NAIZ

Bizkaibuseko zerbitzuaren kudeaketa bere gain har dezala eskatu diote Aldundiari gaurko greban

ELA sindikatuak adierazi duenez, Bizkaibuseko Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterriko zerbitzuetan antolatutako grebaren jarraipena erabatekoa izaten ari da. Zerbitzuaren kudeaketa bere gain har dezala eskatu diote Aldundiari.

Urtarrilean egindako manifestazioaren argazkia.
Urtarrilean egindako manifestazioaren argazkia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

ELA sindikaturen arabera, grebaren jarraipen erabatekoa izaten ari da Bizkaibuseko Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterriko zerbitzuetan.

Ohar batean azaldu duenez, Bizkaibuseko hiru lineetako 500 langile baino gehiago Bilboko erdigunetik ibili dira protestan goizeko 8.00etatik aurrera. Bizkaiko Aldundiaren foru jauregiaren aurrean amaitu dute mobilizazioa.

«Diputazioari eskatu diote esku har dezala gatazkan, Alsa eta Vectalia multinazional linea kudeatzaileen aurrean. Era berean, azpimarratzekoa da gaur egiten ari diren 24 orduko greba jarraipen oso zabala izaten ari dela langileen artean», nabarmendu du sindikatuak.

Izan ere, protesta horien bidez, ELAk eskatzen du Foru Aldundiak «bere gain har dezala zerbitzu horren kudeaketa zuzena, benetako negoziazio bati ekin diezaiola plantillen baldintzak hobetzeko, eta ez dezala enpresa horien xantaia onartu; enpresa horiek milioika euro eramaten baitituzte erakundeetatik espekulatzeko, zerbitzuaren kalitatea murrizten, lanpostuak amortizatzen eta langileen eta zerbitzuaren baldintzak okertzen».

Ostiralean Busturialdeko eta Lea-Artibaiko langileak daude deituta grebara. Guztira, azarotik gaur arte, 23 greba egun egin dituzte Bizkaibuseko langileek.