NAIZ

Pedro Asua miliziano galdakaoztarraren gorpuzkiak berreskuratu dituzte Jakan

Jakan hildako eta hobiratutako Pedro Asua Zubiaur Galdakaoko milizianoaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte. Urtebete baino gehiagoko prozesuari amaiera jarriz, familiari emango zaizkio datorren martxoaren 19an egingo den ekitaldi batean.

22 urte baino ez zituen Pedro Asuak eta hemen hilobiratu zuten. Orain herrira itzuliko dute.
22 urte baino ez zituen Pedro Asuak eta hemen hilobiratu zuten. Orain herrira itzuliko dute. (Galdakako Udala)

Galdakaoko Udalak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Gogora Institutuak Pedro Asua Zubiaur miliziano galdakaoztarraren gorpuzkiak berreskuratu dituzte Jakako hilerriko hobi batetik eta familiak datorren martxoaren 19an jasoko ditu.

Gorpuzkiak berreskuratzeko tramiteak 2021eko azaroan hasi ziren eta joan den urteko urriaren 13an eta 14an Aranzadi Zientzia Elkarteak aldez aurreko prospekzio-lanak egin zituen tokian bertan eta azkenean lurpetik ateratzea ahalbidetu dute.

Galdakaoko Udalak ohar baten bidez gogorarazi duenez, dokumentazio historikoa baliatuz aurkitu eta berreskuratu dira Asua Zubiaurren gorpuzkiak. Izquierda Republicanari atxikitako Zabalbide batailoko milizianoa izan zen gerra garaian eta 1938ko otsailaren 7an fusilatu zuten, Jakan, Gerra Kontseilu batek heriotza zigorra ezarri ondoren, 22 urte baino ez zituela.

Lurpetik ateratzeko egindako lanak Lakuako Gobernuaren eta Aranzadi Elkartearen arteko hitzarmenarekin egin da, biktimaren familiaren eta Galdakaoko Udalaren ekimenez. Horrela, han izan dira milizianoaren jaioterriaren alkate Iñigo Hernando, Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko teknikaria eta Jacako udalbatzako kideak. Aranzadiren aldetik Paco Etxeberriak eta Lurdes Herrastik hartu dute parte lan honetan (azken hau gaur elkarrizketatu dute Gaur8 aldizkarian).

Paco Etxeberria eta bere taldekideak, lanean Jakan milizianoaren gorpuzkiak ateratzeko. (Galdakaoko Udala)

Aranzadik Asuaren familiari emango dio aurkitutakoa Galdakaoko Elexalde auzoko hilerriaren ondoan martxoaren 19ko eguerdirako antolatu den ekitaldi publiko batean.