Igande honetan, gaueko 21.00etan, hirugarren aldiz arituko dira elkarren aurka Sevilla eta Osasuna denboraldi honetan. Kasualitatez, aurreko biak Sadarren jokatu zuten, eta bietan atera zen garaile talde gorritxoa. Lehenengoa abuztuaren 12an izan zen, Ligan, andaluziarren aulkian Julen Lopetegi zela, eta azkenekoa duela hilabete, Kopako final-laurdenetan, non Jagoba Arrasateren taldeak Jorge Sampaolirena kaleratu zuen.
Hala ere, estatistikek askotan ez dute ezertarako balio, eta Osasunako prestatzailea serio aritu da gaurko prentsaurrekoan. «Dugun guztiarekin ez bagoaz Sevillara, ez dugu aukerarik izango», azpimarratu du bizkaitarrak.
«Emaitza on bat lortzeko gogotsu gaude. 30 puntu ditugu eta ezin dugu hor geratu. Porrot batetik gatoz eta partida on bat egin nahi dugu», gaineratu du Arrasatek. Ez hori bakarrik. Urtarrilaren 14tik Osasunak ez du garaipena lortu Ligan. Tartean hiru berdinketa ere lortu dituzte nafarrek (Elx, Espanyol eta Valladolid) eta bi porrotak, hori bai, Atletico eta Real Madril indartsuen aurka izan dira.
Orain, gainera, Osasunak bi partida jokatuko ditu lau egunetan. Asteazkenean Kopako finalerdian Athleticen aurkako joaneko neurketa ere gertu du talde iruindarrak –sarrera guztiak agortu direla iragarri dute gaur bertan– eta, beraz, errotazioak egingo dituela aitortu du: «Ezinezkoa da esfortzuak errepikatzea hiru egunetan, kontuan dugu hori, baina orain buruan duguna da bihar hamaikako lehiakor bat ateratzea eta aldaketekin asmatzen jakitea emaitza on bat lortzeko».
Duela hilabete neurtu zituzten indarrak Sevillak eta Osasunak, kasu honetan Kopan, baina aurkaria aldatu egin dela aitortu du Arrasatek: «Sevillak asko hobetu du eta irteera oso zaila dugu. Bilakaera bat izan dutela ikusten da. Jokatzeko duten era ezberdina da eta orain automatismoak hartu dituzte, erasoan hobeto aritzen dira eta baloia galtzerakoan ondo defendatzen dute».
Gainera, Osasunak duela 17 urtetik ez du Sanchez Pizjuanen irabazi. Taldearen jokoa ez da txarra azken bolada honetan, baina saria ez da garaipenekin ikusi eta golak sartzea kostatzen ari zaio. Budimirrek eta Chimy Avilak bakarrik lortu dute gola egitea azken bost jardunaldietan. Argentinarrak ezin izan zuen Real Madrilen aurka jokatu, baina prest dago igande honetan lehiatzeko eta taldeari laguntzeko.