Bidasoa Irunek EHF European Leagueko multzo faseko bederatzigarren jardunaldia jokatuko du astearte honetan Ukrainako HC Motor taldearen aurka (18.45). Azken-aurreko jardunaldiko neurketa da eta, gauzak nola dauden ikusita, gipuzkoarrei puntu bakarra falta zaie final-zortzirenetan egoteko.
Hau da, momentu honetan hirugarren dira, zazpi punturekin. Aurretik Füchse Berlin (16 puntu) eta Skanderborg-Aarhus (12) talde indartsuak eta harrapaezinak ditu. Atzetik, ordea, HC Eurofarm Pelister oso gertu dago, 6 punturekin, eta Aguas Santas Milanezak 4 ditu. Gogoratu behar da lehenengo lauak sailkatuko direla hurrengo fasera eta bi talde hauek galduta dutela gol aldea bidasotarrekin. Jacobo Cuetara entrenatzailearentzat, «pauso txiki bat falta zaigu, baina eman beharra dago».
Gauzak hala, astearte honetan Düsseldorfen (Alemania) –Ukrainako gerrarengatik bertan ari da jokatzen bere partidak– berdinketa bat lortuta, nahikoa litzateke txartela eskuratzeko, baina ez luke hirugarren postua ziurtatuta izango. Beraz, momentu honetan sailkapeneko azkena den HC Motor taldeari irabazteko helburuarekin abiatu da taldea, ahalik eta gorenean amaituta, gero eta aurkari «hobea» izango bailuke hurrengo fasean.
Irundarren bolada etxetik kanpo ez da ona, baina aurrean sailkapena lortzeko aukerarik ez duen taldea egonda, honek erraztasuna ekar lezake. Joanekoan Bidasoak 26-22 irabazi zion Artalekun. Hala ere, Cuetara aurkariaren arriskuaz mintzatu da. «Egunak pasa ahala hobeto jokatzen ari dira. Daniarren aurka (Skanderborg Aarhus) irabazteko gertu egon ziren bertan eta arazoetan sartu zituzten», gogoratu du asturiarrak biharko aurkariak dituen jokalari onak azpimarratu aurretik.
«Indar fisiko handia eta erasokorra dute, eta kanpoko jaurtiketetan gaitasun handia dute», gaineratu du Cuetarak. «Düsseldorfen irabazi beharra dago», aitortu du azkenik.