NAIZ

Aitor Bengoetxea Alkorta hautatu dute Udako Euskal Unibertsitateko zuzendari berri

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) urteko batzar nagusia egin du larunbat honetan. 2022ko balantzea azaltzeaz gain, Aitor Bengoetxea Alkorta zuzenbidean doktorea hautatu dute zuzendari berri. Kepa Sarasolari hartu dio lekukoa 1967an jaiotako donostiarrak.

Aitor Bengoetxea Alkorta EHUko irakaslea da Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko arloan 1991tik.
Aitor Bengoetxea Alkorta EHUko irakaslea da Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko arloan 1991tik. (UEU)

2022an Udako Ikastaroen 50. urteurrena ospatzetik dator UEU. Hiru helburu nagusi jarri zizkioten data biribil horri: bost hamarkadetan egindako lana ospatzea; komunitatearen atxikimendua areagotzea; eta erreferentzialtasuna eta aitortza lortzea. Larunbat honetan egin duten urteko batzar nagusian, zuzendaritzak bikain baloratu du urteurrena, eta aurrera begira dituzten erronkei aurre egiteko indarra bildu dutela adierazi du.

Kepa Sarasola orain arteko zuzendariak aipatu du UEUren erreferentzialtasuna areagotzeari begira elkarlan asko bideratu dituztela eta lan horrek guztiak fruituak eman dituela. Horietako bat UEU Euskal Ikerketa Sareko kide bihurtzea izan da.

Bestetik, 50. Udako Ikastaroak bereziak izan direla esan du. «Hausnarketarako eta elkarlanerako topagune izan dira inoiz baino gehiago eta bertatik jaso dugun uzta emankorra izan da». ‘Jakin’ aldizkariak argitaratu duen ‘Euskal Unibertsitateari’ buruzko ale monografikoa ere urrats kualitatiboa izan da.

Interneteko ikastaroen eskaintza sendotzen ari da

Alor akademikoari dagokionez, Irakaskuntza Masterra sendotuz doa eta Humanitate Digitalen lerroan hainbat ekimen sustatzen dabiltza. Horretaz gain, etengabeko formazio ikastaroetan pandemia aurreko egoerara bueltatu dira eta ‘ikastarONline’ ibilbidea jarri dute martxan, UEUk urteetan online ikastaroak diseinatzeko esperientzia biltzen duen eskaintza.

2022an hamar liburu argitaratu ditu UEUk, tartean ‘Urratuen arrastoa’, ‘Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza’ eta ‘Ekaiak badu garrantzia’.

Sarasolak pozik esan duenez, UEUren urteurreneko egitasmoan bere komunitateko mila kidek parte hartu dute: «UEUkide izateaz harro daudela esan duten bazkideak asko izan dira, eta hori bada ospatzeko zerbait. Eskerrik asko guztioi!».

Berak ere jaso du omenaldia, aginte-makila oparitu diote UEUren alde egindako lan guztiagatik.

Zuzendaritza eta erronka berriak

Batzar Nagusian UEUk bere zuzendaritza berritu du. Hemendik aurrera, Aitor Bengoetxea Alkorta (Donostia, 1967) izango da zuzendari berria, Kepa Sarasolari erreleboa hartuz. Gainera, bi kide berri hautatu dituzte Xabier Landabidea eta Ines Castiellaren hutsuneak betetzeko, Arantza Aldezabal Roteta (Pasai Antxo, 1967) eta Maria Napal Fraile (Lizarra, 1983).

Bengoetxeak aurtengo erronkak aipatu ditu. Besteren artean GOI ikastegia bizialdi osoko ikaskuntzan euskaraz eta online erreferentzia zentro izateko lan egingo dute, ikerketa batzordea martxan jarriko dute, eta baita berdintasun plana ere.

Alor akademikoan, jardunaldi espezializatuen antolakuntza sustatuko dute eta lurraldetasunari ere erreparatuko diote. Ipar Euskal Herrian udatik atera eta urte osorako plangintza oso bat eskaini nahi dute.