NAIZ
Bilbo

‘ETAren agiri bulegoa’-ren «antzez-eten» iraunkor, orokor eta egiaztagarria iragarri dute

Lan berri batean murgilduta dagoenez, ‘ETAren agiri bulegoa’ izeneko antzezlanaren azken emanaldiak iragarri ditu Gilkitxaro antzerki taldeak. Umore absurdoaren ildoan, ‘adierazpen’ bat zabaldu du «lan honen antzez-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria» iragarriz.

Ane Zabala eta Galder Perez, ‘ETAren agiri bulegoa’-n.
Ane Zabala eta Galder Perez, ‘ETAren agiri bulegoa’-n. (GILKITXARO)

Komunikatu hau argitaratu du asteazkenean Gilkitxaro antzerki taldeak: «Gilkitxaro antzerki taldeak adierazpen honen bidez bere erabakiaren berri eman nahi dio Euskal Herriari: Azken urte arraro hauetan, ‘ETAren agiri bulegoa’ izeneko lana eskaintzen izan gara. Bertute handiko euskal pertsona alai eta antzerkizaleek sekulako babesa eman digute. Lan berri batean murgilduta gaude, eta prozesu sortzailea gatazkarik gabe aurrera atera ahal izateko konponbidea da lan honen antzez-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria egitea».

Umore absurdoa, muturreraino eramandakoa baita Bilboko konpainia honen adierazgarririk nabarmena. Ane Zabala (Bilbo, 1975) eta Galder Perez (Bilbo, 1975) antzerkigile eta kazetariek dira antzerki talde honen ‘bihotza’ eta «komedia absurdo» gisa deskribatu izan dute ‘ETAren agiri bulegoa’ pieza laburra. Espazio bat, bi pertsonaia eta muturrera eramandako premisa batetik abiatzen da: «Dena da ETA». Hain erabilia izan den esaldi hori bere egin, eta euren mundura eraman dute.

Hedabideetara helarazitako ‘komunikatuan’, beraz, hainbat puntu aipatu dituzte: «Kultur komunitateak egiaztatu ahalko duen ‘ETAren agiri bulegoa’ lanaren antzez-eten iraunkor eta orokorra adieraztea» erabaki dutela. Eta, bide batez, hau dela «gure prozesu berriarekiko eta lan ezberdinen konfrontazio amaierarekiko dugun konpromiso irmoa. Sormenetik eta alaitasunez jokatzeko garaia da».

Hala, Gilkitxarok antzerkizaleei dei egiten die erabaki hau beraiekin ospatzera antzezlan honen azken emanaldietara. Bilbon, Bilbon, martxoaren 16an, Kalderapekon (19.00etan), Urruñan, martxoaren 18an, Arotzenia elkartean (20.00etan) eta Oiartzunen, martxoaren 19an, Landetxe antzokian (19.00etan). «Data horien ostean izango duzue gure berri, laster, udaberrian, loratuko baita gure antzezlan berria», aipatzen dute.