NAIZ
Santiago

Nerudaren heriotzari buruzko txostena epaileari entregatu diote perituek

Paola Plaza magistratuak asteazken honetan jaso du azkenean Pablo Neruda Nobel saridun txiletarren heriotzaren inguruko txostena, nazioarteko perituen arteko desadostasunagatik entregatzeko data atzeratu behar izan ondoren. Epaileak adierazi du emaitzok «garrantzitsuak» direla, baina ez lotesleak.

Salvador Allende eta Pablo Neruda.
Salvador Allende eta Pablo Neruda. (TXILEKO KONGRESU NAZIONALEKO LIBURUTEGIA)

Pablo Nerudaren heriotzaren inguruko txostena egin duen Kanada, Danimarka eta Txileko aditu-taldearen izenean, Gloria Ramirez koordinatzaileak entregatu dio emaitza epaileari, ikusmin handiaren erdian.

Paola Plaza magistratuak prentsa agerraldi batean azaldu duenez, asteazken honetan jaso dituen dokumentuak, peritu bakoitzaren laburpen exekutiboa eta txostenak barne, «behin betikoak» dira eta, hortaz, martxoaren 7rako aurreikusita zegoen azken entrega bertan behera utzi dute.

«Ikerketa sumario-fasean dago, eta ez da asko aurreratu dezakedana.Orain azterketa- eta berrikuspen-fase bat dator, eta ez txosten horiena bakarrik», ohartarazi du Plazak. Aditu hauek emandako informazioa «froga garrantzitsua» dela aitortu du, baina argi utzita ez dela loteslea: «Jasotako froga guztien analisi bateratua da epaimahaia ebazpenera eramaten duena».

Paola Plaza epailea, kazetariei azalpenak ematen. (Martin BERNETTI | AFP)

Oraindik edukia eta ikerketaren ondorioak ofizialki ezagutzen ez badira ere, eta perituen artean desadostasunak izan diren arren, poetaren iloba Rodolfo Reyesek agiria eskuratu du kereilaren parte delako eta, astelehenean Efe agentziari adierazi zionez, auzitegiko medikuek ondorioztatu dute Nerudaren gorpuzkietan aurkitutako clostridium botulinum bakterioa «bere gorputzean zegoela heriotzaren unean» eta, hortaz, gorpua ez zela kutsatu lurperatu ondoren.

«Orain badakigu clostridium botulinum horrek ez zuela zertan Nerudaren hezurretan egon. Zer esan nahi du honek? Neruda hil egin zutela, 1973an Estatuko agenteek esku hartu zutela», esan zuen Reyesek.

Idazle ospetsua 1973ko irailaren 23an hil zen Santa Maria Klinikan, Santiagoko erdigunean, Augusto Pinocheten (1973-1990) agindupeko militarrek Salvador Allende bere lagun eta presidentea indarrez boteretik kanporatu eta hamabi egunera.

Haren gorpuzkiak 2013an atera zituzten lurpetik. Besteak beste, Paco Etxeberria auzitegiko medikuak parte hartu zuen lan horietan.

2017an agertu zen baziloa

Bakterioa 2017an aurkitu zuen, Nerudaren hagin batean, beste aditu-talde batek. Haiek diktaduraren esku-hartzearen bertsioa ezetsi eta idazlearen heriotza 1969tik zuen prostatako minbizi aurreratuak eragindako «kakexia» edo muturreko ahultzeak ahultzea eragin zuela ondorioztatu zuten.

Botulismoa eragiten duen Clostridium botulinum hori normalean lurrean aurkitzen den bazilo bat da, nerbio-sistemari arazoak eragin diezazkiokeena, baita heriotza ere.

Oraindik ere ezezaguna da nola edo nork sartu zuen toxina botulinikoa ‘Veinte poemas de amor y una canción desesperada’ lanaren egilearen gorputzean.

Nerudaren sendiaren zati batek haren txofer izandako Manuel Arayaren bertsioa babesten du, bera izan baitzen idazlea bizirik ikusi zuen azken pertsonetako bat.

Arayaren arabera –bere testigantza Alderdi Komunistak eginiko salaketaren oinarria izan zen eta 2011n ikerketa martxan jartzea ekarri zuen–, poeta sabelean injekzio baten bidez pozoitu zuen erregimeneko agente sekretu batek, mediku baten plantak eginez.

Peritu-txosten berri horren ondorioak otsailaren 3an ezagutaraztekoak ziren, baina entzunaldia bertan behera utzi zen adituetako baten konexio-arazoengatik.

Otsailaren 6rako birprogramatu zen, baina perituen arteko desadostasunengatik ere bertan behera utzi zen.

«Konforme eta triste gaude, orain badakigu hil egin zutela. Lehen batek gauzak suposatzen zituen, baina ikerketa honek egia esan zuen: Neruda hil egin zuten», nabarmendu zuen astelehenean Reyesek.