Ramon Sola

Gazteen arazoak Kongresura eraman ditu Aizpuruak eta «egiteko asko dugula» onartu du Sanchezek

Gazteen arazoak hizpide izan dira asteazken honetan Diputatuen Kongresuan, EH Bilduk horri buruzko galdera luzatu baitio Pedro Sanchez espainiar presidenteari. «Egiteko asko dugula» onartu du honek eta Gobernu espainolaren alde egiten ari diren taldeen laguntza eskatu du horretarako.

Mertxe Aizpurua, Diputatuen Kongresuan hizlari, aurreko jardunaldi batean.
Mertxe Aizpurua, Diputatuen Kongresuan hizlari, aurreko jardunaldi batean. (Alberto Ortega | Europa Press)

Gutxitan sartzen da gazteen egoera Madrilgo Diputatuen Kongresuaren agendan eta asteazken honetan horri buruz hitz egin behar izan du Pedro Sanchez espainiar presidenteak, EH Bilduko Mertxe Aizpuruak luzatutako galderari erantzunez. Etengabeko krisialdia jasaten dutela mahaigaineratu du honek, zenbait neurri planteatuz, eta hartutako erabaki batzuk aldarrikatu arren askoz gehiago egin daitekeela onartu du azkenik Sanchezek.

2008. urtean eztanda egin zuen krisiak gero etorri direnekin uztartu diren neurrian, «krisia da egungo gazteek ezagutu duten bizimodu bakarra», ondorioztatu du Aizpuruak. «Ustezko euskal oasian», gazte-langabeziaren sailkapenean Bilbo Europako hamaseigarren hiria dela jarri du adibide gisa. Ikasketetarako dirulaguntzak eta Gutxieneko Soldata igo izana ontzat jo ditu, baina «ez direla nahikoak» erantsi du, «egoera benetan jasanezina delako». Eta galdera hau luzatu dio Sanchezi: «Noiz amaituko da gazteriak jasaten duen utzikeria?».

Bere lehenbiziko interbentzioan Gobernu espainolak hartutako zenbait neurri defendatu ditu Pedro Sanchezek. Aizpuruak aipatutako bi kontuez gain, lan merkatuaren erreforma nabarmendu du, kontratuetan gazteek pairatzen duten behin-behinekotasuna leuntzen lagundu duelako. Umeen pobreziari aurre egiteko erabakiak ere ekarri ditu gogora.

Erantzuteko bigarren txandan, ordea, «egiteko asko dagoela» ontzat eman du Sanchezek, eta horretarako Gobernu espainolaren alde egiten ari diren taldeen «laguntza» eskatu du. Bereziki etxebizitzak lortzeko erronka aipatu du. Eta hauxe erantsi du laburpen gisa: «Herrialde honetan desberdintasun-esparrurik bada, genero aldetikoaz gain, belaunaldien artekoa da».

Espainiar presidenteak ez du balizko neurririk zehaztu, baina Aizpuruak zenbait aukera helarazi dizkio. Esaterako, Gutxieneko Soldata lurraldeka handitzekoa, Euskal Herrian 1.400 eurotako langara eramanez. Gazteentzako enplegua sustatzeko lan arloko legeak moldatzeko beharra erantsi du. Etxebizitza Lege «eraginkorra» aldarrikatu du EH Bilduko kideak, alokairuak arautuko lituzkeena eta gazteek hori lortzeko soldataren %60tik gora bideratu behar izatea ekidingo lukeena. Eta horiekin batera, bozka emateko eskubidea 16 urtera jaistea planteatu du Mertxe Aizpuruak, bere etorkizunaz erabakitzen duten ordezkariak 16-18 urte bitarteko gazteek ere hauta ditzaten.