Barrenetxea IV.ak eta Ansa II.ak Kutxabank Masters finala jokatuko dute larunbatean, 16:30etatik aurrera Galarretan. Masters txapelketaren 13. finala izango da eta iazko bi protagonista berberak ariko dira elkarren aurka. Barrenetxeak Masterseko bi txapela ditu (2020 eta 2022) eta hirugarrena nahi du lortu. Ansarentzat lehenengo txapela izango litzateke eta bere ibilbidean emateko geratzen zaion azken pausu hori behingoz eman nahi du, lehen mailako final bat irabaztea. Masters Txapelketa nahikoa berria da, 2011n hasi zen jokatzen eta Ezkurra (2011, 2012), Urriza (2013, 2014, 2017, 2018, 2019, 2021), Uterga (2015, 2016) eta Barrenetxea (2020, 2022) izan dira txapela jantzi duten lau erremontistak, urnietarrak bosgarrena izan nahi du.
Momentuz, azken aurrekaria alde du, larunbatean, ligaxkaren azken jardunaldian, elkarren aurka aritu ziren eta Ansak 24-30 lortu zuen garaipena. Hori bai, ez zegoen gauza handirik jokoan eta finalak oso desberdinak izaten dira. Esaterako, 2021tik orain arte sei partidatan aritu izan dira elkarren aurka buruz buru eta bakoitzak hirutan gainditu du aurkaria, baina Barrenetxearen garaipen denak finalerdi eta finaletan izan diren bitartean, Ansarenak jokoan ezer gutxi zuten partidetan eman dira.
Pilota biziagoak hernaniarrak eta motelagoak urnietarrak
Larunbateko finalari begira materiala aukeratzen izan dira gaur biak Galarretan eta dena esperotako bidetik joan da. Ansak pilota motelagoagoak aukeratu ditu, piloteoa bultzatzeko eta Barrenetxeak, berriz, material biziagoa apartatu du, saketik min egiteko asmoz.
Hernaniko atzelariak ez du ligaxkan gertatutakoa errepikatzerik nahi. «Ansa indartsuago eta auspo hobearekin iritsi zen amaierara. Pilota motelagoak zeuden eta bizirik ez. Horrek berari egin zion mesede. Oraingoan niri ongi etortzen zaidan pilota biziagoa aurkitu dut saskian. Ansak asko hobetu du eta azkar jokatzen du eta nire pilotekin min egiten saiatuko naiz. Bera da faborito eta gainera joko askorekin iristen da finalera. Gero eta final hobeak jokatzen ditu eta ni, gainera, ez naiz iritsi nire punturik onenean. Puntutxo bat falta zait».
Urnietarrak ere oso argi du zein dan komeni zaion partida mota. «Nik pilota motelagoak aukeratu ditut. Aurreko larunbatean mesede egin zidan pilota mota horrek eta horiekin jarraituko dut, bere pilota biziak min handia egiten dit eta. Aurreko larunbatean ez zegoen mota horretako materialik eta mesede egin zidan. Finalerako badaude pilota biziak eta horrek errespetua sortzen du, sakearekin eta bere kolpearekin min handia egiten dit material horrekin. Iazko finalean horrela izan zen. Txapelketa honetan asko gozatu dut. Jokorik gabe iritsi nintzen, baina oso ongi sentitu naiz. Aurreko urtean alderantziz izan zen. Barrenetxeak ez du ahulgunerik eta dena ongi egin behar da irabazi nahi izanez gero».
Ligaxkan hernaniarrak ez zuen saketik min handiegirik egin, ez behintzat Ansak baino gehiago. Honelako partida garrantzitsu gehiago jokatu ditu atzelariak eta horrek abantailaren bat eman ahal dio, baina Ansak urduritasuna baretzen badu oso arriskutsua bihurtzen da. Indar handiko erremontista da eta bere pilotakada bizia da. Errebotean ongi aritu zen ligaxkan eta horrek konfiantza emango dio. Barrenetxeak ez zuen ezker pareta ukitzen asmatu eta jokaldi hori hobetu beharra du.
Azken urteetan Ansa lehen txapela handiaren bueltan dabil, baina aurreneko hori ez da oraindik heldu eta horrek urduritasuna gehitzea ekarri dezake. Mastersak estreinatzeko aukera ona dirudi, hori bai, horretarako bere onena eman beharko du Barrenetxea bezalako txapeldun bat gainditu nahi badu du. Hernaniarrak buruz buruko txapelketa nagusiko bi txapel ditu eta Masters txapelketako beste bi.
Jaialdia, 15.30ean hasiko da eta finala jaialdiko bigarrena izango da, ETB-k zuzenean emanda. Aurretik, Segurola eta Larrañaga, Binakakoaren txapeldunek, Urriza eta Apezetxearen aurka jokatuko dute. Atzelari goizuetarrarentzat aukera ona da goi mailako erremontistekin neurtzeko.
Afizionatu Txapelketako finalerdia 18.30ean
Profesionalen jaialdia amaitu eta gero afizionatu mailan Txapelketa Nagusiko finalerdia jokatuko dute Galarretan, 18.30ean hasita. Bertan, Gurrutxaga eta Goikoetxea VI.ak, Irazu eta Aiestaranen aurka jokatuko dute.