Estitxu Zabala Odriozola

Hogei urte gizonen sentsibilizazioa eta emakumeen ahalduntzea lantzen

2022ko Emakunde Saria jasoko du On:Giz Elkarteak; saritzeko arrazoien artean nabarmendu dituzte gizonekin egindako sentsibilizazio lana eta emakumeen ahalduntzea; eta ez da gutxiagorako, 20 urte baitaramatzate berdintasunaren aldeko lanketan.

Xabier Odriozola eta Ester Molinero pozik daude jasotako sariarekin, «ondo ari garela» adierazten baitu.
Xabier Odriozola eta Ester Molinero pozik daude jasotako sariarekin, «ondo ari garela» adierazten baitu. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako On:Giz elkartekoek duela hilabete pare bat jakin zuten 2022ko Emakunde Saria irabazi zutela. Ester Molinerok jaso zuen albistearen deia, eta ezin sinetsita geratu zen, bi urte lehenago aurkeztu baitzuten hautagaitza: «Ez genuen espero, baina bai. Oso lan sakona eta gure ustez ona egiten dugu. Beraz, guretzat aitorpen bat da, ondo ari garela adierazten baitu». Elkarteko Xabier Odriozola ere pozik dago: «Feminista den erakunde politiko batek erabaki badu gu saritzea nolabait da gizartean isla duelako, bestela ez lukete ez denborarik ez dirurik galduko. Gure lana zerbait bada, lan politikoa da, eta niretzat hori izan da saria. Itxaropen txerto bat izan da».

Gizonekin egindako sentsibilizazio lana eta emakumeekin landutako ahalduntzea nabarmendu ditu Emakundek. Urtarrilean zabaldu zen albistea, baina datorren maiatzean izango da sari emate ekitaldia, eta orduan berria jende gehiagorengana iritsiko dela iruditzen zaie. Hala ere, dagoeneko jaso dituzte zorion mezu ugari, eta nabaritu dute mugimendu eta interes handiagoa elkartearen bueltan.  

Gizonekin hasitako bidea

«Berdintasunaren aldeko elkartea» da On:Giz, eta bi hamarkada daramatza helburu horrekin lanean: «Berdintasunerantz oharmenetik», elkartearen leloak dioen moduan. Gasteizen du egoitza elkarteak, eta Odriozola donostiarra den arren, Erriberagoitian bizi da; hala bada, elkartearen sorrerak eraman zuen lurraldez aldatzera, duela 20 urte inguru.

Gogoratu du hiru erakundek bultzatu zutela elkartearen hasiera hura: EHUko Donostiako Psikologia Fakultateak, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak. «Hiruren artean txirikordatu zuten eskaera: nola eraman gizonezkoak berdintasun politiketan inplikatzera eta euren sexismoaz gogoeta egin eta gainditzera». Proiektua abian jartzearen enkargua Odriozolari berari egin zioten, beste lagun batekin batera, 2004ko ekainean; eta, proiektua bideragarria zela ikusita, baiezkoa eman zuten.

Odriozolak jada bazuen nahikoa esperientzia, 1980ko hamarkadan hasi baitzen gizonezkoentzat espazio bereziak sortzen, eta hitzaldiak eta formakuntzak eskaintzen: «Euskal Herriko kolektibo askeetan ibiltzen ginen, gaztetxe giroetan sortutakoak gehienak. Gizonezkoei beste aukera bat emateko, geure burua uler genezan». Odriozolaren hitzetan, emakumeen aldetik zegoen eskaera handi horri erantzuna eman beharra sentitzen zuten: «Haien taldeetan gizonekin lan egitea ezinezkoa zela esaten zuten, eta arrazoia zuten».

«Euskal Herriko kolektibo askeetan ibiltzen ginen, gaztetxe giroetan sortutakoak gehienak. Gizonezkoei beste aukera bat emateko, geure burua uler genezan».

Horrela, On:Giz sortzen hasi zirenerako, Odriozolak liburu bat diseinatuta zeukan, gizonezkoen sexismoaren eta maskulinitatearen ingurukoa. «Liburu hura izan zen On:Giz elkartearen oinarria; handik abiatuta diseinatu genituen edukia, metodologia eta helburuak», gogoratu du. Lehenengo urteak gizonen taldeekin lanean eman zituzten, eta esperientzia oso ona izan zen arren, emakumeen eskariak jasotzen hasi ziren, eta 2009an On:Gizek atea zabaldu zien haiei ere.

