Naiz

Pentsiodunek mugimendu feministarekin bat egin eta M8an mobilizatzeko deia egin dute

Martxoaren 8aren atarian, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du mugimendu feministarekin eta «diskriminaziorik gabeko mundu bat ospatzeko» aldarria zabaldu du.

Pentsiodunek bat egin dute martxoaren 8ko mobilizazioekin.
Pentsiodunek bat egin dute martxoaren 8ko mobilizazioekin. (Jon URBE | FOKU)

Beste astelehen batez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak elkarretaratzeak egin ditu Euskal Herriko plazetan. Gaurkoan, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian, mugimendu feministarekin bat egin nahi izan du eta asteazkeneko manifestazioetan parte hartzeko leia egin du.

«Soldata berdintasunaren alde borrokatzen dugu. Lan bera edo lan baliokideak egiten direnean, soldatek berdinak izan behar dutela onartzeagatik. Lan feminizatuen gutxiespenarekin amaitu behar dugu. Soldata arrakalak emakume langile pobreak eta erretiroan diru-sarrera prekarioak dituzten adineko emakumeak sortzen ditu», aldarrikatu dute pentsiodunek.

Bide batez, Euskal Herrian mila eurotik beherako pentsioak dituzten emakumeak 200.000 baino gehiago direla nabarmendu dute, eta milaka eta milaka direla 700 eurora iristen ez direnak. «Ezin ditugu ahaztu pentsioa jasotzeko eskubiderik ez duten adineko emakume guztiak», gaineratu dute.

Gainera, gaur egun pentsiodunak diren emakumeen belaunaldiek denboraren zati handi bat bizitza mantentzen ematen dutela gogoratu dute, «gure familia ingurunean seme-alabak, bilobak edo beste senide batzuk zaintzen. Lan isil eta ikusezina, halakotzat ere hartzen ez dena».

«Baina, gainera, gure zaintza beharrak aldatzen ari diren eta gero eta arreta handiagoa behar dugun adin batean gaude. Eta zaindu dugun modu berean, zainduak izan nahi dugu, eta nola izan behar duen erabaki nahi dugu. Bizi-itxaropena luzatu egin da, eta hori gizateriaren lorpena da, baina ez diezaiegun etengabe aurpegiratu, ezta erruduntzat jo ere urtean 400.000 euro kobratzen dutenak», gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, «eta benetako berdintasunaren aldeko borrokaren esparruan», emakume pentsiodunek martxoaren 8ko manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.

«Martxoaren 8an, gizonen eta emakumeen zaintza partekatuko sistema bat aldarrikatzen dugu, hala behar denean eta nahi denean. Eta pertsona guztientzako zaintza sistema publiko unibertsal eta kalitatezkoa. Baina, era berean, zainketa lana lan gisa aitortu behar da, horrek dakartzan eskubide guztiekin. Pertsona guztiek duintasunez zainduak izateko eskubidea izango duten sistema bat, non emakumeek eta gizonek zaintzeko aukera izango duten. Zaintzak ezin dira ikusezin bihurtzen edo gutxiesten jarraitu, eta erakundeek kontuan hartu eta duintasunez artatu behar dituzte, pertsonak zaindu gabe ez baitago bizitzarik», azpimarratu dute.