NAIZ

Europa, Latinoamerika eta Ekialde Hurbilean izango dira Askapenaren aurtengo brigadak

Europara, Latinoamerikara eta Ekialde Hurbilera antolatu ditu Askapenak aurtengo brigadak «elkartasun internazionalistaren antolakuntza» erdigunean jarriz, izan ere, «inoiz baino agerikoagoa da elkartasun internazionalista herrien arteko ezinbesteko tresna dela».

Askapenak brigadetan parte hartzera dei egin du.
Askapenak brigadetan parte hartzera dei egin du. (ASKAPENA)

Askapena Euskal Herriko Erakunde Internazionalistak 2023ko brigada kanpainari ekingo dio, Europako, Ekialde Hurbileko eta Latinoamerikako askapen borroken ezagutza euskal herriratzeko asmoz. Bide batez, parte hartzeko deia zabaldu du. Epea ostiral honetatik apirilaren 9ra arte dago zabalik.

Erakundeak ohar batean azaldu duenez, 2023ko brigadei ekiteko, «Euskal Herrian egin beharreko eta nazioartean egin beharreko elkartasun internazionalisten antolakuntzan» oinarritu dira.

Horrela, Greziara, Italiara, Venezuelara, Brasilera, Boliviara, Argentinara, Uruguayra eta Palestinara izango dira aurtengo brigadak. Hala ere, Europari «garrantzi berezia» eman diotela azpimarratu dute, «Europako Batasuneko egitura inperialistak apurtu ezean ez delako askapenik izango». Hala, «ofentsiba inperialistaren aurrean» antolatutako mugimenduak ezagutzera joango dira.

Gainera, Latinoamerikan «inperialismoaren eraso bortitzaren» aurrean sortutako prozesu iraultzaileak ezagutzea dute xede, baita Ekialde Hurbileko «inperialismoaren eta kolonialismo sionistaren aurkako herri erresistentziak» ere.

«Internazionalismoa norberaren askapen borroka nazioarteko estrategia batean kokatzea da, zapaltzen gaituen sistema osoa suntsitzeko xedea, alegia, nor bere herriaren mugetatik harago joatea. Internazionalismoa elkartasuna praktikan jartzea ere bada, eta horren baieztapen nagusia da langileriaren askapena buru izango duen praktika bultzatzea», gaineratu du Askapenak.