Berako inude eta artzaiak, herritar guztiena den besta berezia
Bortziri aldean bada inauteriak ospatzeko aski ohitura berezi bat, 1920 eta 1930eko urteetatik heldu dena eta frankismoan galdu ondotik 1979an berreskuratu zena. Azken urteetan indarra hartzen ari da Berako inude eta artzaien besta. 275 konpartsakiderekin, marka guztiak hautsi ditu aurten.
Ez zegoen aitzakiarik, eguzki goxoak kalera gonbidatzen zuen, baina igande honetako Berako inude eta artzaien eguna paregabea da hainbat arrazoirengatik. Hasteko, inoiz baino partaide gehiago ditu: 210 dantzari, 45 mozorro eta 25 musikari, orotara 275 konpartsakide. Gure Txokoa dantza taldeko antolatzaileentzat «ezuste ederra» izan da.
Aipatzekoa da inauteri hauen buruzagiaren, Aita Joxeperen, pertsonaia Martin Goikoetxea ‘Goiko’ herriko argazkilari maitatuak gorpuztu duela. Gure Txokoako Jon de la Cruzek azaldu digunez, Aita Joxeperen irudi hori aprobetxatu nahi izan dute Goiko omentzeko. 40 urtez etengabe ibili da argazkietan Berako tradizioak eta kultur ekitaldiak jasotzen. «Bere lanari esker, gure herria iruditan gelditu da betiko. Bertzalde, dantza taldearen ekitaldi guztietan ibili da argazkiak ateratzen, bai bere lana zenean eta bai erretiroa hartu ondoren».
Aunitz maite du inude eta artzaien egun hau eta «hunkitu» egin zen De la Cruzek berak telefonoz Aita Joxepe izateko proposamena egin zionean. «Duela aste bat izan zen. Sekretua zela erran zidaten eta kosta zait isiltzea, hagitz solastuna bainaiz», kontatu digu Goikok. «Ardura eta gogo handiz» eman zuen baiezkoa, eta kezka batekin: «Nork aterako ditu argazkiak?». Lasai egoteko, oraingoan berari eginen dizkiotela argazkiak erantzun zioten.
Ez dakit sobera fidatzen den, kamera altzoan baitabil. «Dagoeneko atera ditut argazkiak, internetera igo ere bai», jakinarazi digu eguerdirako. Agerra auzoan mokadu bat jaten harrapatu dugu. «Saltsero hutsa naiz eta ezin gusturago nabil, herria bizitzen, elkarbizitzen», adierazi du.
Maite jolasak irudikatzen
1920 eta 1930eko hamarkadetan jada egiten ziren inude eta artzaiak Bortzirietako herri honetan. Frankismoan debekatu, eta herritar talde batek 1979an berreskuratu zituen. Geroztik etengabe egin dira, jende gehiago edo gutxiagorekin. Azken urteetan indarra hartzen ari da.
Donostiatik heldu da tradizioa, musika ere Sarriegirena da. Baina Gipuzkoako hiriburuan ez bezala, Beran emakumeak artzaiz janzten dira eta gizonezkoak inudez. XX. mende hasierako pasarte bat dute oinarri dantzek: Kontxako pasealekuan hiritarren umeak zaintzen zituzten inude eta artzaien arteko maite jolasak oroitzen dituzte, hain zuzen.
Dantzariek dotore jantzitako txaranga bat izaten dute lagun karrikaz karrika, baita konpartsako pertsonaiak ere, XX. mendean herrian esanguratsuak zirenak: alkatea, apaiza, irakaslea, alarguna, postaria, barkilo saltzailea... baita deabrua ere.
Txikitatik ikasia
Aroa, Olaia, Sara, Zuhatz, Maddi eta Maialen borobilean eserita daude, eguzkiak berotutako harriaren gainean. 21 eta 22 urte dituzte eta txiki-txikitatik jaso dute inude eta artzaien ohitura. «Superberexia» da haientzat eguna. «Gogo handiz» hartzen dute eta, batzuek, bestondo pixka batekin. Ondoko herrian, Lesakan ere ospatzen ari dira inauteriak eta gazte beratarren artean ohitura dago larunbat arratsean han parranda egiteko. Batzuk hori uzten hasiak dira, iganderako «erreserbatzeko», baina adin kontua ere izan daiteke. «Guk oraindik bi gauzak egiten ahal ditugu», erran digu kuadrilla honek.
Oroitu dutenez, 6 urterekin ikasi zuten dantza ikastetxean eta haurren desfilean ateratzen ziren. «Orduan galbana gehiago izaten genuen. Behartutako gauzak ez dira hain gustura egiten. Orain, berriz, nahi dugulako ateratzen gara. Gustatzen zaigu sortzen den giroa. Bazkaria ere egiten dugu eta arratsaldeko desfilea animatuagoa izaten da».
Konpartsan
Loreak eta Perikok bigarren urtea dute konpartsakide bezala. Kuadrilla berekoak dira, bata baztandarra, bertzea madrildarra. «Baztango puska biltzea bezala, hau ere berezia iruditzen zait, herriko zerbait», azaldu digu Loreak. «Mozorrotzea ez zait gustatzen baina gaur disfrutatzen dut». Emakume dotorez janzteko asmoa zuen baina goizean gizon baten pertsonaian esnatu da. Garbi zuen konpartsan aterako zela. «Oraindik ez naiz arras beratarra sentitzen dantzatzeko». Etorkizunean nork daki.
Gustatzen zaizkio inude eta artzaiak, herri osoa elkartzen delako eta jendea kontent ikusten duelako. «Gazte, ez gazte, ez da diferentziarik markatzen; edozeinek gozatzen ahal du», azpimarratu du.
Perikoren historia ere ederra da. Madrilen bizi da baina aitatxi eta amatxi beratarrak zituen eta beti etorri izan da. Urtean sei-zazpi aldiz bai. «Arratsaldeko lauretan edo bostetan lana bukatu, kotxea hartu eta hona etortzen naiz. Batzuek ez dute ulertzen. Ez da erraza. Emozionala da».
Pajez ateratzeko eskatu zioten iaz. Gozatu zuen, eta aurten errepikatzen ari da. «Madrildarra naizenez edozer eskatzen didate, eta beti agertzen naiz prest», erran digu Berako kuadrillako lagunez inguratuta. Euskaraz ulertzen du, eta solas pixka bat egin ere bai. «Lagunek euskaraz egiten didate eta erdaraz erantzuten diedanean erdaraz jarraitzen dute. Erraten diet ez dela edukazio txarrekoa euskaraz egitea, ez dit molestatzen; kontrakoa: aditzen ahalegintzera bultzatzen nau, ez galtzera».
Lanagatik astean behin hartu behar du hegazkina nonbaitera joateko eta hori dela-eta zaila du Beran bizitzea. Halere, bertan sentitzen du etxea.