NAIZ

Aintzinako arraunen eraikuntza berreskuratu du Albaolak

‘Ataunen arraunen’ izeneko proiektuaren bidez, Albaolak ahanzturatik berreskuratu du antzinako itsas eraikuntzako gako eta Gipuzkoako udalerri askoentzako ekonomian ezinbestekoa zen jarduna: garaiko ontzi handientzako arraunen eraikuntza.

‘Ataunen arraunen’ proiektuan parte hartu duten kideetariko batzuk.
‘Ataunen arraunen’ proiektuan parte hartu duten kideetariko batzuk. (Maialen ANDRES | FOKU)

Albaolak, Ataungo Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, ‘Ataunen arraunen’ proiektua abiatu du, Gipuzkoako basoetako egurrarekin arraunak eraikitzeko ekimena.

Ostegun honetan egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, pago egurra zen arraunak egiteko erabiltzen zena, eta zuhaitz hau altuera handian hazten denez, barrualdeko biztanleek eskuratu eta lantzen zituzten enbor hauek.

Ibilbidea, nabarmendu dutenez, bitxikeria historiko batekin topo egitean hasi zen: XVI. mendean basoetako lana ez zen zuhaitzen mozketara mugatzen, arraunaren eraikuntzaren lehen fasea ere gauzatzen zuten bertan. Zuhaitza bota ondoren, enborra lau zati berberetan zartatzen zen, eta behar zehatzen arabera arbastatzen zen. ‘Ezpalak’ eginda arraunak egiteko tailer espezializatuetara garraiatzeko unea zen.

Armada frantsesaren hornitzaileak

Xabier Alberdi, Euskal Itsas Museoko eta Albaolako ikerkuntza saileko zuzendariak azaldu duenez, «XVIII. mende amaiera bitartean milaka arraun bidaltzen ziren urtero Espainiako itsas armadara, Frantziara edo Portugalera, batez ere, Donostiatik eta Hondarribiatik. Gipuzkoan, ordea, Ataungo eta inguruko herrietako basoetaraino iristen zen itsasoa, bertako pagoekin egindako arraunekin egiten baitzuten arraunean munduaren zati handi batean». Aurkezpenean esan dutenez, Donostia adibidez Europako arraun banatzaile handia izan zen, armada frantsesaren hornitzaile nagusia izatera iritsiz.

Albaolaren parte den ontzigintza eskolak, ikasleei antzinako arraunak eraikitzeko prozesu hau praktikan jartzeko aukera eskaini zien basoan zuhaitza botatzetik hasita. Hautatutako basoa Ataungo Marumendi izan zen. 2019an lehen pagoa bota eta pitzatu zen, eta aprendizek bale txaluparen lehen arraunak egin ahal izan zituzten, baita Juanita Larando patatxarako ere, ‘Elkano Itsas Herria’ ekimenean euskal kostalde osoan zehar nabigatu duen ontzia.

Aurkezpen ekitaldian ohorezko arraunak banatu dituzte proiektuan parte hartu duten erakundeen artean. Martin Aramendi, Ataungo alkatea, izan da arrauna jaso duen lehena, bere hitzetan: «Gure historiaren zati garrantzitsu bat berreraikitzeko eta berreskuratzeko modua eskaintzen digu Albaolak, eta guretzat ezusteko polita izan da jakitea euskaldunok itsasoarekin lotuta daukagun historia miresgarri horretan ataundarron arbasoak ere partaide izan zirela».