NAIZ

Euskara munduko 38. hizkuntzarik «eraginkorrena» da, ikerketa frantses baten arabera

Munduan dauden hizkuntza guztien artean euskara 38. «eraginkorrena» da, Gobernu frantsesak egin duen ikerketa baten arabera. Hamabi esparru aztertzen dituen ikerketa honetan, ingelesa da nagusi, frantsesa bigarren eta gaztelera hirugarren. Katalana 12. postuan kokatzen da.

Euskaraldiaren txapa jakan jartzen.
Euskaraldiaren txapa jakan jartzen. (Jon Urbe | FOKU)

Euskara munduko 38. hizkuntzarik «eraginkorrena» da ikerketa frantses baten arabera. 2022 urteko edizioan ‘Munduko hizkuntzen barometroa’-k hor kokatzen du euskara, galizieraren (37) azpian eta 380 milioi hiztun dituen hindiaren (39) gainean.

Sailkapenaren podiumean ingelesa, frantsesa eta gaztelera daude lehen hiru postuetan. Eta hauen atzetik alemaniera (4), errusiera (5) eta italiera (6).

Estaturik gabeko nazioetako hizkuntzen artean lehena katalana da, hamabigarren postuan, neerlanderaren azpian eta txekieraren gainean.

Zerrenda honen azken postuan, 634.ean alegia, rathawi kokatzen da, Indiako hizkuntza.

Gobernu frantsesaren Kultura Ministeritzak bost urtean behin egiten du sailkapen hau. Duela bost urte 43. tokian zen euskara.

Louis-Jean Calvet hizkuntzalariak ezarritako irizpideen arabera egiten da sailkapena. Horrelakoetan, normalean, hiztun kopuruari ematen zaio arreta, baina Calveten metodoaren arabera beste parametro batzuk ere hartzen dira kontuan. Hamabi esparru aztertzen ditu.

Entropia delakoa, adibidez. Hiztunak zenbat lurraldetan dauden kontuan hartzen da.

Interneten duten lekua

Hizkuntzek interneten duten presentzia da Calveten metodoak aztertzen duen beste elementu bat. Erreferentzia bezala puntu bat da elementu hau neurtzeko oinarria. Ingelesak 0,911 puntu du alor honetan. Bigarren postuan dagoen frantsesak 0,909. Hirugarren postuko gaztelera 0,701eraino jaisten da. Katalana, berriz, nagusienen artean kokatzen da 0,934rekin, ingelesaren gainetik. Euskararen nota ere bikaina da alor honetan, 0,932. Hiztun mordoa duen Txinako mandarinak, ordea, 0,675 puntu baino ez ditu lortzen alor honetan.

Wikipedian duen oihartzuna da Claveten metodoak neurtzen duen beste parametro bat. Ingelesa mailarik altuenean dago, puntu batekin. Gaztelerak 0,914 ditu, katalanak 0,856 eta euskarak, 0,818.

Unibertsitatean duen presentzia ere aztertzen du Claveten metodoak. Hemen ere, ingelesak puntu bat eskuratu du. Gaztelerak, berriz, 0,861, eta katalana 0,430eraino jaitsi da. Euskararen egoera arlo honetan okerragoa da oraindik, 0,214 puntu baino ez baitu lortu.