NAIZ

Gasteizko Parlamentuak Sahararen aldeko adierazpena onartu eta bandera jarri du egoitzan

Gasteizko Parlamentuak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldeko adierazpena onartu du eta bandera jarri du egoitzaren aurrealdean. SEADen sorreraren 47. urteurrena bete da astelehen honetan.

Gasteizko Parlamentuaren egoitzan Saharako bandera jarri dute.
Gasteizko Parlamentuaren egoitzan Saharako bandera jarri dute. (Eusko Legebiltzarra)

Saharar herriarentzat bakea eta askatasuna eskatzen dituen adierazpena onartu dute Gasteizko Parlamentuan, «Saharar Herriaren alde, autodeterminazio eskubidearen alde eta erreferenduma egitearen alde». Gaurko egunez duela 47 urte sortu zuten Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa eta urteurrenaren harira bandera ere jarri dute egoitzaren aurrealdean.

Bakea eta Askatasuna Saharar Herriarentzat Taldeartekoak onartutako adierazpenean jaso dutenez, Gasteizko Parlamentuak bere egin ditu Fronte Polisarioaren XVI. Kongresuaren ondorioak. Kongresua Dajlako errefuxiatu esparruan egin zen eta Gasteizko parlamentuko hainbat ordezkarik hartu zuten parte.

Era berean, konpromisoa agertu du testuan jasotako helburuak betetze aldera lanean jarraitzeko, baita Talde Parlamentarioen Konferentziaren eta Saharar Herriari Babesa eta Elkartasuna Emateko Europako Konferentziaren esparruan ere, besteak beste, lurralde okupatuetan giza eskubideak errespetatzearen alde.

Halaber, dei egin die Euskal Herriko erakunde nagusiei, Gasteizko Legebiltzarrean egin bezala, Saharako bandera nazionala beren egoitzetako lehentasunezko eta ageriko lekuetan jar dezaten. Adierazpena PSE alderdiko Miren Gallastegiren abstentzioarekin onartu dute Taldearteko kideek.