parean dituzula. Batzuekin zein besteekin lan egitea garrantzitsua da, ezta?

Mutikoei arreta handia eskaintzen diet. Erasotuak sentitzeko arriskua ikusten dut, eta gertatzen ari da. Feminismoaren kontrako jarrera bat zabaltzen ari da mutiko batzuen artean. Mezuak kontu handiz zabaldu behar dira, kontrako jarrera horiek ez elikatzeko, eta feminismotik batzuetan gauzak ez direla ondo egiten ari sentitzen dut; horren adibide da gizonezko asko erasotuak sentitzen direla, horietako asko 15-16 urteko mutikoak. Ni saiatzen naiz mutiko horiei hausnarketarako espazioak eskaintzen.

Biolentziaz eta parekidetasunaz aritzen zara nagusiki.

Bai, ez bakarrik genero indarkeriaz, baita biolentziaz ere, oro har. Uste dut gaur egungo gizartean indarkeria handia dagoela eta oso normalizatuta kasu askotan. Gazteei galdetzen diet ia biolentoak diren. Harritu egingo zinateke batzuen erantzunarekin: irmo erantzuten dute baietz. Baina, tira, gehienek ezetz esaten dute. Eta orduan errealitate bat jartzen diet begien aurrean: normala ote da norbait jipoitzen ari direnean, beste asko begira geratzea eta, gainera, telefonoarekin egoera grabatzea? Hori indarkeria maila izugarria da. Eta horretara ohituegi daude gazte asko, anestesiatuta bezala. Nire helburua da astintzea, esnaraztea.

Indarkeria matxista eta desgaitasuna. Horrek ere asko kezkatzen zaitu.

Ni, lehen, pertsona osasuntsua nintzen eta orain %39ko desgaitasuna daukat besoetan. Erasotzaileak besoak lehertu zizkidan. Eta eraso matxistak jasan dituzten emakumeen ia %21ak desgaitasunen bat dauka. Askotan, erasoaren ondoren, beste modu batera bizitzen ikasi behar duzu. Nik, adibidez, lehen egiten nituen gauza asko ezin ditut egin orain. Lan bat da burua sendatzea eta, bestea, gorputza sendatzea. Horri buruz ere hitz egin beharko genuke.

Bestetik, desgaitasuna daukaten emakume askok jasan dute genero indarkeria. Kontuan izan desgaitasunen bat duen pertsona askoz zaurgarriagoa izan daitekeela, eraso baten aurrean arrisku gehiago izan ditzakeela. Ikerketa batzuen arabera, desgaitasuna duten emakumeen %40ak jasan du indarkeria motaren bat. Izugarria da datua.

Bi errealitateak gertatzen dira; eraso baten ondorioz desgaitasuna duten emakumeak eta aurretik desgaitasun bat zutenak eta erasotuak izan direnak. Desgaitasunaren mundua mundu ezezaguna da jende askorentzat eta jende multzo garrantzitsua gara. Gure tokia ematea nahi dugu.

Feminista zinen lehen? Feminista zara orain?

Nik feminismotzat ulertzen dut emakumeek eta gizonek eskubide eta aukera berak izatea. Nahiko pertsona orekatua naizela uste dut; semea eta alaba dauzkat eta bientzat aukera berak nahi ditut. Inoiz ez zaizkit muturrak gustatu, baina beti borrokatu dut nire askatasunaren alde, nire autonomiaren alde... oso gaztetatik bizi izan naiz bakarrik, askea izan naiz ekonomikoki eta, noski, feministatzat dut nire burua. Baina feminista oreka batetik abiatuta eta gizonekin ulertu nahi batetik abiatuta. Gure bidelagunak direla uste dut.

Indarkeria matxistaren biktimak pilatzen dira egunez egun. Hildakoen eta erasotuen albisteekin esnatzen gara egunero.

Kasu honetan ez daukat iritzi politikoki zuzena. Nire ustez arazoa da zigorrak ez direla gogortzen ari. Uste dut oso merke ateratzen dela emakume bat akabatzea eta oso babesgabe gaudela legeari dagokionez. Hori da nire sentipena.

Zigorrak gogortuta arazoa konponduko litzateke?

Ez litzateke konponduko, baina emakume bat akabatzea pentsatzen ari den horrek beste buelta bat emango liokeela uste dut. Nik uste dut aurretik pentsatutako ekintza bat dela, ez dela eroaldi bat, haserrealdi bat. Arma batekin, labana batekin, abiatzen denak aurretik pentsatu du zer egitera doan.

