Imanol Ansak amaierara arte sufritu behar izan du banakako bere lehen txapel handia janzteko

Aurrelari urnietarrak 29-30 menderatu du Endika Barrenetxea Kutxabank Mastersaren finalean, 17-28 eta 24-29 irabazten joan ondoren. Neurketa bikaina jokatu du eta, sufrituta izan den arren, izar handien artean bere lekua egiten ari dela erakutsi du.

Imanol Ansa, txapela jantzita, sari banaketa ekitaldian.
Imanol Ansa, txapela jantzita, sari banaketa ekitaldian. (Maialen ANDRES | ORIAMENDI2010)

Imanol Ansak bere ibilbideko banakako lehen txapel handia jantzi du Galarretan, Kutxabank Mastersaren finalean Endika Barrenetxeari 29-30 irabazi ostean. Aurrelari urnietarra nagusi izan da neurketa ia osoan, 17-28 eta 24-29 irabazten egon da, baina garaipen erosoa izan behar zuena asko zaildu zaio Barrenetxearen amaierako partzialekin.

Txapelketa osoan bezalaxe, gaur ere hasieratik ikusi da Ansa II.a txispa handiarekin dabilela. Pilota oso bizi ibili du uneoro eta Barrenetxeak zailtasun handiak izan ditu pilotara jartzeko. Markagailuan beti aurretik ibili da urnietarra, baina sakearekin izan dituen arazoek eragotzi dute abantaila nabarmenagoak izatea.

Izan ere, 6-7rako jada hiru falta eginak zituen sakez Imanol Ansak. Bi sake motz geratu zaizkio, eta pasa bikoitz bat ere egin du. Hala ere, garaiz lortu du sakeari neurria hartzea eta apurka-apurka aldeak handitzen joan dira.

Finalaren erdialde horretan Ansaren bertsiorik onena ikusi dugu: defentsan pilota oso zailak eramaten eta errematean asko asmatzen. Horma-bikoak primeran funtzionatu dio eta konturatzerako 17-28 aurretik zen aurrelaria. Barrenetxea, aldiz, ezinean zebilen, bere buruarekin haserre.

Sakea aldatu du Barrenetxeak

Une horretan, ordea, neurketa erabat aldatu duen erabakia hartu du Endika Barrenetxeak. Ordura arte sakearekin min handirik egiten ez zuela ikusita, ezker-paretetik sakatzen hastea erabaki du, eta egoera goitik behera aldatu da. Ansak askoz arazo gehiago izan ditu errestoan eta apurka-apurka atzelari hernaniarra hazten joan da.

Lehen 0-6ko partzialarekin 23-28 inguratu da Barrenetxea, eta Ansak 23-29koa egitea lortu duen arren, beste 0-6ko takada bati esker finala 29-29 berdintzea lortu du gorriz jokatu duen pilotariak. Azken tantoak erabakiko zuen txapela, eta piloteo bizi baten ostean Imanol Ansa izan da garaipena eskuratu duena, Barrenetxeari kanpora alde egin dion pilotakada bati esker.

«Gauza asko pasa dira azken tanto horietan baina oraintxe bertan ez dakit ongi zer gertatu den. Orain garaipenaz gozatu nahi dut eta denborarekin aztertuko dut zer gertatu den», onartu du Imanol Ansak neurketaren amaieran.

«Txispa handiarekin etorri naiz, gustora nago egindako jokoarekin baina azken zatian mamu batzuk azaldu dira. Hogeigarren tantotik argi nuen partida nik bukatu behar nuela, baina ez dut aukerarik izan. Azkenean eskerrak eman beharko dizkiot Endikari azken pilota hori kanpora bidali duelako», gehitu du banaka bere lehen txapela jantzi duen urnietarrak.

FITXA

Pilotakadak: 203. Partidaren iraupena: 61 minutu eta 58 segundo. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-4, 3-4, 3-5, 5-5, 5-7, 6-7, 6-8, 7-8, 7-10, 8-10, 8-12, 9-12, 9-13, 11-13, 11-16, 13-16, 13-19, 14-19, 14-20, 15-20, 15-23, 16-23, 16-25, 17-25, 17-28, 23-28, 23-29, 29-29 eta 29-30. Sakez: 6 Barrenetxea IV.ak –2 faltarekin– eta 3 Ansa II.ak –5 faltarekin–. Jokoan egindakoak: 15 Barrenetxea IV.ak eta 17 Ansa II.ak. Galdutakoak: 8 Barrenetxea IV.ak eta 3 Ansa II.ak. Gertaerak: Sarrera polita Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Aritz Zubiri izan zen Barrenetxearen botileroa eta Julen Loitegi Ansa II.arena. Lehen sakea, urdin.