Idoia Eraso

Langileak trantsizio ekologikoari buruz formatzeko beharra aztertuko dute Ipar Euskal Herrian

Bihar institutuak Ipar Euskal Herriko enpresen, elkarteen eta erakundeen eko-formakuntzen beharrak aztertzeko inkesta abiatuko du, enpresarien eta Euskal Elkargoaren partaidetzarekin. Astelehen honetako agerraldian, enpresa eta erakunde guztiei galdeketari erantzuteko eskatuko dietela adierazi dute.

Bihar institutuko, Euskal Elkargoko eta enpresa munduko ordezkariak, Baionan eginiko agerraldian.
Bihar institutuko, Euskal Elkargoko eta enpresa munduko ordezkariak, Baionan eginiko agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

Formakuntza profesionalak nahitaezkotzat jo ditu Bihar institutuak, trantsizio ekologiko eta energetikoa gauzatzeko. Hori dela eta, Ipar Euskal Herriko enpresa munduan, elkarteetan eta erakunde publikoetan horri loturik diren beharrak ezagutzeko ikerketa abiatu du, eragile ekonomiko eta instituzionalen partaidetzarekin. Astelehen honetan Baionan egin duten agerraldian, lurraldeko enpresa eta erakunde guztiei sarean dagoen galdetegiari erantzuteko eskatzen zaiela azaldu dute.

Trantsizio ekologiko, ekonomiko eta soziala sustatzen duen Bihar institutuak, Ofizio eta Ofizialeen Ganbararen (OOG), Baiona Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganbararen (MIG) eta Euskal Elkargoaren partaidetza lortu du inkesta handi hau egiteko. Sare horietatik kanpo dauden elkarte-enpresei galdeketan parte hartzea proposatzen zaie ere.

Ingurumenaren zaintzarekiko hezkuntza etxeko erabilerari begira garatu dela baieztatu dute, lan eremukoa bigarren mailan gelditu delarik. Bizitzaren parte handi bat enpresetan, elkarteetan eta erakundeetan pasatzen dela kontuan izanik, eremu horietan kostu ekologikoa murriztu behar dela nabarmendu dute agerraldian.

Han izan dira Biharko lehendakaria den Txomin Poveda, eta bertako koordinatzailea den Marine Giraud, alde batetik, eta haiekin batera Thibaut Dupouy, OOGko lurralde zuzendaria; Yves Brettes, MIGko hautetsia; eta Martine Bisauta Euskal Elkargoaren Trantsizio Ekologiko eta Energetikorako lehendakariordea eta Herritarren Elkargoko kidea.

Helburuak

Povedak ikerketak xede desberdinak dituela azaldu du: «Lehenik lurraldean dagoen beharra kuantifikatu, eta bigarrenik, zehaztu zein arlotan kokatzen den formakuntzaren beharra, aktoreen behar zehatzak ez direlako oraindik ezagutzen». Hastapeneko xedeari dagokionez, motibazio maila, eta betebeharrei aurre egiteko prestutasuna ere kontuan hartzekoak direla nabarmendu dute.

Aztarna ekologikoa txikitzeko adibide gisara, bulegoko energia kontsumoa kontrolatzea, profesionalen bidaiak murriztea CO2 emisioak txikitzeko, inprimaketa eta mezu elektronikoak ongi kudeatzea, erosketa arduratsuagoak egitea… Bio-hondakinak ongi sailkatzearen garrantzia ere azaldu dute, bereziki 2023ko abenduaren 31tik goiti derrigorrez sailkatu beharko direlako. Baita merkatu mailan ere, eko-formakuntzak positiboak direla baieztatu dute, erakargarritasuna ematen diotelako.

Formakuntza profesionalen ahalmena nabarmendu dute eko-erantzukizunaren transmisioa ahalbidetzeko, banakako eta taldeko ekintza arduratsuagoak eragiteko. Estatu frantses mailan, langileen %68ak trantsizio ekologikoaren erronken inguruan formazioa jaso nahi duela baieztatu dute.

Datu gakoak

Consumer Science & Analyticsek 2021an Estatu mailan egin zuen inkestaren arabera, langileen %88ak uste du trantsizio ekologikoa gai garrantzitsua dela enpresan, eta %71ek adierazi du pertsonalki jarduten duela bere enpresako trantsizio ekologikoaren alde.     

%66ak adierazi du gauez itzaltzen duela lanpostua, %60ak adierazi du bere hondakinak sailkatzen dituela, %53ak adierazi du inprimatzen duen dokumentu kopurua gutxitu duela, eta %49ak adierazi du erabilera bakarreko objektuak erabiltzen saihesten duela. Langileentzat, ingurumena bigarren kezka nagusia da, eta 35 urtetik beherako langileentzat, lehena. Aldiz, %17ak baizik ez du adierazten bere enpresak trantsizio ekologikoaren erronkei buruzko formakuntzak eskaintzen dituela.

Inkesta interneten egin zen 2021eko apirilaren 30etik maiatzaren 10era, 1004 pertsonako lagin adierazgarri batean: administrazio publikoan, enpresa publiko edo pribatuetan.