61 urteko gizonezko bat erreskatatu du Ertzaintzaren helikopteroak Aralar mendilerroan dagoen Txindoki mendian, gaur eguerdian. Gizona lubeta batetik behera erori da, Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera eta, larri zaurituta ez bazegoen ere, helikopteroaren laguntza behar izan dute gizona lubetatik erreskatatu ahal izateko.
Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Larrialdi Zerbitzuek abisu bat jaso dute gaur eguerdiko 12.45ak aldera, ohartaraziz mendizale bat hamar metro inguruko altuera duen lubeta batetik behera erori dela Txindoki mendian, Aralar mendilerroan.
Gipuzkoako suhiltzaileak bertaratu dira, Zaintza eta Erreskate Unitateko talde bat, mendirako erabiltzen den helikoptero bat eta baita Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako talde bat ere. Bertan ziurtatu dute 61 urteko gizonak, erortzean hartutako kolpeen ondorioz, hainbat kolpe zituela. Hala ere, azaldu dute lehen begiratuan ez zaiela iruditu larriak zirenik.
Gizona lubeta batean zegoenez, Ertzaintzaren helikopteroak atera behar izan du bertatik eta, anbulantziak jaso zezan, leku seguru batera eraman dute zauritua. Bertan, Osakidetzako anbulantzia bat zain zegoen, ospitalera eraman eta, bertan, zituen zauriak artatu zitzaten.