Steilasek bi urteko haurrentzat –2021ean jaiotakoak– Lakuako Hezkuntza Sailak planifikatutako eskaintza aztertu du, eta zenbakiek adierazten dute bi sareak presente dauden udalerrietan itunpeko eskaintza publikoarena baino handiagoa dela, eta azken honek izaera «subsidiarioa» hartzen duela, pribatuaren mesedetan.
Joera hau nabarmena da, salbuespenak salbuespen, hirigune nagusietan, hots, hamar mila biztanle baino gehiago dituzten udalerri gehienetan. Oro har, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri handi askotan eskaintza pribatua publikoa baino askoz handiagoa da, eta kasu batzuetan lau ikaspostutatik hiru itunpeko sareak eskaintzen ditu.
Alde horretatik, Bermeo, Durango, Leioa, Zornotza, Orio edo Pasaiako zenbakiak oso deigarriak dira, eta are gehiago Andoaingoak, eskainitako 122 ikaspostuetatik 18 bakarrik baitira sare publikoarenak. Orotara, 2023-2024an 2 urterako eskaintza publikoa ez da %45era heltzen aztertutako udalerri horietako 27tan, eta 13 herritan ez da %35era iristen.
Ez da %50ean banatzen
Jaiotza tasa urterik urte jaisten ari den testuinguruan –2021ean 2011n baino %32,69 haur gutxiago jaio zen EAEn–, Steilasek zabaldutako dokumentuak agerian uzten du hezkuntza-sistema sare publikoaren eta pribatuaren artean %50ean banatzen dela esatea ez datorrela bat datuekin, batez ere bi sareen arteko konkurrentzia dagoen hiriguneak aztertzen badira. Izan ere, egia den arren sare publikoaren eskaintza osoa %50era iristen dela, kontuan hartu behar da 113 udalerritan eskaintza publikoa baino ez dagoela, eta horietatik 43 eskola txikiak direla. Hots, bi sareak dauden lekuetan itunpekoa da nagusitzen dena.
Bestetik, EAEko zortzi udalerritan ez dago adin horretarako eskaintza publikorik, eta, hala ere, eragin eremuak handitu izanaren ondorioz –LOMLOE legearen 109. artikuluak hala ezartzen du–, gaur egun ez litzateke beharrezkoa izango udalerri hauetan hezkuntza publikoa eskaintzea, eragin eremuan egon badagoelako. Hau da, Steilasek salatzen duenez, «ikastetxe publikoak sortu beharrean, eragin eremuak handitu dituzte». Lapuebla de Labarca, Iruraiz, Loiu, Anoeta, Ibarra, Irura, Lazkao eta Usurbil dira aipatu udalerriak. Gainera, hauek zenbatu gabe, beste hamahirutan itunpekoek herriko eskari osoa jaso dezakete.
Eta, hau gutxi balitz, EAEn badaude beste hamahiru udalerri 2021ean jaiotako haurren hezkuntza beharrei erantzuteko eskaintza nahikorik ez dutenak, publikoa eta itunekoa kontuan hartuta. Eta ez dira txikiak: Legutio, Alonsotegi, Arrigorriaga, Berango, Derio, Dima, Getxo, Lemoiz, Urduliz, Astigarraga, Elgoibar, Hondarribia eta Lasarte-Oria dira egoera horretan daudenak.
Sindikatuaren aburuz, «datuei erreparatuz argi gelditzen da 0 kilometroko hezkuntzatik urruti gaudela». «Azpieskaintza hau posible da soilik beste udalerrietan gaineskaintza dagoelako», adierazi du, eta uste du «hau horrela mantentzen den bitartean baremoan zazpi puntu emateak» ez duela «eraginkortasunik izango».
Honekin batera, salatzen du herri batzuetan, ikastetxe publikoen eskaintza aurreko ikasturtean lortutako matrikulara mugatzen dela, edota gutxitu zaiela, eta, aldiz, itunpekoek eskaintzari eusten diotela, «aurreko ikasturtean lortutako matrikula kontuan hartu gabe». Ofiziozko azpieskaintza –eskola publikoa soilik duten hainbat herritan eskaintza ez da iristen bertako eskolatze beharrak asetzera– eta gaineskaintza ere kritikatzen ditu.