Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Eire Salegi eta Eire Maia, ametsa hurbilago dago

Melodiak eta letrak sortzen ditu batak. Ekoitzi egiten ditu besteak. Abestiak etxeko logelatik plazara ateratzeko ordua iritsi zaie. «Orain da momentua», diote biek. Lehen hiru abestiekin oihartzuna lortu ondoren, Elorrioko Gazte Topagunean eskainiko dute zuzeneko lehen emanaldia apirilaren 6an.

Eire Salegi eta Eire Maia, irribarretsu, bizi duten momentuaz eskertuta.
Eire Salegi eta Eire Maia, irribarretsu, bizi duten momentuaz eskertuta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Umeen logelako paretek amets ugari gorde ohi dituzte. Eire Salegi (Zarautz, 2002) eta Eire Maiaren (Zumaia, 2002) kasuan, musika doinuz jantzitakoak ziren. Estadio betean eszena gainean irudikatzen zuten euren burua. Egun hori oraindik urrun, iritsi zaie elkarrekin publikoaren aurrean euren abestiak aurkezteko eguna: apirilaren 6an Elorrion egingo den Gazte Topagunean. «Emozionatuta gaude, oso. Jende asko egongo da bertan eta kartela ikusita ‘flipatu’ egin genuen. Merina Gris, Zetak...», aitortu dute biek. Agenda betetzen hasi zaie. Apirilaren 20an Donostian (Doka), apirilaren 22an Zumaian eta maiatzaren 19an Lizarran arituko dira. Argitara eman dituzten hiru kantek -“Bihar nola”, “Amaitu baino lehen” eta “Agur esateko”- berehalako oihartzuna izan dute.

Abestiak aireratzea eta kontzertu eskaintzak jasotzea dena bat izan da. «Lagun batek egindako lanaren saria zela aipatu zidan, baina guk ez dugu horrela ikusten; hau plus bat da», azaldu du Salegik.

Eskuz esku

Letrak eta melodiak sortzen ditu Maiak. Haiek hartuta iristen da Salegiren etxera. Horren logelan sartu eta abestiak osatzen dituzte bien artean. Salegi arduratzen da alde teknikoaz, ekoizpenaz. Kontaezinak dira Youtuben tutorialak ikusten emandako orduak. Umetan urte pare batez jasotako gitarra eta solfeo eskolak salbu, autodidakta da. «Interneten ikertzen joan nintzen, ez nekien zer behar nuen nahi nuena egin ahal izateko; ikasketa prozesua izan da», dio.

Musika tresneria izan du “jostailu”. «Urtebetetze egunak eta Gabonak diru iturri bezala ikusi izan ditut. Urtetik urtera ekipoa osatzen joan naiz». Gurasoen laguntza eskertu du. «Ikusi dute musikarekiko grina nuela eta lagundu didate; zortea dut», esan du.

Maiaren kasuan umetatik idatzi eta abestu du. Ondo gordea dauka 12 urte zituela aitak oparitutako koadernoa. «Nire bizitza osoa hor dago idatzita. Batzuetan bertan jasotakoa kantura pasatzen nuen».

Betidanik sentitu du letrekiko lilura. Poesiazalea da. «Gata Cattana eta Rupi Kaur oso gustukoak ditut». Etxean jaso du literaturazaletasuna. Jon Maia du aita. Letragintzan haren eraginaz galdetuta, «ez dakit zein puntutarainokoa den», aitortu du.

“Kantu bat gara” ikuskizunean zapaldu zuen lehen aldiz agertokia aitaren eskutik. «Arriagan 19 urterekin 600 pertsonaren aurrean hankak dardarka izan nituen, ezin nuen kontrolatu».

Ez zen nolanahiko pausoa izan. «Hamasei urtera arte ez nintzen ausartzen familiaren aurrean kantatzen. Amari ere bizkarra emanda abesten nion». Hitzez esan ezin dituenak adierazteko bide ematen dio idazteak. Halaxe egin zuen, umea zela, amak agindutako arropa jantzi nahi ez zuela-eta harekin izandako haserrealdiaren ondoren. Abestia jaso zuen opari amak.

Barrua askatu

Barne sentipenak askatzen zituen Salegik ere. «Husteko modua zen gitarra jotzea, dena ahazten nuen. Gero ikusten duzu emozioak kontrolatzeko baliagarria dela musika».

Anekdota ugari dituzte musikarekiko irrikari lotuak. «Eskoba hartu eta amama eta aitonari, sofan zeudela, ‘orain kontzertua dago’ esaten nien. Mahai gainera igo eta kantatu egiten nien, ez zeukaten entzun beste aukerarik», irribarre artean kontatu du Maiak.

Salegik etxekoei dj saioak eskaintzen zizkien paper gainean boligrafoz margotutako “soinu mahaia” erabiliz. «‘Lehen futbolean aritu nahi nuen hemen, baina orain nire musika taldearekin jo nahi dut’, esan nion aitari Bartzelonara egindako familia bidaian, hamar urterekin, Olinpiar Estadioan geundela».

