NAIZ

ELAk Pneumologiako EPEko azterketen «emaitza deigarriak» ikertzeko eskatu dio Osakidetzari

ELAk Pneumologiako EPEko azterketen «emaitza deigarriak» ikertzeko eskatu dio Osakidetzari. Izan ere, «profesionalak dituzten 13 zentro dauden arren, lehen testean puntuaziorik handiena lortu duten lau hautagaiak ospitale berekoak dira». LABek epaimahaien aktak kontsultatu ahal izatea eskatu du.

Osakidetzaren EPEko azterketa, 2018ko ekainean BECen.
Osakidetzaren EPEko azterketa, 2018ko ekainean BECen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

2017an gertatu zen bezala, ELAk Osakidetzako EPEko emaitza batzuk «deigarriak» direla ohartarazi du. Zehazki, pneumologoen kategoriako lehen azterketan, 2022ko abenduan, puntuaziorik handiena lortu zuten lau pertsonak ospitale berekoak direla azaldu du, «eta horrek, estatistikaren ikuspegitik, emaitza benetan deigarriak ematen ditu».

«Hori gutxi balitz, deigarriak dira lortutako puntuazioak: 69 hautagaietatik 8k soilik lortu dute 100etik 70 puntu baino gehiago. Hala ere, lehenengo lau izangaiek, ospitale berean lan egiten dutenek, 82 puntu baino gehiago lortu dituzte», gaineratu du ohar batean.

Sindikatuaren esanetan, «egoerak azalpen zaila du, prozesu garbi eta berdintasunezkoaren ikuspegitik». Hori dela eta, Osakidetzari eskatu dio lehenbailehen ikerketa bat abiarazteko, gertatutakoa argitzeko eta emaitzak publiko egiteko. «Hala ez balitz, edo ikerketa horren ondorioak negatiboak balira, ELAk egokitzat jotzen dituen instantzietara jotzeko aukera aztertuko luke», nabarmendu du.

Gogoratu duenez, «2016-2017ko lan eskaintza publikoan gertatzen ari zenaren larritasuna ikusita, 2018ko ekainean, ELAk Fiskaltzara jotzea erabaki zuen, antzemandako irregulartasunen berri emateko eta gertatutakoari buruzko ikerketa zorrotza eta independentea eskatzeko».

«Ustezko filtrazio horiek sistema oso bat azaleratu zuten. Sistema horretan, zerbitzuburu jakin batzuek erabakitzen zuten nork eta noiz lortuko zuten plaza finkoa Osakidetzan; sistema hori ez zen EPE horretara mugatzen», azaldu du, eta Osakidetzari eskatu dio «beharrezko pausoak eman ditzala hautaketa gardena, inpartziala, aukera berdintasuna bermatuko duena eta enplegu publikorako sarbidea arautuko duten printzipioak bermatuko dituena bermatzeko».

LAB: Aktak ikusi

LABek ere oharra kaleratu du EPE horren harira. Azaldu duenez, Pneumologian izan diren «emaitza bitxien eta kategoria gehiago konprometitzen dituzten informazioak jaso ostean», A1 eta A2 lanbide kategorietako epaimahaien aktak kontsultatzeko eskatu dio Osakidetzari. «Zuzendaritzak behin eta berriz ukatu dio LAB sindikatuari EPE eredu berriak ezartzen dituen azterketa estatistikoak egitea», ohartarazi du.

Horrekin batera, salatu du 2016-17 EPEan izan ziren «filtrazioak salatu osteko egunetan gertatu zen bezala, orain, Osakidetzako zuzendaritzak galarazi egiten duela proba horien emaitzak dituen webgunera sartzea».

Sindikatuaren arabera, Osakidetzak «alde batera uzten jarraitzen du» LABek egindako proposamena, «historikoki filtrazioak egin direla onartu eta azterketaren trazabilitatea erraztuko duten neurriak ezar ditzan».