Orduan sartu zen elkartean Molinero, haren bikotekidea dinamiketako partaidea izan baitzen: «Emakumeek baloratu genuen hoberako aldaketak egon zirela gizon haiengan, bai familietan, bai aitatasunean, bai jokabideetan; eta guretzat ere halako lanketa bat eskatu genuen sexismoaren aurrean; ahalduntzeko, batez ere, askotan oso ezkutatua eta naturalizatua dagoelako sexismo hori».   

Belaunaldiz belaunaldi

Argi dute euren lanak gizartearen aldaketan eragina izan duela, baina neurketa bat egitea oso zaila da. «Gasteizen dugu elkartea, eta ehunka pertsona pasatu dira gure informazio iturrietatik, eta Euskal Herri mailan, milatik gora. Hasierako liburu haren 5.000 ale saldu genituen, eta Estatu espainiarrean eta nazioartean ere milaka lagunek gure proiektuaren berri izan dute. Argi dago belaunaldiz belaunaldi genero zapalketaren aurrean ematen den erantzuna desberdina dela», dio Odriozolak.    

Molineroren esanetan, egungo belaunaldiak kontzienteagoak dira, baina oraindik badago zertan lan egin: «Zenbait mugimendu feministek lan itzela egin dugu, eta arlo politikoan eta ekonomikoan asko egin dugu, baina asko dago egiteko. Aldaketa batzuk nabaritzen ditugu, baina sexismoa ahultzeko eta patriarkatua bukatzeko behar da aldaketa oso sakona, bai pertsonengan, bai egituretan».

Odriozolak adierazi du inork ez duela nahita aukeratzen sexista izatea: «Galdetzen badugu zer egiten ari ote garen gaizki, leporatzen diogu geure buruari eman diguten heziketa okerraren errua. Ez da asmo txarrik egon, oharmen falta baizik, eta hor lan egiten dugu elkartean; patriarkatuaz ohartzen ez bagara, ez gara berdintasunerantz joango».    

Material ugari hobetzeko
14.400 euro jasoko ditu On;Gizek eta oraindik ez dute erabaki zehazki zer egin. «Baditugu beharrak: berogailuak, ordenagailu berria, lokalean hainbat konponketa...». Gainera, saria jaso ostean, elkarrekin ospakizuna egiteko asmoa dute, noski.   
«Gure lehen ametsa da lanean eta gu garena izaten jarraitzea», dio Molinerok; eta Odriozolak harro gehitu du: «Saritu gaituzte gu, nor garen eta nola lan egiten dugun. Inurri lanean segituko dugu».

 

Helduen hogei talde, eta beste bi gazteenak

Helduen hogei talde ditu gaur egun On:Gizek; horietako hamar emakumeenak eta besteak gizonenak; eta gazteekin ere badute beste talde pare bat. Bi astean behin elkartzen dira, eta era askotako dinamikak egiten dituzte: bideoforumak, solasaldiak, antzezlanak, role playing-ak...  «Taldean sortzen diren sintoniak eta indarrek aldaketa bideragarria egiten dute», dio Ester Molinerok. Aipatutakoez gain, gaztetxoekin (9-14 urte) lan egiteko bi atal dituzte: Haziz mutilentzat eta Loratuz neskentzat.

Nagusiki Gasteizko egoitzan aritzen dira, baina elkarlanean dihartute zenbait erakunde, ikastetxe, Gobernuz Kanpoko Erakunde, zein beste elkarte batzuekin, Molinerok azaldu moduan: «Arlo teorikoa kontuan hartzen dugu, eta bizipenetan oinarrituta ere lan egiten dugu. Aldaketa sakon baterako, maila guztiak behar dira, eta genero taldeetan antolatzen gara horretarako».

Emakumeek sexismorik gabeko gune baten bila jotzen dutela dio, «ahizpatasuna» zabalduz. Gizonei dagokienez, Xabier Odriozolak argi du: «Ez gara propaganda egitearen zale. Ekarri nahi ditugu euren burua aldatzeko prest daudenak, ez emakumeei egurra emateko prest daudenak; beraz, ahoz ahokoarekin funtzionatzen dugu».

Hogei dinamizatzaile inguru dituzte boluntario lanetan. «Dinamizatzaileak garenok igaro gara talde horietatik, bizi izan dugu talde horrek zein eragin izan duen gugan, eta partekatu nahi dugu bizitakoa; horrek ematen digu indarra. Nahiz eta ez kobratu, horretan sinisten dugu, eta zabaltzea nahi dugu».