NAIZ

Hautatu dituzte 111 Akademiaren Sarirako lehen bost izendatuak

Arantxa Urretabizkaiaren ‘Azken etxea’, Nerea Ibarzabalen ‘Bar Gloria’, Anjel Lertxundiren ‘Desertuan behatxuloa’, Aingeru Epaltzaren ‘Erretzaile damutuen konpainia’ eta Maddi Ane txoperenaren ‘Ez erran inori’ dira 111 Akademiaren Sarirako bost hautagaiak.

Nerea Ibarzabal, ‘Bar Gloria’ eleberriaren aurkezpenean.
Nerea Ibarzabal, ‘Bar Gloria’ eleberriaren aurkezpenean. (Maialen Andres | FOKU)

111 Akademiak amaitu du 2022. urteko eleberri gogokoena hautatzeko lehen bozketa fasea. Akademiako kideek urtarrilaren erdian abiatu zuten iaz euskal literaturak utzi zuen uzta zabaletik gogokoen duten obra hautatzeko bozketa eta otsailaren 26ra arte izan dute bozka emateko tartea. Epe horretan, Arantxa Urretabizkaiaren ‘Azken etxea’, Nerea Ibarzabalen ‘Bar Gloria’, Anjel Lertxundiren ‘Desertuan behatxuloa’, Aingeru Epaltzaren ‘Erretzaile damutuen konpainia’ eta Maddi Ane txoperenaren ‘Ez erran inori’ izan dira bozka gehien jaso duten eleberriak.

Lanik bozkatuenak, azaldu dutenez, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia eta Nerea Ibarzabalenak izan dira, baina hiruretako bakar batek ere ez du lortu lehenengo txandan saridun izendatzeko behar dituen botoen %30a eta, beraz, 111 Akademiak bigarren bozketa txanda ireki berri du.

Bigarren saio honetan, 111 Akademiako kideek martxoaren 26ra arteko tartea izango dute bost hautagai horien artean euren lanik gogokoena hautatzeko. Bozketa berri honetan libururen batek jasotako botoen %40a bereganatuko balu zuzenean saridun izendatuko luke 111 Akademiak. Kopuru horretara iristen den lanik ez badago, bi bozkatuenak finalera igaroko lirateke.