NAIZ

Osakidetzak astearte honetan irekidu 7.639 lanpostutarako izen-ematea

Astearte honetatik martxoaren 20a arte zabalik dago Osakidetzaren lan eskaintza publiko berrirako izen-ematea. Guztira 7.639 lanpostu eskaintzen dira, inoizko handiena Osakidetzari dagokionez.

Barakaldoko BEC, beteta aurreko lan enplegu eskaintza baten azterketan.
Barakaldoko BEC, beteta aurreko lan enplegu eskaintza baten azterketan. (Luis Jauregialtzo | Foku)

Osakidetzak lan eskaintza publiko berrirako izen-ematea ireki du bere webgunean astearte honetan, otsailaren 21ean. 2020, 2021 eta 2022eko egonkortzeko lan eskaintza publikoa da, eta 7.639 lanpostu eskainiko ditu, hau da, osasun erakundearen historiako «prozesurik jendetsuena» izango da enplegu publikoa egonkortzeari eta finkatzeari dagokionez.

Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 20an amaituko da, 14:00etan, eta, ahal dela, Osakidetzaren webgunean sortutako gunearen bidez izapidetu ahal izango dira. Lehen azterketak udatik aurrera egingo dira, euskal osasun erakunde publikoak jakitera eman duenez.

Lakuako Osasun Sailaren 2020-2024 Esparru Estrategikoan bildutako erronkei erantzuteko egin da deialdia. Esparru horrek, enplegua finkatzearen alde egiten du langileen arloan, beharginak gehitzeko neurriekin, eta horrek Osakidetzaren lan egonkortasun handiagoa ekarriko du. Gainera, 2021eko maiatzaren 11ko Osasuneko Mahai Sektorialean hartutako konpromisoak betetzen ditu.

Guztira, 7.639 lanpostu eskainiko dira. Gehienak (6.082), lan eskaintza publiko batean jarraitzen den ohiko prozesuaren bidez eskainiko dira, hau da, lehiaketa-oposizio sistemaren bidez (azterketatik eta merezimendu profesionaletatik lortzen diren puntuazioen batura kontuan hartuta).

Hala ere, lehen aldiz, eta salbuespen gisa, 1.557 lanpostu eskuratzeko, hautaketa prozesuak lehiaketaren sistemari jarraituko dio, hau da, merezimenduak bakarrik baloratuko dira. Egonkortzeko lan eskaintza publikoak dakarren berrikuntza da.

Aukeretako edozeinetan parte hartu nahi bada ere, inskripzioa bakarra izango da eta tasak behin bakarrik ordaindu beharko dira. Izen-emate hutsagatik, guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketa blokean eta azterketarik egin gabe eskaintzen diren 1.557 lehiaketetan. Ondoren, izangai bakoitzak erabakiko du oposizio faseko ariketetara aurkeztu ala ez, lehiaketa-oposizio blokeko gainerako plazetara ere aurkeztu ahal izateko.

Osakidetzaren webguneak orri hau prestatu du 2020-2021-2022ko lan eskaintza publikoarekin lotutako kontsulta guztiak egin ahal izateko. Salbuespen gisa, izen-ematea bide telematikoen bidez egin ezin duten pertsonek presentzialki eman ahal izango dute Donostiako Unibertsitate Ospitalean, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean (Bilbo) eta Osakidetzako zerbitzu zentraletan (Gasteiz).