Maite Ubiria

Etcheverry eta Molle-Haran Pariseko Auzitegi Korrekzionalean epaitzeko eskatu du Fiskaltzak

Jean-Noël ‘Txetx’ Etcheverry eta Béatrice Molle-Haran, Luhuso ekimenarengatik auzipetuak izan diren bi bakegile, Pariseko Auzitegi Korrekzionalean epaituak izan daitezen galdegin du Fiskaltza Nazional Antiterroristak. Hirugarrena,  Stéphane Etchegaray ‘Etxe’, errugabetzea galdetu du.

Txetx Etcheverry eta Beatrice Molle-Haran bakegileak.
Txetx Etcheverry eta Beatrice Molle-Haran bakegileak. (Isabelle MIQUELESTORENA | Guillaume FAUVEAU)

Euskal Herriko bake prozesuan mugarri izan zen Luhusoko ekimenetik sei urte igaro direnean, auzi horretan auzipetuta dauden hiru lagunei dagozkien eskaerak egin ditu Pariseko Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak.

Bake Bidea elkarteak eta Bakegileek gaur goizean jakitera eman dutenez, Jean-Noël Etcheverry ‘Txetx’ eta Beatrice Molle-Haran Pariseko Auzitegi Korrekzionalean epaitzeko eskatu du fiskalak.

Aldiz, afera honetan orain arte zegoen hirugarren auzipetua, Stéphane Etchegaray ‘Etxe’, errugabetzeko galdegin du Pariseko Fiskaltza bereziak.

'Txetx' Etcheverry eta Beatrice Molle-Haranen aurka egindako eskaerak «onartezinak» direla salatu dute Bake Bideak eta Bakegileen aferaren harira plazaratu duten adierazpenean, 2016ko abenduaren 16an ETAren desarmatzeari laguntzeko eginiko ekimen honen kari auzibidean diren pertsona guzien hobengabetzea eskatuz.

Ildo beretik, Luhusoko ekimenean parte hartu zuten pertsona guztien hobengabetzea eskatu du bakegileen defentsak ere.

Oroitzearren, epaileak Luhusoko aferari buruzko ikerketa bukatutzat eman zuen iazko azaroa eta abendua artean, prokuradoreari zein defentsari horren berri emanez.

«Atentatuak prestatzeko armak ukaitea» litzateke ikerketaren funtsa. Aldiz, Stephane Etchegarayren abokatuak, Jean-François Blancok, deialdi bat jaso zuen urtarrilaren 31n zigilu-irekitze bat burutzeko, 2017an eskaturiko material informatiko batekin lotua.

Horrendako, «instrukzioaren heste berri baterantz goaz», baieztatu zion Blancok ‘Mediabask’ hedabideari, akusazioaren abokatuak luzaturiko eskaerak luzapen berria ekarriko zuelakoan.

Auzitegi berezi batean epaitzeko aukera baztertua

Behin ikerketa bukatu eta, prokuradoreak hiru hilabete izanen ditu bere errekisizioak aurkezteko, baina epea orientagarria baino ez da, akusatuetako bat ere ez baitago kartzelan.

Izan ere, epe hori agortu gabe, Fiskalak bere kalifikazioa plazaratu du.

Epaiketari buruz hiru aukera zituen, finean, Terrorismoaren aurkako Auzitegiak. Batetik, bost herritarrek atentatu bat prestatzen ari zirelako akusaziopean, bizi diren hiru ekintzaileak Pariseko auzitegi berezian auzipetu ditzaten galdegitea, «ekintza kriminalengatik».

Bigarren aukera auzitegi korrekzionalean epaitzea galdetzea zen.

Azkenik, auziaren artxibatzea galdegitea posible zuen.

Hala, bigarren bidea hautatu du fiskalak Molle-Haran eta Etcheverryrentzat, eta azken aukera hobetsi du hirugarren auzipetuaren kasuan.

Izen handiko bost herritar

ETAren armagabetzea ez aurrera ez atzera zelarik hain zuzen armak deuseztatzeko jardun zuten herritarrak atzeman zituen frantses Polizia operazioa iragan zen Luhusoko herrian 2016ko abenduaren 16an.

Erreferentzialtasun handiko bost herritar atzilotuak izan ziren: Jean-Noël ‘Txetx’ Etcheverry, Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouignan, Stephane Etchegaray ‘Etxe’ eta Beatrice Molle-Haran.

Geroztik atxilotuetako bi hil dira. Mixel Bergouinan 2017an zendu zen eta Mixel Berhoikoirigoin, berriz, 2021ean.