Hasieran nork bere etxean amestutakoa elkarrekin partekatzen hasi ziren. «Hamaika urterekin amaren etxeko ganbaran gitarra hartu eta orain bizi duguna imajinatzen hasi ginen; diskoetxe batera idazten ere hasi ginen». Denboraren joanak ez dio indarrik kendu ametsari. «Heltzen zoazen heinean errealistagoa zara. Lanera bideratutako karrera ikasten duzu, eta musikaren ametsa bigarren planoan geratzen da. Baina oraindik ere bazen helburua taldea egin eta proiektuak sortzea», esan du Salegik.

«Nire kasuan oraindik ere berdin-berdin fantaseatzen dut egongelan agertoki batekin; nik oso presente daukat», bota du ondotik Maiak.

Artista izan nahiak zer pisu zuen amets hartan? «Ez dakit.... furgonetan sartu eta bira egiteak motibatu egiten nau. Artista bati galdetu eta okerrena horixe dela esango dizu, sei orduko bidea egitea baina... bizimodu horrek erakartzen nau; kanta sortu, ekoizpena, zuzenean jo... dena elkarrekin doa», argitu du Salegik. Begiak piztu zaizkio.

Betidanik lotu dituen soka estutu du ametsak. Elkarren eskutik egin dute orain arteko bidea Eire Salegik eta Eire Maiak Zumaian. Batera ibili dira eskolan zein herriko futbol taldean, eta kuadrilla berekoak dira. Hamaika eguneko aldearekin jaio ziren eta gurean ohikoa ez den izenak ere batzen ditu. Jaio aurretik jakin zuten bien gurasoek izen bera aukeratu zutela familia bakoitzeko txikiarentzat. Lagunek nolabait desberdindu behar eta ‘Eirema’ eta ‘Eiresa’ esaten diete, baita eurek ere elkarri. Ez dute askorik pentsatu behar izan talde sortu berriari izena jartzeko. Eire.

Lotura estua

«Eirekin dudan konexioa uste dut ez dudala beste inorekin izango. Hainbeste gauza dira; ez dakit nola esplikatu ere. Ez naiz kontziente zer zorte daukadan. Ez da musika bakarrik; denerako dut ondoan, babesa emanez. Asko emozionatzen naiz horretaz hitz egiten dudanean. Kristorena da horrelako laguna izatea alboan. Ni ez nintzateke inor izango Eire gabe momentu honetan, horrela sentitzen dut. Eire da niri bidea egiten didana», adierazi du Maiak.

«Paraleloan ez, lerro bera da bizitzan biok egin duguna. ‘Zein izango nintzen gaur ez banu Eire Maia ezagutu?’ galdera egiten diot neure buruari. Ez dakit. Konplizitate handia daukagu eta musikan islatzen da hori», gaineratu du Salegik.

“Ahots gehiegi datoz kanpotik/ haien oihartzunak nere barrutik/ bide berriak kale zaharretatik/ itzalen aurrian aurpegia jarri” entzun daiteke “Bihar nola” kantan.

2022ko martxoa zen. Bilboko pisuan melodia sortu eta gero letra idatzi zuen Maiak. «Harreman batetik aterea nintzen. Sentitzen nuen tristurari kantatu nahi nion. Nire herriarekin nuen harremana ere aldatu egin zen aldi berean -bera ere hemengoa da-. Hortik dator ‘kale zaharretatik bide berriak’ esaldia», argitu du.

“Seguru nago baina gero ez/ bihozkada batek dio baietz/ patuaren biktima beste behin/ zoria ez da halabeharrez”, dio “Amaitu baino lehen” abestiak. «‘Batxea’ izan nuen karreran. Ez nekien ikasketekin aurrera segitu ala ez», adierazi du garai hura gogoan. Astebete da “Agur esateko” abestiak argia ikusi zuenetik. «‘Beti jokuan, beti jomugan’ esaldia neukan buruan eta hari tiraka idatzi nuen», dio. “Orbainen putzuan/ iragana eskutan/ zu beti kea /ta ni beti sutan”.

Nork bere kanta egitea nahi du. «Sekula ez zait gustatu mezu jakin bat zabaltzea, oso zuzenak diren letrak ez ditut gustuko. Lerro artean irakurri beharreko zeozer izatea bilatzen dut. Phoebes Bridgers deskubritu dut duela gutxi. Umorea eta metaforen bidez adierazten du; bide horretatik jo nahi dut», azaldu du.

Hirugarren abestiak badu desberdintasunik soinu aldetik. «Ez dago ez gitarrarik ez ezer, dena elektronikoa da. Hori ere bada Eire; ildo horretatik jarraitzeko asmoa dugu», azaldu dute. Ilusioz gainezka, estilo berriak jorratzeko grina erakusten dute bi gazteek.

