Nerea Goti

Ezberdinen arteko entzute espazioak nabarmendu ditu Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak azken zazpi urteetako balantzea partekatu du larunbat honetan Iruñean gizarte zibileko eragileekin, indarkeria ezberdinen biktimen arteko elkarrizketarako eta enpatiarako espazioen sorreran egin den ekarpena nabarmenduz.

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko kideak, topaketaren osteko agerraldi publikoan.
Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko kideak, topaketaren osteko agerraldi publikoan. (Nafarroako Foro Sozial Iraunkorra)

Bere lan zikloaren amaierara iritsita, gizarte zibileko eragileekin bildu da larunbat goiz honetan Nafarroako Foro Sozial Iraunkorra Iruñeko Condestable Jauregian, «erabakia» gizartearekin partekatu eta lanaren balantzea «gizarteari itzultzeko».

Pasa den urtarrilean Durangon egin zen topaketaren ondoren, Nafarroan azken zazpi urteetan emandako aurrepausoak partekatu eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan dauden erronkei begira jarri dira. Izan ere, herri dinamikak azpimarratu du «bakea eraikitzeko prozesua amaitu gabe» dagoela oraindik eta «bide luzea» dagoela egiteko.

Dinamikak herrialdean egindako ekarpenen artean «indarkeria desberdinen biktimak elkartzeko» espazioak sortzeko egindako lana nabarmendu dute, 2016an bertan, Nafarroako foroa jaio eta gutxira Iruñeko Legebiltzarrean antolatu zuen lehen topaketa hura gogora ekarriz.

«Ekimen hura ez zen kasualitatez sortu. Mahai-inguru hartan, Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak finkatuta utzi zuen bere xede nagusia: pertsona desberdinak elkartzea eta entzuteko eta enpatiarako espazioak sortzea», gogoratu dute Xanti Begiristainek eta Txemi Perezek topaketari amaiera eman dion eta streaming bidez jarraitu ahal izan den agerraldi publikoan.

Azken urteetako lanari erreparatuta, egindako bidea partekatua izan dela azaldu dute herri dinamikako ordezkariek, eta «irekitzen den fase berriari aurre egiteko testuinguru hobe bat finkatzen lagundu» duela azpimarratu dute.

«Krispaziotik ihes egin duen» lan eredu berritzaile eta eraikitzaileak zabaldu dituen bide berriak ekarri dituzte gogora, baita «ideia eta marko berriekin gizarte osoa bustitzeko» egindako lana ere. «Duela zazpi urte imajinatu ezin ziren aurrerapenak» izan direla nabarmendu dute.

Torturaren txostenak jasotako aitortza

«Horren lekuko» da, zehaztu dutenez, pasa den otsailaren 10ean Iruñeko Legebiltzarrean 1.068 tortura kasu baieztatzen dituen txostenaren aurkezpenak jaso zuen indar politiko guztien eta sindikatu gehienen babesa.

Planteatu dutenez, 2017. urtean izandako armagabetze zibila eta ETAren desegitea, NBEk zehaztutako nazioarteko parametroen barruan, presoen harreren auzia bideratuta eta biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruko adostasuna zehazten hasita, presoen auziari dagokionez konponbiderako markoa finkatuta dago.

Adostasun berriak «oso tentuz» eraikitzen joan direla gogoratu ondoren, akordioek elikatu dituzten urrats berriak aipatu dituzte. Marko horretan aipatu dituzte giza eskubideen urraketen biktima guztien babesa, Estatuaren biktimek behar duten erreparazioa, torturari buruzko txostenak eta egin beharko diren berriak edota Altsasuko gazteek jasan duten epaien aurkako adostasun zabala, besteak beste.

Zehaztu dutenez, dinamikak errealitate ezberdinetara egokitzea izan da ekarpen handienetako bat, «konponbiderako prozesua eremu instituzional bakoitzera» egokituz, eta berezko erritmo eta tresnak baliatuz. «Eredu horri esker, ibilbide-orri propio bat diseinatu ahal izan da Nafarroarako, kanpoko esku-sartzerik gabekoa», azaldu dute herri dinamikako bozeramaileek.