NAIZ

Gradu erregresioen aurka kalera atera dira Etxarri Aranatzen eta Urretxun

Auzitegi Nazional espainiarrak hirugarren gradua atzera bota ondoren Ainhoa Barbarinek eta Asier Karrerak espetxera itzuli behar izan dutela salatzeko manifestazioak egin dituzte Urretxun eta Etxarri Aranatzen.

Ainhoa Barbarinen espetxeratzea salatu dute Urretxun.
Ainhoa Barbarinen espetxeratzea salatu dute Urretxun. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Hileko azken ostirala izaki, presoen eskubideen aldeko mobilizazioak izan dira Euskal Herriko txoko ugaritan. Bide batez, azkenaldian izan diren gradu erregresioak salatzeko ere baliatu dituzte.

Halaxe izan da Urretxun eta Etxarri Aranatzen, Ainhoa Barbarin eta Asier Karreraren herrietan, hurrenez hurren. Barbarinek herenegun itzuli behar izan zuen Martuteneko espetxera, Auzitegi Nazional espainiarreko Espetxe Zaintzako Epaitegiak urrian Martuteneko tratamendu batzordeak eman zion hirugarren gradua atzera bota ondoren. Karrera ere kartzelara itzularazi zuten duela bi aste, arrazoi berberagatik. Hura ere Martutenen dago.

Urretxuko EAJk eta EH Bilduk kezka agertu dute Barbarini hirugarren gradua kendu diotelako eta bigarren gradura bueltatu dutelako, eta Fiskaltzak espetxeetako organoek hartutako erabakien aurka helegiteak jartzen dituelako. «Ebazpen judizialek merezi duten errespetua aintzat hartuta», eskatu dute «ebazpen horiek bateragarriak izan daitezela Espetxeetako Administrazioko organoen erabakiekin, gradu progresioak eta/edo espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena».

Etxarri Aranatzen ere euskal presoen etxeratzearen aldeko «oztopoak eta erasoak» salatu dituzte, Asier Karrerak ia 23 urte daramatzala espetxean gogoratu dute eta «mendeku gosea» leporatu diote Auzitegi Nazionalari.

CAFeko enpresa batzordeak ere elkarretaratzea egin du gradu erregresioen aurka.

Azkenaldian hirugarren graduen kontrako helegite ugari izan dira Auzitegi Nazional espainolean, Fiskaltzak sistematikoki errekurritzen baititu Lakuako Gobernuak onartzen dituen neurriak.