NAIZ

1.400 euroko gutxieneko soldata eskatu du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean

Europako Karta Sozialaren irizpideen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izan beharko litzatekeela defendatu du Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkideak eta igotzea eskatu dio Idoia Mendia sailburuari.

Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean.
Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arkaitz Rodriguezek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izatea eskatu dio Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuari Gasteizko Legebiltzarrean ostiral honetan. Azpimarratu duenez, Gobernu espainolak ezarri berri duen 1.080 eurokoa «ez da nahikoa Euskal Herrirako».

Rodriguezek defendatu duenez, Euskal Herrian bataz besteko soldata Estatu espainolean baino %20 altuagoa da eta bizitza %20 garestiagoa. Hortaz, EH Bilduren ustetan ezarri berri den gutxieneko soldatak «ez ditu Europako Karta Sozialaren irizpideak betetzen eta 1.400 eurokoa izan beharko luke».

Hortaz, Idoia Mendia sailburuari enpresariak eta sindikatuak deitzeko eskatu dio, «1.400 euroko gutxieneko soldata jasoko duen akordio interprofesional bat sustatzeko». Izan ere, «gehiengo sindikala alde dago, gehiengo soziala alde dago eta, itxura batean, behintzat, gehiengo politikoa ere bai», 2022ko aurrekontuetan Lakuak akordio hori sustatzea adostu zuelako EH Bildurekin.

Legebiltzarkideak ohartarazi duenez, «Madrilgo Gobernuak onartutako 1.080 euroko gutxieneko soldata horrek gure herrian ez du balio genero eta belaunaldi arteko arrakalak gutxitzeko, lan merkatuko arrakalak sakontzeko baizik».

Gutxieneko soldatarena «burujabetza behar dugulako adibide bat da, beste bat, gure errealitate sozio-ekonomikoari egokituko zaizkion politikak eta neurriak erabaki ahal izateko», ordorioztatu du.

Behin adostuta, Lakuaren «erabateko babesa»

Idoia Mendiak erantzun dio Lakuako Gobernuak «erabateko babesa» emango liokeela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata igotzeari, patronalak eta sindikatuek hala adostuko balute.

Mendiak ziurtatu du ez duela «inolako arazorik» EAEn Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata batez besteko errentaren %60ra arte igotzeko, baina EH Bilduri eskatu dio planteamendu hori «dagokion lekuan» egiteko, Lakuak «ez baitu eskumenik gutxieneko soldatak ezartzeko orduan, baina patronalak eta sindikatuek bai».