NAIZ

Tourreko Irteera Handian ikurrinak lau haizetara zabaltzeko deia egin dute

Tourreko Irteera Handia (Grand Depart) Euskal Herrian izango da eta honen baitan, hainbat ekimen aurkeztu dituzte astelehen honetan. Lasterketa zikloturistak, atzera kontaketarako erloju handia, BiziTour Jaiak Donostian, Bilbon eta Gasteizen, eta abar. Bilboko Azkuna Zentroan egin dute aurkezpena.

Euskal zaletuak ikurrinekin Larresoron, 2018ko Tourrean.
Euskal zaletuak ikurrinekin Larresoron, 2018ko Tourrean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

2023an Euskal Herriak hartuko duen kirol ekitaldirik garrantzitsuenetako bat izango da Tourreko Hasiera Handia (Grand Depart bezala ezaguna). Prestigio handiko txirrindularitza lasterketa hau Bilbotik abiatuko da uztailaren 1ean eta orotara, lau etapa igaroko dira Euskal Herriko errepideetatik.

Honen harira, giroa berotu asmoz, gutxika-gutxika ekimen berriak iragartzen ari dira antolakuntzatik eta Lakuako Gobernutik. Astelehen honetan, ekitaldi handi honen aitzakipean antolatuko dituzten ekimen desberdinen berri eman dute Bilboko Azkuna Zentroan eginiko aurkezpenean.

Atzera kontaketa irudikatuko duen erloju handia, lasterketa zikloturistak, familia giroan gozatzeko Bizi Tour Jaiak, Fan Parka... Denetarik egongo da, txirrindularitza sustatu asmoz baina, batez ere, errepide eta balkoiak ikurrinez betetzeko deialdiak izan du indar gehien. Ikurrinak lau haizetara zabaltzeko deia egin dute Marino Lejarretak, Roberto Laisekak eta Eneritz Iturriaga txirrindulari ohiak.

Iturriagak azpimarratu duen legez, ikurrina «sentimendu kolektibo baten sinboloa da, euskaldun guztiak ordezkatzen eta batzen dituen bakarra».

«Euskal zaleak eta ikurrina beti agertzen dira. Pirinioetan hainbeste aldiz astindu ondoren, herrialde oso baten harrotasuna erakutsiz, orain etxean atera behar dugu», adierazi du Roberto Laisekak. Zentzu horretan, nabarmendu du txirrindulari batentzat nolako hauspoa den errepide bazterrean batzen diren zaletuen animoak: «Une askotan zure mugetatik haratago joaten zara, baina zaleak bide bazterrean ikusi eta sentitzea, animatzen, jendeak osatutako ilaren artetik pasatzen… Sekulakoa da zer sentitzen den».

Azkuna Zentroan egin dute ekitaldia; irudian, ezkerretik eskuinera, Zupiria, Iturriaga, Laiseka eta Lejarreta. (IREKIA)

Bestalde, Marino Lejarretak euskal zaletuen fideltasuna nabarmendu du eta, modu horretan, iritzi du kasik ez dela beharrezkoa euskal zaletuak errepidera irtetera animatzea, «ziur» baitago «zaleek erantzun egingo dutela, beti egin dute, oso fidelak dira».

«Txirrindulari gisa joan garen edozein lekutara, gutako edozein, euskaldun bat zegoen lekuan ikurrina bat zegoen», gogoratu du Lejarretak. Hala, errepidera ikurrinarekin ateratzeaz gain, etxeetako balkoietan ere jartzera animatu ditu zaleak, «munduko txirrindularitza zalerik onenak garela erakusteko».

Ekitaldiak

Martxoaren 22an Tissot erloju klasikoa instalatuko da Bilbon, eta hurrengo egunean 100 eguneko atzerako kontaketaren hasierari ekingo zaio. Hortik aurrera etorriko dira gainontzeko ekitaldi eta lasterketa zikloturistak, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaile Bingen Zupiriak azaldu legez.

Bilbo, Gasteiz eta Donostiako eraikin enblematikoak horiz argiztatuko dira, ikus-entzunezko ikuskizunak izango dira Arabako hiriburuan eta Donostiak maillot erraldoi baten estreinaldia hartuko du.

Aurretiaz iragarri legez, ekainaren 11an Tourreko lehen etaparen ibilbide bera egin ahal izango dute txirrindulari afizionatuek. Honez gain, maiatzaren 13an Donostia-Baiona-Donostia lasterketa zikloturista egingo da eta ekainaren 24an Gasteizko Proba Zikloturista.

Familia artean txirrindularitzaren zaletasuna sustatu asmoz, Euskadi Txirrindularitza Fundazioak Bizi Tour Jaiak antolatuko ditu Donostian (maiatzaren 7an), Gasteizen (ekainaren 4an) eta Bilbon (ekainaren 25ean). Martxa herrikoi labur batzuk egingo dira, kilometro gutxikoak, bizikleta kultura eta mugikortasun iraunkorra jai giroan sustatzeko.

Eguna hurbildu ahala, ekitaldien zabalkundea handiagoa izango da. Ekainaren 29an Fan Park gunea inauguratuko da Bilboko Areatzako pasealekuan. Txirrindularitzari, eta bereziki Frantziako Tourrari, buruzko «parke tematiko» gisako bat izango da.

Egun horretan bertan, arratsaldean, 2023ko Frantziako Tourreko Taldeen Aurkezpen Ofizialaren txanda iritsiko da. Guggenheim Museoaren ingurune zabalean egingo da eta publiko orori zuzenduta dago. «Festa honetan, gainera, lasterketako protagonista nagusiak hurbiletik ikusteko aukera izango da», nabarmendu du Zupiriak.