Realak eta Athleticek Anoetan jokatuko dute euskal derbia apirilaren 2an, 12.00etan. Hala jakinarazi du astelehen honetan talde txuri-urdinak sare sozialen bitartez. Ligako lehenengo itzulian San Mamesen jokatu zuten elkarren aurka, pasa den azaroan, eta Natalia Arroyoren jokalariak aise nagusitu ziren 1-3, Amaiur Sarriegi (1) eta Gaby (2) izan ziren goleatzaileak.
️ Reale Arenara itzuliko da derbiaren festa! Ondo gorde data!
— Real Sociedad Femenino (@RealSociedadFEM) March 6, 2023
@AthleticClubFem
️ Apirilak 2
⏰ 12:00
️ REALE ARENA#euskalderbia | #aurrerareala pic.twitter.com/80Q4GtFSRt
Realak hirugarren aldiz jokatuko du sasoi honetan Anoetan, eta txuri-urdinak saiatuko dira aurrez bertan jokatutako bi partidetan lortu ez duten garaipena eskuratzen. Izan ere, Txapeldunen Ligako kanporaketa Bayern Munichen aurka 0-1 galdu zuten, eta Levanteren aurka ere ez zuten irabazterik lortu, 3-4.
Pasa den denboraldian ere Anoetan jokatu zuten derbia zuri-gorrien aurka, eta 1-0 gailendu ziren donostiarrak, Nerea Eizagirrek sartutako gol bati esker.
Athletic goranzko bidean, Reala kontrakotik
Iraia Iturregiren taldeak bolada txarra etetea lortu zuen pasa den asteburuan, Sporting de Huelvari 2-3 irabazita, bost partida jarraian kateatu baitituzte irabazi gabe. Donostiara joan baino lehen, ordea, hitzordu garrantzitsua dute ostegun honetan Sadarren: Osasunaren aurka ariko baitira Kopako final-laurdenetan, 18.30ean.
Athleticek goranzko norabide hartu duen moduan, Reala kontrako bidetik doa: pasa den asteburuan Athletico de Madrilen aurka 1-2 galdu zuen Zubietan, eta hala hiru partida jarraian doa garaipena lortu ezinik. Derbiak balio beharko die motibazioa hauspotzeko, eta garaipena erdiesteko.