Pozgarria egiten da, krisi garai hauetan, antzoki baten irekieraren berri ematea. Batez ere hain ospetsua, hain enblematikoa, hain garrantzitsua izan denean bertako herritarrentzat eta, oro har, euskal kulturarentzat. Martxoaren 3an, ostiralean, ‘Piztu argiak!’ ekitaldiarekin isiotuko ditu berriz argiak berriztuta datorren Plateruenak.
Aldaketa garrantzitsu batzuk egin zaizkio: izena, irudia eta kudeaketa berriak izango ditu. Logoa berria da: «Kubo handi bat da, aterpe handi bat da, gauza asko bere barnean hartu baina ateak zabalik dituena», Maider Larrañaga, koordinatzaile berriaren hitzetan. Gunea berriz martxan jartzeko egin den prozesuan parte hartu duten elkarte, erakunde eta herriko taldeetako ordezkariez inguratuta agertu da Larrañaga, astelehen arratsaldean, hedabideen aurrean egin den aurkezpenean.
Piztu, poztu eta puztu
Beste aldaketa bat: izena. Kafe antzokia izatetik kultur aterpea izatera igaro da. Egitura berria islatuko zuen izen baten bila aritu direla aitortu zuen koordinatzaileak, etapa honetan kafe antzokia baino gehiago behar zuelako izan.
2020ko itxieraren ostean, Plateruena kudeatzen zuen kooperatibak berau desegitea erabaki ondoren, prozesu bat zabaldu zen. Eraikin eta proiektu honekin zer egin? Udalak Durangoko herritarren artean egin zuen galdeketan guneak bete behar zituen hiru helburu garbi atera ziren: kultura, euskara eta sorkuntza behar zituen bermatu. Are gehiago, «harrobia izan, esperimentazio tokia izan, topagunea izan, sortzaileen plaza izan eta oholtza behar zuen izan», Larrañagaren hitzetan. Bide batez, sasoi batean erreferentzia izateko zuen gaitasuna berreskuratzeko ahalegina egin nahi dute.
Plateruenak lelo berria du ere: ‘Piztu, Poztu, Puztu’. Hiru printzipio hauen gainean lan egingo baitu Plateruena Kultur Aterpeak. «Piztu argia, poztu bihotzak eta puztu dezagun aterpe hau!», Larrañagaren hitzetan.
Ostiraleko jaian herriko egileak izango dira, eta Anari gonbidatu legez. Eta hemendik aurrera zer? Egitarau finkoa bermatu nahi dute, eta maiatzera arteko ekitaldiak jaian bertan ezagutzera emango dituzte, besteak beste, Andragunearen abesti finala, migrazioari buruzko ekitaldia, Jon Maia, Xabier Amuriza...
Kudeaketari dagokionez, publikoa izango da, baina herritarren partaidetzarekin. Hau da, Udalak bere gain hartu du Plateruena –313.000 euroko dirulaguntza bideratu zaio–, baina gidaritza komunitarioa izango da. Hori dela eta, Durangoko elkarte, eragile eta norbanakoak Kultur Mahaia izeneko plataformara gehitzeko saio ezberdinak antolatu dira azken asteetan. Besteak beste, Gerediaga Elkarteak, AEKk, Jaizale Txistulari Elkarteak, Berbarok, Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE), Durangaldeko Berbalagunek eta kulturgintzan interesa daukaten durangar ezberdinek osatuko dute aipatutako Kultur Mahaia.
Hemendik aurrera Kultur Mahaiak hartuko du Plateruenaren gidaritza eta ‘talde motorra’ deiturikoa –Udaletxeko teknikariak eta Kultur Mahaiko bi kide– han erabakitakoa gauzatzen arituko da.
Jaia eta egitaraua
Martxoaren 3an, 20.00etan hasiko den ekitaldia Leire Vargas idazle durangarrak gidatuko du. Besteak beste, Anari Alberdi musikari azkoitiarrak Peru Magdalena idazle durangarrarekin egingo duen kolaborazioaz eta Ødei Barroso rap abeslari urruñarraren eta Aitor Bizkarra bertsolari abadiñarraren arteko kolaborazioaz gozatu ahalko da.
Horiez gainera, Mockers musika taldeak, Garazi Abraldes dantzariak edota Bertso Eskolako zein Bartolome Ertzilla Musika Eskolako ikasleek parte hartuko dute, beste zenbait sorpresarekin. Sarrera doakoa den arren, komeni da aldez aurretik txartelak gordetzea museoan edo kultur aterpean bertan.