Zure erasotzailearen kasuan, zein izan zen zigorra?

Oso abokatu ona neukan eta gehieneko zigorra ezarri zioten: bederatzi urte eta erdi. Zazpi urte eman zituen kartzelan eta atera zenean, deportatu egin zuten ni horrekin arduratu nintzelako. Atzerritarra zen, ez zeukan paperik ez inongo loturarik hemen. Baina ni ez banintz arduratu, ez zuten deportatuko, hori ez da automatikoa. Ni horren gainean egon nintzen eta atera zen egunean deportatu egin zuten, nik Poliziari jakinarazi niolako noiz eta non aterako zen. Ez banintz gainean egon, hemen inguruan ibiliko zen orain.

Beldurrik sentitzen duzu?

Uste dut landu beharreko gauza bat dela. Nik ez dut sekula beldurrik sentitu nire bizitzan, beti oso askea eta independentea izan naiz. Baina nire erasotzailea baimenarekin kartzelatik ateratzen zenean oso gaizki pasatzen nuen. Kalean ikusiz gero, seko zorabiatuko nintzateke, seguru nago. Baina ezin da bizi beldurrarekin etengabe. Oraintxe ez dakit non dagoen edo bizirik ote dagoen ere. Ez diot eskaintzen nire pentsamenduen minutu bat bera ere, bere bizitzari begira ematen dudan denbora nire bizitzari kentzen diodalako. Egia da gauez bakarrik kalean ibiltzeak beldurra ematen didala. Eta hori lehen pentsaezina zen niretzat. Hori geratu zait. Baina ez diet beldurrik gizonei, ez dut uste denak berdinak direnik.

Eztabaida sutsua dago orain, erasotzaileek genero indarkerian dituzten aurrekari penalen berri haien egungo bikotekideei ematearen inguruan.

Ni erabat ados nago horrekin. Nire kasuan, erasotzaileak aurrekariak zituen genero indarkerian eta nik ez nekien. Jakin izan banu, ez nuen harremanik izango berekin. Hori oso garbi daukat. Era berean, ez daukat zalantzarik intimitate eskubidea babestu behar dela, noski. Eta erabat sinesten dut birgizarteratzeko eskubidean. Denok bizi izan ditugu egoera korapilatsuak eta denok merezi dugu bigarren aukera bat. Baina ez gara ari horri buruz; beste aldean pertsona baten osotasun fisikoa dago jokoan, pertsona baten bizia. Beraz, horren aurrean, erasotzailearen intimitateak bost axola dit.

Erasotzaileak marra gorri bat igaro zuen noizbait eta hor bukatzen da gaia. Kito. Orain aldatu egin dela, beste era bateko pertsona dela, ez duela berriro egingo... oso ondo, azal diezaiola hori guztia bere oraingo bikotekideari eta hark erabaki dezala zer egin harremanarekin.

Nik ez dut sinesten tratu txarrak ematen dituztenen eta bortxatzaileen gizarteratzean. Eta ahoa ondo beteta esaten dut. Hori da nire iritzia eta garbi esango dut han eta hemen.

Kartzelan egin duten ikastarotxo horrek balio duen edo ez ikusteko arriskua hain da altua... Pertsona baten bizitza dago jokoan eta ezin dugu arrisku hori hartu. Ezta pentsatu ere.

Indarkeria matxista toki guztietatik sartzen zaigu, zulo guztietatik. Badirudi ez dugula asmatzen nola gelditu.

Indarkeria matxista esna dagoen sumendiaren laba bezalakoa da, geldiezina. Eta beti aurretik doa. Tamaina eta garrantzi horretako arazo baten aurrean, neurri gogorrak eta drastikoak hartu behar dira. Ezin dugu geratu ñabarduretan, batzuen intimitate eskubideari begira. Barkatu: arazo handi bati buruz ari gara eta laba horrek dena birrintzen du. Gauza serioa da hau.

Eta labak ez du etenik. Belaunaldi berriak ere harrapatzen ditu.

Horregatik egiten dut nik lan gazteekin, hor dagoelako aldaketarako gakoa. Askotariko gazteak topatzen ditut bidean, egoera desberdina da herriaren eta inguruaren arabera. Etxeetan egiten den lana ere asko nabaritzen da. Guraso askok esaten didate lagunek, konpainia “txarrek”, eragin handia dutela. Bai, hori horrela izan da beti, baina etxean lan egin beharra dago, ezin zaie errua eskolari eta lagunei bota.