Konpromisoa

Proiektuarekiko daukaten konpromisoa nabarmendu du Maiak. «Denbora asko eskaintzen diogu. Etengabe ari gara zer eta nola egin pentsatzen. Orain musika ezin dut lasai entzun, detaile txikienei erreparatzen diet». Ondotik, Salegik, «nik denbora asko daramat horrela, ‘begira hemen baxua nola entzuten den, begira hor gitarra’.... Musika erreferentzien artean Lany, Lauv eta Sebastian Cortes aipatu dituzte. Bedroom pop (logelako pop-a) estiloan sartzen dute euren musika. «Euskal Herrian agian gutxiago, baina AEBetan aspalditik ari dira eta handik datorkigu guri eragina». Teknologiak musikaren demokratizazioa ekarri duen galdetuta, «erabat, ekipoen merketzeak eta logela batean ere egin ahal izateak asko demokratizatu du», Salegiren erantzuna.

Euskal Herriko eszena nola ikusten duzue? «Guztiz aldatu da. Gauza asko berriak dira, eta gure proiektua aldaketa horren parte eta ondorio da, era berean. Orain arte euskaraz entzun izan ez diren soinu edo genero berriak ari dira lantzen. Chill Mafiak ireki zuen bidea, besteak beste, eta Merina Gris edo Bengoren proposamenak oso berritzaileak dira. Eta inspiratu egiten gaituzte geure bidean».

Artistak agertoki gainean eskaintzen duen ikuskizunari erreparatzen dio publikoak. «Denak itxura bera du: guztiek dauzkate zazpi dantzari atzean, autotunea topera jarrita...», adierazi dute munduan zehar egun nagusi den joeraz.

Zumaiako Amaia Plazan elkartu gara. Metro gutxira dago lagunak elkartzen diren taberna. Hara jo dugu. Elkarrizketaren amaieran Bruce Springsteen entzun da airean. “Dancing in the Dark”. Biak kantari hasi dira. «Guk ere entzuten dugu hau», esan dute gure irribarrea ikusita.

Musika asko kontsumitzen dute. Baita zuzenekoa ere. «Talde berriek egiten dutenari adi gaude», diote. Euren musika proposamena eszenan nola aurkeztu erabaki behar orain. «Besterik ez daukagu buruan, baina ez da agobioa, bedeinkatua arazoa!», esan du Salegik.

Bitartean ikasketak ere ezin ahaztu. Ikus-entzunezkoen Komunikazioa ari da egiten Maia; Telekomunikazio Ingeniaritza, Salegi.

Do It Yourself filosofia bete-betean lantzen dute. Hasi eta buka. Idatzi, ekoitzi, grabatu, promozioa... Bideoklipak ere lagun artean sortu dituzte. «Auto batetik egindako plano-sekuentzia nahi genuen. Autoaren atzealdean kamera jarri, argi-fokuak, eta horrelaxe egin genuen. ‘Amaitu baino lehen’ abestian gu biok kantuan agertuko ginela erabaki genuen. Horrez gain, agertuko ziren beste irudiak kuadrillarekin egunpasa egitekoak ginen, baina azkenean guk biok egin genuen plana. Bilbon zehar bueltaka ibili ginen sakelakoarekin grabatzen. Eta festa giroa jaso dugu “Agur esateko” abestiaren bideoklipean». Proiektu pertsonala da. «Dena guk egiten dugu eta oso harro gaude». Nahasketa eta masterizazioa egiteko unea iritsita Ozen estudioko Jurgi Taboadarengana jo zuten bigarren kanta grabatuta zutela. Berdin hirugarrenarekin. Lehenengo abestian biak arduratu ziren prozesu osoaz.

Irudiak ezinbesteko garrantzia du. «Industriak exijitzen dizu musika bakarrik ez, produktua eskaintzea. Izaro Fagundezen laguntza izan dugu. Diseinu grafikoa ikasten ari da, sekulako lana egiten du».

Egia

Musikak transmititzen duen egia da gakoa, bikotearen hitzetan. «Produktua ez garelako funtzionatzen du gure musikak. Gugandik sortu da eta publikoak naturaltasuna baloratzen du; garena gara eta garena egiten dugu». Naturaltasun horixe bera agertzen dute kazetarion grabagailu eta kamera aurrean ere. Ezin poza aurpegitik ezkutatu.

Publikorik gabe gauza bera litzateke sorkuntza prozesua? «Ez. Emozioa eragiten digu eta txikitatik dugun fantasiari itxura ematen dio. Baina sortzeko unean ez dugu pentsatzen jendeak gustukoa izango duen ala ez», esan du Maiak. «Guk egindakoa jendeari ere gustatu egin zaiola ikustean poza biderkatu egiten da», Salegiren erantzuna.

Kantuz kantu doaz. «Inprobisatzen joan gara. Diskoa ez, EP edo bilduma bat ateratzeko asmoa dugu», diote. Ametsari aurrez aurre begiratzen diote.