Elly Schleinek ezustekoa eman du igande honetan eta Alderdi Demokrataren primarioetan irabazi dio Stefano Bonaccini faboritoari, azken emaitzen arabera. Schleinek botoen %53,8 eskuratu du eta Bonaccinik, berriz, %46,2. Italia iparraldean eta Milan bezalako hiriguneetan garaipena eskuratu du alderdia gidatuko duen lehen emakumeak.
Emaitzen berri izan ondoren egin duen hitzaldian, 37 urteko irabazleak zera esan du: «Aldaketarako mandatua argia da. Iraultza txiki bat egin genuen eta oraingoan ere ez gintuzten etortzen ikusi».
«Gaurtik aurrera, Parlamentuan eta herrialde osoan oposizioaren antolaketari ekarpena egingo diogu, Gobernuak kolpatzen dituen eta ikusi nahi ez dituen pobreen defentsan», adierazi du.
Horrekin batera, Alderdi Demokratikoa Giorgia Meloniren Gobernuarentzat «arazo handia» izango dela ohartarazi du.
Prekarietateari, desberdintasunei eta aldaketa klimatikoari aurre egitea dira bere hitzaldian aipatu dituen hiru erronka nagusiak. Italiako ezkerreko alderdi hegemonikoa gidatzen lehen emakumea izango dela ere nabarmendu du.
Bonaccinik porrota onartu du eta zera esan du: «Gauza izan da, ni baino gehiago, Alderdi Demokratari berritzeko zentzua emateko».
Milioi bat pertsona inguruk parte hartu dute Alderdi Demokrataren primarioetan. Ez sondeoek ez aurrez egin diren bozketek ez zuten garailetzat hartzen Elly Schlein.
Schlein europarlamentaria izan da, Emilia Romagna eskualdeko lehendakariordea eta diputatua Italiako Legebiltzarrean. 2015ean alderdia utzi zuen, Matteo Renzi orduko idazkari nagusiaren ildoarekin ados ez zegoelako; alderdia zentro-eskuinerantz eramatea leporatu zion.
Orain Enrico Letta lehen ministro ohiaren lekukoa hartuko du. Honek primarioak deitu zituen iragan iraileko hauteskundeetan alderdiak botoen %20 baino gutxiago eskuratu ondoren, Italiako Anaiak ultraeskuindarrek (%26) baino gutxiago.