NAIZ

Ainhoa Barbarin urretxuarra espetxera itzularazi dute, hirugarren gradua kenduta

Ainhoa Barbarin urretxuarrak espetxera itzuli behar izan du, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak hirugarren gradua baliogabetu ostean, Etxeratek jakinarazi duenez.

«Etxera» aldarria Bilbon, urtarrilaren 8an.
«Etxera» aldarria Bilbon, urtarrilaren 8an. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ainhoa Barbarin Iurrebaso urretxuarrak espetxera itzuli behar izan du, Auzitegi Nazional espainiarreko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak Fiskaltzaren helegitea aintzat hartu eta hirugarren gradua atzera bota ondoren, Etxeratek ohar batean jakinarazi duenez. Martuteneko kartzelara bueltatu da.

 

Ainhoa Barbarin hirugarren graduan zegoen 2022ko urritik, Martuteneko kartzelako tratamendu batzordeak horrela proposatu ostean, Lakuako Gobernuko Justizia Sailaren erabakiaren ondorioz.

2021eko apirilean Picassenteko espetxetik (600 kilometrora) Euskal Herrira hurbildu zuten. 21 urte daramatza espetxean urretxuarrak eta datorren urtean zigorraren hiru laurdenak beteko ditu. 

Azkenaldian hirugarren graduen kontrako helegite ugari izan dira Auzitegi Nazional espainolean, Fiskaltzak sistematikoki errekurritzen baititu. Berriki Asier Karrera etxarriarrari eta Asier Rodriguez santurtziarrari indargabetu diete hirugarren gradua, eta haiek ere kartzelara itzuli behar izan dute.