Ostiralean 20.30etan jokatuko du Saski Baskoniak Boloniako Virtus Segafredo Arenan Sergio Scariolok zuzentzen duen Virtus Boloniaren aurka, Euroligako Fase Erregularreko 25. jardunaldiari dagokion neurketa.
Neurketa honetatatik kanpo geratu da azken orduan Tadas Sedekerskis Saski Baskoniako kapitain gaztea. Hegalekoak giharretako arazoak ditu ezker zangoko izterrean eta Gasteizen geratu da, klubaren mediku zerbitzuen eskuetan ahalik eta arinen eta egokien errekuperatu nahian.
Ondorioz, joan zen ostiralean ez bezala, Daulton Hommesek jokatzeko aukera izango duela eta, bestetik, Joan Peñarroya entrenatzaileak ez du beste jokalaririk baztertu beharko hamabi jokalarik osatzen baitute orain Saski Baskoniaren deialdia.
Uneotan gasteiztarrak zazpigarren postuan daude 13-11 balantzea aldean dutela, seigarren postuan doan Partizanekin eta atzetik dituen Valentzia Basket eta Zalgiris Kaunasekin berdinduta. Virtus Bolonia, berriz, sailkapen nagusiko hamabigarrena da, 11-13 balantzearekin, Anadolu Efes egungo txapelduna eta Dusko Ivanovicen Izar Gorriarekin berdinduta.
Aztertu, birkokatu eta segi
Joan zen ostiralean Kopako final-laurdenetan belarrondoko galanta hartu zuen talde gasteiztarrak, baina ahal bait arinen buelta eman beharko dio, etxetik kanpo komeni baino ahulago dabilen arren Euroligan, hamahiru garaipenetik hiru baino ez baititu erdietsi etxetik kanpo.
«Taldeak kale egin zuen Joventuten aurka», onartu du Joan Peñarroya entrenatzaileak ostegun eguerdiz eskaini duen prentsaurrekoan. «Kopako final-laurdenetan taldeak ez zen partidak eskatzen zuen mailan jokatu, bigarren zatian batik bat, eta denboraldiko momentu politenekakoa den baten, gure zaleak aurrean zirela, kale egin genuen», gehitu du.
«Gure maila emanda ere galtzea bazitekeen, Joventut bikain aritu baita Kopan, baina min handiagoa damaigu porrot horrek gure mailarik ez genuelako eman», adierazi du Terrassako entrenatzaileak. «Hargatik, astelehenean oraindik jota geunden, baina orain ostiraleko deman zentratuta gaude», esan du.
Etsipena atzean lagatzeko unea dela, nolabait esateko, adierazi du Joan Peñarroyak. «Taldeak bere azken partidetan egindakoak aztertu ditugu, batez ere orain taldea birkokatzea dagokigulako. alegia, taldeak hainbat aldaketa jasan ditu denboraldia hasi denetik, eta uneoro birkokatzen ari gara arrazoi horregatik. Izan ere, asteburuan gaizki pasa badugu ere, jabetzen gara denboraldia erabakitzeko oraindik asko falta dela eta parte hartzen ari garen lehiaketa bietan ondo kokatuta gaudela eta badugu motiborik etorkizunaari baikor begiratzeko. Era berean, badakigu onenen aurka jokatu behar dugula, eta gauzak oso oso ondo egiten jarraitu ezean, badakigu zer esan nahi duen horrek», ohartarazi du.